• BERRIKUNTZA
  • Laborategian sortutakoa, herritarren zerbitzura: berrikuntza administrazio publikoan

Laborategian sortutakoa, herritarren zerbitzura: berrikuntza administrazio publikoan

Administrazio publikoarekin elkarlanean, Bideroad eta Entzun proiektuek soluzio praktikoak garatu dituzte Donostian

Olaizola, Ibarzabal eta Yarzaren mahai ingurua | Argazkia: Donostia Sustapena
Olaizola, Ibarzabal eta Yarzaren mahai ingurua | Argazkia: Donostia Sustapena
Maite Reizabal Arregi
EnpresaBIDEAko kazetaria
2026ko urriaren 30a - 05:30

Berrikuntza hitza entzutean segituan enpresa handi, txiki, start-up, zentro teknologiko eta ikerkuntza zentroetan pentsatu ohi dugu. Ez, ordea, administrazio publikoan. 

 
Behar zaitugu!

Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.

Erakunde publikoak egitura zurrun eta prozesu mantsoekin lotzen ditugu, eraldaketarako gaitasun murritzagoa duten eragileekin, alegia. Horrek ez du esan nahi administrazio publikoek ez dutenik berrikuntza sustatzeko prestutasunik, baina egia berdaderoa besterik ez da enpresek garatutako teknologiak erakunde publikoetara eramatean zailtasunak izaten direla. 

Arazo horri erantzuna emateko xedea duen irabazi-asmorik gabeko erakundea da Novagob, zeinak izen bera duen kongresua antolatzen duen urtero, administrazio publikoen berrikuntzari buruz hausnartzeko. 2014an sortu zen ekimena, Madrilgo Unibertsitate Publikoaren spin-off gisa, eta Tenerifen egin zen kongresuaren lehen edizioa. Aurtengoa XIII. edizioa da, eta lehen aldiz EAEn hartu du lekua, Donostiako Kursaalen, hain zuzen ere. Atzo hasi eta gaur amaituko den kongresuak ehunka parte-hartzaile, solasaldi, mahai-inguru eta aurkezpen bildu(ko) ditu Gipuzkoako hiriburuan. “Gaur egun komunitate bat da Novagob, administrazio publikoa eraldatu eta hobetu nahi dutenen komunitate bat” esanez eman zion atzo hasiera kongresuari Fran Rojas fundazioko presidente eta fundatzaileak. Novagob bera aurkeztu baino lehen, Ane Oyarbide Berdintasuneko, Ekonomia eta Tokiko Enpleguko zinegotziak gidatu du irekiera instituzionala, zeinak argi adierazi duen administrazio publikoak ezin direla besterik gabe geldirik egon: "Aldaketa teknologiko, ekonomiko, sozial eta politikoak bizitzen ari gara; horrek ezinbesteko bihurtzen du erakundeek ikuspegi estrategikoa izatea eta onartzea ezin garela betiko jarduteko modu berean trabatuta geratu".

 

Donostia berritzailea

Kongresua Donostian antolatu izana ez da kasualitatea. Europan berrikuntza ratiorik altuenetarikoa duen hiria da, eta gaur egun 7.000 ikertzaile baino gehiago ari dira lanean hiriburuan. Hori gutxi ez eta Europako iCapital sarietan bigarren postua lortu zuen Donostiak pasa den urtean 250.000 biztanletik beherako hirien kategorian. 

Donostia Sustapeneko zuzendari kudeatzaile Iñigo Olaizola izan zen kongresuko lehen hizlarietako bat, eta hark Donostiaren ibilbide historikoari egin zion erreferentzia: “1813tik berrikuntza bultzatu duen hiria da. Suntsitua izan zenetik berreraikitzeko gaitasuna izan zuen, gerora gastronomia-marka indartsua sortu zuen, eta industriari lotutako zerbitzu aurreratuak bultzatu zituen”, gogorarazi zuen Olaizolak. Aldaketarik nabarmenena 1999 urtearen bueltan hasi zela ere zehaztu zuen, “zerbitzu tradizionalen hiritik ezagutzaren zerbitzuetara jauzi egin zuen garaian”. 

Kongresua Donostian antolatu izana ez da kasualitatea. Europan berrikuntza ratiorik altuenetarikoa duen hiria da, eta gaur egun 7.000 ikertzaile baino gehiago ari dira lanean hiriburuan

Donostiaren zein Gipuzkoaren lankidetza publiko-pribaturako gaitasuna ere izan zuen hizpide. Herri gisa tamaina txikia izanik, ezinbestekoa deritzo Olaizolak enpresen eta erakunde publikoen artean indarrak batzeari, bai nazioarteko lehia gogorrari, bai disrupzio teknologiko bizkorrari aurre egiteko. Horrexegatik aitortu zuen Novagoben gisako kongresuak aukera “paregabea” direla berrikuntza jarduerak beste eragileekin partekatzeko eta, hartara, soluzio berriak sortu zein aurkitzeko. Enpresa zein start-upentzat ere kongresua oso baliagarria zela adierazi zuen, aukera dutelako beren produktuak eta zerbitzuak garatzeko paradak identifikatzeko.

Lankidetza publiko-pribaturako gakoak

Administrazio publikoaren berrikuntzaz hausnartzean ezin dira alde batera utzi eragile pribatu eta zentro teknologikoak, alderdi guztien arteko elkarlana ezinbestekoa baita erakunde publikoen berrikuntzarako. Hiru alderdi horiek batu ziren Novagoben eginiko mahai-inguru batean, zeinetan Olaizolak Iraia Ibarzabalekin (Multiverse Computing) eta Iñaki Yarzarekin (CEIT) hitz egin ahal izan zuen. 

Mahai-inguruko parte hartzaileek bi kontu azpimarratu zituzten: batetik, beharrezkoa dela enpresa pribatuek edota ikerketa zentroek garatutako teknologiak ez geratzea, hain zuzen, teknologia hutsean; soluzio horiek herritarren beharrak asetzeko erabili behar direla, alegia. Bigarrenik, eragileen arteko konfiantzaren garrantzia: “Enpresen eta administrazio publikoaren arteko kolaborazioak arrakastatsuak izateko pertsonen arteko konfiantza estua izan behar da, baita espazioak ere, elkarrekin segurtasunez hitz egin ahal izateko”, iradoki zuen Yarzak.

Ibarzabal (Multiverse Computing): “Guk garatutako soluzioak administrazio publikoan erabil daitezen nahi dugu. Horretarako, administrazioak ausarta izan eta proiektuetan inbertitu behar du"

Horrez gain, administrazio publiko “ausartak” behar direla nabarmendu zuten Multiverse Computingeko zein CEITeko kideek. “Guk garatutako soluzioak administrazio publikoan erabil daitezen nahi dugu. Horretarako, administrazioak ausarta izan eta proiektuetan inbertitu behar du, nahiz eta hasiera batean agian ez jakin zehatz-mehatz proiektuak zertan datzan”, esan zuen Ibarzabalek. “Gainera, erakunde publiko batek soluzio teknologiko berritzaile bat probatu eta ondo funtzionatzen badu, palanka gisa funtziona dezake beste erakunde publiko batzuek ere proba egin dezaten”, gaineratu zuen.

Bideroad eta Entzun: kasu arrakastatsuak

Lankidetza publiko-pribatua arrakastaz garatu duten proiektuak ezagutzeko parada ere izan zen atzo Kursaalen. Beste hainbeste adibideren artean, bi proiektu pilotu aurkeztu ziren, zeintzuek Donostia Sustapenaren Ideien lehiaketari esker euren soluzioak Donostiako Udaletxean inplementatu ahal izan dituzten.

Lehenengoak Bideroad du izena. Soluzio teknologiko honek errepideen mantentze-lanen kudeaketa hobetzea du xede, eta horretarako, edozein ibilgailutan jar daitekeen sistema adimendun batek errepidearen datu errealak biltzen ditu: zuloak, seinaleztapenak, errepide alboetako elementu oro… Egoera desberdinak aztertzen ditu eta, hala, aukera ematen du errepideen mantentze-lanak optimizatzeko eta bideen segurtasuna bermatzeko.

Bideroad eta Entzun proiektuen aurkezpena | Argazkia: EnpresaBIDEA
Bideroad eta Entzun proiektuen aurkezpena | Argazkia: EnpresaBIDEA

Bideroad Donostian sortu zen, eta Donostian bertan probatu da proiektu pilotua, Donostiako Udalarekin lankidetzan. “Testuinguru errealean lan eginez zalantza asko argitzeko aukera izan dugu. Hobekuntza interesgarri asko garatuko ditugu”, adierazi zuen Roberto Viudez Bideroadeko zuzendari nagusiak. Viudezek oso positiboki baloratu zuen administrazioarekin egindako elkarlana, nahiz eta pilotua egitean gustuko ez zituzten gauzak ere topatu zituzten. “Erreminta oso espezifikoa da Bideroad, eta testuinguruaren arabera aldatu egiten da. Horregatik, Donostiako Udalaren gisako bezero konkretuekin proba pilotuak egiteak aukera ematen dio enpresari bezeroak dituen arazo espezifikoak ulertzeko eta hobekuntzak identifikatzeko”, gaineratu zuen.

Zailtasunak zailtasun, administrazio publikoaren eta tokiko ekosistema teknologikoaren arteko elkarlan arrakastatsu bi dira Bideroad eta Entzun

Aurkeztu zuten bigarren proiektua Entzun izan zen. Kasu horretan, ekimenak Donostiako udaltzainen eguneroko lanarekin du zerikusia, euskarazko eta gaztelaniazko ahots-idazketa bermatzen duen soluzio teknologiko bat garatu baitute. Izan ere, udaltzainek mugikor konkretu batzuk erabiltzen dituzte egunero, baina arazo bat identifikatu zuten: teklatua. Kalean, eguraldi txarra egitean edo bestelako testuinguru konplexu batzuetan, udaltzainek zailtasunak izaten zituzten —dituzte— teklatua erabiltzeko. Hori konpontzeko, identifikatu zen komeni zela ahots bidezko transkripziorako teklatua garatzea. “Negoziatu ezin zitezkeen hiru eskaera genituen: pribatutasuna, elebitasuna eta unibertsaltasuna bermatzen zituen teklatua izan behar genuen”, zehaztu zuen Aritz Irigoien Donostiako udaltzain eta koordinatzaile informatikoak. Hau da, Interneterako konexiorik behar ez duen, euskara zein gaztelania ulertzeko kapaza den eta mugikor barruko edozein aplikaziotarako erabilgarria den soluzio teknologikoa.

Eskatu eta egin. Entzun proiektuaren bitartez, hiru ezaugarri horiek betetzen dituen teklatua sortu eta udaltzainen hamar mugikorretan txertatu dute. “25 udaltzain ari dira mugikorrak erabiltzen, izan esku-hartzeak dokumentatzeko, intzidentzien aktak jasotzeko, salaketei buruzko datuak biltzeko…”, iragarri zuen Irigoienek. Hala, sistemak konexiorik gabe eta modu seguruan funtzionatzen du, datuen pribatutasuna babestuz eta agenteen arteko komunikazioa zein txostenen idazketa prozesuak arinduz. Soluzio teknologikoa garatzea ez da, ordea, erraza izan: “Laborategian denak funtzionatzen du, baina errealitatea bestelakoa da. Guretzako zaila zen ulertzea udaltzainek beraien artean hitz egiteko duten modua, eta elebitasunaren kontua ere konplexua zen”, aitortu du Xabier Garcia de Kortazar Entzun proiektuko teknologia zuzendariak.

Zailtasunak zailtasun, administrazio publikoaren eta tokiko ekosistema teknologikoaren arteko elkarlan arrakastatsu bi dira Bideroad eta Entzun. Proiektu pilotuek ikerketaren eta merkatuaren arteko distantzia murriztea lortu dute, erabilera praktiko eta erreala eman baitiete soluzio teknologikoei. Finean, gai izan dira berrikuntza laborategietatik atera eta herritarren zerbitzuengana gerturatzeko.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain