Donostia Sustapeneko jarduera "bizia" izaten ari da bertako zuzendari kudeatzaile den Iñigo Olaizolaren hitzetan. Ez da gutxiagorako. Besteak beste, Enplegu Plana eta Berrikuntza Plana aurkeztu dituzte azken hilabete eta erdian, bi esparru horietan egiten jarraitu nahi duten lanaren "bide-orri" modukoak. Baina euren jarduerak beste gauza asko barnebiltzen ditu, eta horietaz aritu da Olaizola EnpresaBIDEArekin.
Zein une bizi du Donostia Sustapenak?
Heldutasun momentu bat dela esango nuke. Urte askotan zuzendaritzak, langileek, kolaboratzaileek, enpresek, ikerketa zentroek, formakuntza zentroek eta abarrek egindako lanaren fruitua jasotzeko unea da. Gainera, sozietatearen heldutasun une hori bat dator hiriak bizi duenarekin. Asko inbertitu dugu —denbora zein baliabideak— hiriagatik gauza garrantzitsuak egitera iristeko. Eragin handiagoa izan dezaketen erronkak eta proiektuak gure gain hartzeko momentua da, oso une polita eta ilusioz beterikoa. Eta berriz ere diot, hiriaren egoerarekin erabat lerrokatua.
Eta zehazki, nola izaten ari da 2026 sozietatearentzat?
Proiektu askok argia ikusiko dute, esaterako, Bretxako emakida berreskuratu dugu. Urte bizia da, halaber, ikerketa-zentroekin egin den lan guztia lotze aldera, eta modu horretan, zientzia-hiri izatearen aldeko apustu horretan aurrera egiten.
Era berean, lehen seihilekoan ahalegin handia egiten ari gara nazioartean. Uste dut ari garela konplizitate asko sortzen eta Europako sareetan oso presente egoten. Europako Hiri Berritzaileen sarietan bigarren izatea lortu dugu gure kategorian, eta hori oso garrantzitsua da.
Beraz, urte oso bizia dela uste dut, baita oso polita ere, ahalbidetu digulako konexioak egitea eta proiektuak hazteko lur emankorra dagoela ikustea. Urteko bigarren partea ere halaxe dator.
Testuinguru horretan, zein rol jokatzen dute Enplegu Planak, Berrikuntza Planak eta Merkataritza Planak, alegia, Sustapenak Udalarekin eta beste eragileekin aurten aurkeztu(ko) dituen hiru planek?
Planak oro har ibilbide-orriak dira, bidea erraztu eta helburu operatiboak finkatzea ahalbidetzen diguten oinarrizko dokumentuak. Epe ertainera begiratzeko aukera ematen digute, epe luzeari buruz hitz egitea dagoeneko oso konplikatua baita. Garrantzitsua da argi izatea nora goazen.
Bere horretan hartzen baditugu, balio murritzagoa dutela dirudi, baina egia da, zehazki, enplegu eta berrikuntza planek Sustapenaren jardueraren ia ehuneko ehuna egituratzen dutela. Batetik, Berrikuntza Planak esparru horri arreta handia jartzen dio, baita gauzak beste modu batean egiteari ere, hori baita, nolabait, driverra, hiriaren garapen-palanka, abangoardian egoteko modua. Bestetik, Enplegu Planak, ikuspegi soziala ematen dio, zailtasun gehien dituzten kolektiboei erantzuna ematean jartzen duelako fokua. Gizarte kohesioa lantzea oso garrantzitsua baita.
"Sozietatearen heldutasun unea bat dator hiriak bizi duenarekin. [...] Eragin handiagoa izan dezaketen erronkak eta proiektuak gure gain hartzeko momentua da"
Aipatu duzu Enplegu Planean arreta jartzen zaiola beharra duten herritarrei ere, baina, ulertu dudanez, bi motorrak hartzen ditu bere baitan, alegia, ez soilik beharra duten herritarrena, baizik eta zientzia eta berrikuntza sektoreko enplegua ere. Hala da?
Egia da Enplegu Planak diagnostiko oso indartsua eta nahiko osoa egiten duela, erradiografia bat, langabetuen kolektiboari buruz, eta egungo palanka eta erronkei buruz. Eta bertan, noski, bi arima sektorial identifikatzen dira, Donostiako ehun ekonomikoarenak: hiri ekonomia dena, sektore tradizionalekin (merkataritza, ostalaritza, turismoa eta abar); eta berrikuntzarena, I+Gko ehun horrekin guztiarekin, ikerketa-zentroekin, enpresa aurreratuekin eta abarrekin.
Plan honek Eusko Jaurlaritzak ezarritako konpromisoari erantzuten dio. Hala, 10.000 biztanletik gorako toki-erakundeek Ekonomiaren Garapen eta Enplegu Plana zehaztu eta ezarri behar dute. Hori horrela, hamaika proiektu pilotuetako bat gidatu dugu, hiriaren erronka estrategikoekin bat eginez.
Hala ere, plangintza banatzeko modu bat dira planak, besterik gabe, finantzaketa desberdinak eta kudeaketa desberdinak dituzten edukiontziak sortzeko. Edonola ere, estrategia beraren parte dira, gure egunerokoaren parte direlako, eta konektatuta daude eta egongo dira.
Premia handiena duten kolektiboen edota hiri-ekonomiako enpleguarekin zerikusia duen guztian, zeintzuk dira nabarmenduko zenituzkeen ardatzak?
Nire ustez, badago oso garrantzitsua den elementu bat: prestakuntza. Batzuetan, jendeak uste du merkataritzak, ostalaritzak, hotel batean lan egiteak eta abarrek ez dutela formakuntzarik eskatzen. Ez da hala; prestakuntza behar da gailu edo software-programa jakin batzuekin lan egin behar duzulako, baita kolektibo ezberdinekin aritu ere, eta arreta protokolo batzuk ulertu. Gaur egun, denak eskatzen du prestakuntza, eta gainera, garrantzitsua da errealitateari oso lotutakoa izatea. Horregatik saiatu behar gara gauzak errazten formakuntzarik gabe datozen edo hura baliozkotu ezin izan duten kolektiboei. Hori jasotzen du planak.
Beste lerro garrantzitsu bat ekintzailetza da, autoenplegua. Hor bidelagun izaten saiatzen gara. Oro har, hitz horrek oso ondo jasotzen du Donostia Sustapenaren filosofia, bizi- eta lan-proiektuaren une bakoitzean ondoen egokitzen diren tresnak ematen saiatzen garelako. Ekintzaileen kasuan, hor izaten gara enpresa sortzeko momentuan, business plan edo negozio plan on bat egiteko orduan, eta, batzuetan, salmentarako espazioa erraztuz ere bai.
Zein rol du hor eragileen arteko elkarlanak?
Niretzat funtsezko hanka da, baita oro har Donostia Sustapena sozietatean ere, gobernantza hori, lankidetza. Gure kabuz ezin dugu ezer egin, ez erakunde gisa, ez pertsona gisa, ezta enpresa gisa ere. Beraz, bilatzen duguna da pertsona edo enpresa horien bidelagun izan eta beste agente batzuekin konektatzea, funtziona dezaten.
Gobernantza hori, beste erakunde publiko batzuekin eta eremu pribatuko erakundeekin, kudeatu egin behar da. Udalaren barruan hobeto konektatzeko gaitasuna izan behar dugu beste sail batzuekin, besteak beste gizarte-zerbitzuen, etxebizitzarekin, lizentzien arloekin, eta jarduera ekonomikoan eragin nabarmena duten beste sail guztiekin ere. Ekonomia oso zeharkako zerbait baita.

Enplegu Planaren beraren lanketa elkarlanean egin duzue askotariko eragileekin.
Bai, hala da. Enplegu-politiken alorreko funtsezko eragileei inkestak egin dizkiegu, baita erabiltzaileei eta langabeei ere. Horrekin definitu dugu nolabait zein langabezia-profil ditugun. 6.400 pertsona langabe inguru direla ikusi dugu kolektibo zaurgarrienari dagokionez, eta baliabide nahiz politika asko bilatzea eskatzen du.
Eremu publikoko beste erakunde batzuekin ere hitz egin dugu, Eusko Jaurlaritzarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, besteak beste.
Planean Enplegu Hubaren irekiera jasotzen da. Hura kokaleku izango duen espazioaren birgaitzeak 3 milioi euroko aurrekontu operatiboa izango du aurten eta horren %55 bere gain hartzen du Donostia Sustapenak. Zein helburu du zehazki?
Hub horrek bilatzen duena da erreferentziazko gune bat sortzea enplegurako eta formaziorako, hiri erdialdean, langabe zein langileak aholkularitza, formazioa eta orientazioa jasotzera hurbil daitezen, eta elkarlanean ari garen eragileek ere (lanbide heziketako zentroak, hirugarren sektorea, beste erakunde publiko batzuk, enpresak eta abar) erreferentzia-puntu gisa izan dezaten, bertan jarduerak, ekitaldiak, aholkularitza eta abar egin ahal izateko.
Beste modu batera esanda, ekintzailetzarako Ekinn izan daitekeen horren pareko izan nahi du. Izan ere, garrantzitsua da, dugun ekonomia likido honetan, halako erreferentziazko guneak izatea.
"Gobernantza hori, beste erakunde publiko batzuekin eta eremu pribatuko erakundeekin, kudeatu egin behar da. Udaleko beste sailekin hobeto konektatzeko gaitasuna izan behar dugu"
Non izango du kokalekua?
Camino kalean dugun gunean, Maria Cristina eraikinean. Bertan gure jabetzakoak diren espazio batzuk ditugu, eta gune horrek beti izan du zerikusia enplegu-programekin. Plan Estrategikoaren ofizinaren itxierak ahalbidetu digu espazio hori berreskuratzea.
Noiz izango da martxan?
Esango nuke lanak urte amaieran hasiko ditugula, datorren urteko udarako prest izateko. Baina berriro diot: ez dugu gunea izatera itxarongo programak egiteko. Dagoeneko horiekin ari gara. Baina 2027an, gainera, espazio hori izango dugu. Eta espazioak loturak izango ditu beste proiektu batzuekin, hala nola Bretxa gunearekin, non formazioa eta enplegua, ekintzailetza alorreko berrikuntza eta abar ere landuko baititugu. UBA aterpe-eskola ere hor dago, baita Eusko Jaurlaritzak hemen, hirian, garatu nahi duen lanbide eskola berria, guk okupatuta daukagun eraikin batean jarriko lukeena, aurrera egitea erabakiko balu.
Ekintzailetza edo autoenplegua ere jaso duzue Enplegu Planean. Kasu honetan ekintzailetzaz ari garenean, hiri-ekonomiarekin lotutako ekintzailetza garatzeaz ari gara?
Hala da. Ardatza hiri-ekonomia da, zehazki, proiektu horiek sortzen laguntzea. Merkataritzari, ostalaritzari eta gastronomiari lotuago dauden proiektu ekintzaileak sarri babesleku baitira prestakuntza gutxiago dutenentzat.

Hasieran aipatu duzu epe luzera planak egitea nahiko konplexua dela gaur egun, ekonomian bizi dezakegun ziurgabetasunagatik. Mekanismorik garatu duzue Enplegu Plan hori, bide-orri hori, egokitzen joateko?
Planak esparru nagusiak (prestakuntza, proiektu traktoreak, gobernantza...) markatzen ditu. Baina horrekin batera, informazio estatistikoaren bidez, lan-merkatuaren bilakaera, enpresen altak eta bajak, eta afiliatzeak monitorizatzen ditugu. Hainbat tresna ditugu horretarako, eta aldiro-aldiro prospektiba-ariketak ere egin ohi ditugu.
Hala, urtero berrikusten ditugu, ahalik eta ondoen egokitzen diren helburu eta ekintzak zehaztu ahal izateko. Adibidez, lan-ildo jakin batzuk indartzeko eskuragarri dauden deialdi edo baliabide batzuen koiuntura aprobetxatzen dugu. Errealitate geopolitikoak eskatzen digun horretara ezin gara egokitu, baina mikroekonomiari dagokionez, urtero moldatzen saiatzen gara.
Hitz egin dezagun Berrikuntza Planaz. Berrikuntzaz ari garenean, I+Gari buruz ari gara?
Berrikuntza gauza asko deskribatzeko balio duen hitz handi bat bezala ulertu behar dugu. Niri gustatzen zait pentsatzea berrikuntza gauza berriak sortzea dela, edo gauzak modu desberdinean egitea, inpaktua sortzeko. Kasu honetan, enpleguari, enpresen sorkuntzari, herritarrentzat ongizate handiagoa sortzea ahalbidetzen duen garapen teknologikoari... lotutako eragina. Beraz, berrikuntzara nahiko modu zabalean hurbiltzen gara. Ez dugu zentro teknologikoekin bakarrik lan egiten, edota deep techean ari diren enpresekin. Nahiko bideratuta gaude gizarte berrikuntzara, hau da, nola sortzen den gizarte eragina berrikuntzaren bidez.
"Errealitate geopolitikoak eskatzen digun horretara ezin gara egokitu, baina mikroekonomiari dagokionez, urtero moldatzen saiatzen gara"
Planak sei ardatz ditu, eta lehenengoa udal berrikuntza publikoa sustatzea da. Zer neurritan asmatzen ari da Donostia udal berrikuntza publikoa sustatzen?
Ezer baino lehen: ez dugu lehena jarri garrantzitsuena delako, baina bada arrazoi bat horretarako: egiten duguna baino askoz gehiago egin dezakegula uste dugu. Hiriak pieza guztiak ditu: oinarrizko ikerketatik aplikaturaino doazen ikerketa-zentroak, korporazio batzuk, industria-alorreko enpresa garrantzitsuak —metropoliaz harago, probintzian ere— , start-upak, lanbide heziketako zentroak, lau unibertsitate... Eta hala ere, ez dugu errazten udalak aprobetxatzea ezagutza, teknologia eta enpresa-soluzio mota horiek.
Hau ez da hemen bakarrik gertatzen, Donostian; toki guztietan gertatzen da. Zaila da administrazioek ditugun kontratazio-prozesuengatik, baina uste dut aukera bikaina dela, kasu honetan, udalarentzat eta Donostia Sustapenarentzat. Gainera, Europako Batzordea asko bultzatzen ari da erosketa publiko berritzailea.
Nola edo hala, lortu behar dugu lurraldean dugun berrikuntza horretaz guztiaz baliatzea zerbitzu publikoak hobetzeko, eta herritarrei ematen diegun erantzuna kalitate handiagokoa eta azkarragoa izan dadin errazteko. Horretarako tresna guztiak aprobetxatu behar ditugu.
Ildo horretan, zer rol izango du urriaren amaieran Donostiak hartuko duen berrikuntza publikoari buruzko Novagob kongresuak?
Aspalditik genuen gogoa kongresu hau hirira ekartzeko, berrikuntza publikoaren gaia agendan jarri nahi genuelako. Halako ekitaldiek edo azpiegiturek horretan laguntzen dute.
Kongresuak aukera ematen digu gaia gure tokiko agendan jartzeko, udaleko beste sail batzuekin konektatzeko, eta esparru publikorako irtenbide posibleez hitz egiteko bizpahiru egun izateko.

Bigarren nodoa ekintzailetza berritzailea da. Horri lotuta, 2027-2030eko ekintzailetza plana ere aurreikusita dago. Nola lotuko da berrikuntza planarekin?
Guretzat ekintzailetza funtsezko kontua da. Gainera, zuzenean lotzen da Donostia Sustapena beraren ernamuinarekin. Ekimen pribatutik sortutako sozietatea da gurea, baina hiri-ikuspegi oso argiarekin. Eta uste dut, nola edo hala, espiritu eta mentalitate horri eutsi egin zaiola. Beraz, guretzat oso garrantzitsua da Donostiako proiektuei eta pertsona ekintzaileei laguntzea, eta horrek tresna asko garatzea eskatzen du, produktu eta zerbitzuen zorro zabala.
Hori esanda, eta ekintzailetza plana idatzita dugula adierazita, barneko ibilbide-orritzat joko nuke gehiago, Berrikuntza Planarekin erabat konektatzen duena, baina xehetasun handiagoetara joanda. Lehentasunak dira: kultura ekintzailea, proiektuen azelerazioa, eta gobernantza edo elkarlana eta ekosistemaren garapena.
Zientzia Hiria eta Berrikuntza Plataforma ardatzaren barruan, transferentzia teknologikoko zerbitzu berriak abian jartzea aurreikusten da. Zerk bereizten du unibertsitateek eta zentro teknologikoek jada egiten dutenetik?
Kasu honetan, guk ez dugu hainbeste zerbitzua ematen ari, bideratzaile lana egiten baizik. Niri plataforma bat garela esatea gustatzen zait; konektatzaile-lana egiten dugu. Duela urte askotatik hona ikusi dugu ikerketa-zentroetan, batez ere merkatutik gertuen daudenetan, enpresei zerbitzuak emateko asmoa dagoela, garapen teknologikoari, testatzeari, kontzeptu-probei eta abarri dagokienez. Aldiz, enpresa-sarean zerbitzu horien existentziaren inguruko ezjakintasun handia zegoen, edota konektatu dutenean ere, matching falta. Hori dela eta, saiatu ginen transferentzia-espazio bat sortzen, bonu teknologikoen bidez, proiektu jakinak, hasiera eta bukaera batekin, egiteko.
Urte batzuetan horretan jardun gara, baina zerbitzua nola edo hala berritu behar dugula ikusi dugu. Besteak beste, zerbitzu horietara sarbidea zuten enpresa asko dagoeneko zentro edo unibertsitate horien bezeroak zirelako, konexio hori dagoeneko bazutenak. Beraz, berrikuspena beharrezkoa zen eta da.
Planak merkataritzaren eta ostalaritzaren eraldaketan ere jartzen du fokua.
Merkataritza eta ostalaritza sektoreak, gaur egun, erabat desberdinak dira: ostalaritzak gero eta pisu handiagoa du BPGan eta enpleguan, eta establezimendu gutxiago izanda ere, sendoagoak dira; merkataritzaren kasuan ere, establezimendu gutxiago daude, baina bere pisua murrizten ari da enpleguan eta BPGan.
Ostalaritzari begiratuta, gero eta talde gehiago ditugu establezimendu anitz biltzen dituztenak, ziur asko protokolo eta negozio-eredu profesionalagoak dituztenak, eta horrek, nolabait, eraginkorragoak izaten laguntzen die. Merkataritzan eredu tradizionalago bati eusten diogu oraindik, eta belaunaldi-erreleborako zailtasunekin.
"Nola edo hala, lortu behar dugu lurraldean dugun berrikuntza horretaz guztiaz baliatzea zerbitzu publikoak hobetzeko"
Bietan, aldiz, beharrezkoa da eraldaketa, batez ere digitala. Nola aurreikusten da hori guztia sustatzea?
Bi kasuetan funtsezkoa da sektoreko elkarteekin lan egitea. Merkataritzaren kasuan, beharbada, elkarte-aniztasun handiagoa dago, eta bakoitzak ordezkagarritasun txikiagoa du, baina funtsezkoa da haiekin lan egitea baliabideak bideratzeko, nolabait digitalizatu eta trebatu ahal izateko. Jada identifikatu da, saltokien digitalizazioan ez ezik, esparru horretan lan egiten duten pertsonen eta profesionalen digitalizazioan ere lan egin behar zela.
Formakuntzaren bitartez?
Bai, formakuntzaren bitartez. Beraz, hor lan-ildo bat dago, elkarteen eskutik jorratuko duguna.
Ostalaritzari dagokionez, Gipuzkoako Ostalaritza Elkartearekin urtero baliabide kopuru handia bideratzen duen hitzarmen bati eusten diogu. Horren bidez, prestakuntza-jarduerak ez ezik, praktika onenak zeintzuk diren aztertzeko jarduerak, sektorearen digitalizazio-mailaren analisia eta abar ere landu ohi ditugu.

Merkataritza aipatu dugunez, zein puntutan dago Merkataritza Plana?
Ia urte eta erdi inguru izan gara horretan lanean, eta hori egiteko prozesuan parte hartu dute merkataritza elkarteek, Merkataritza Ganberak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren bidez. Merkataritzako Aholku Kontseiluaren onespena dugu dagoeneko, eta hilabete honen amaieran Donostia Sustapena sozietatearen Administrazio Kontseilura eramango dugu onartzeko.
Berrikuntza Planera itzulita, azken lerroak gazteekin du lotura. Nola indartu nahi duzue esparru horretan orain arte sozietatetik egin duzuena?
Legegintzaldiaren hasieran, jada oso garrantzitsutzat jotzen genuen hiriko gazteengana hurbiltzea. Guztiok hitz egiten dugu gazteei buruz, eta denok esaten dugu gako direla. Kontua da: nori buruz ari gara zehazki? Izan ere, 18 urtekoak gazteak dira, 24 urtekoak ere bai, eta 32 urtekoak ere bai. Ez dakit 49 urtekoak gazteak garen [barrez].
Gazte izatea gauza asko izan daiteke, eta une bakoitzean behar batzuk dituzu, zure erabakiak baldintzatuko dituzten bizi-egoera batzuk. Beraz, ulertu behar genuen, gazteei buruz ari ginenean, nori buruz ari ginen zehazki eta zer egin genezakeen.
Eta Donostia Sustapenarentzat, zein da gazte profila?
18 eta 35 urte artekoak dira guretzat gazteak, horrek aukera ematen digulako estatistikoki kontrola eramateko. Baina egia da, adin tarte horren barruan ez duela zerikusirik unibertsitateko karrera edo lanbide heziketa ikasten ari den pertsona baten egoerak, eta dagoeneko 30 urte dituen, kanpoan egon den, zerbaitetan lan egin duen eta bat-batean bere kabuz ekitea erabaki duen pertsona batenak.
"Gazteei zuzendutako lerroaren baitan, nik uste dut legegintzaldiaren eta gure plan estrategikoaren azken zati honetan egin duguna nolabait berrikustea dagokigula, eragin handiagoko proiektuak abiarazteko"
Nola egin duzue gazteen bide hori?
Lehenengo gauza hiriko gazte taldeen beharrak identifikatzea zen, gure eskumenekin lotura dutenak, eta baita erreferenteak ere, kontrastatzeko eta ideiak elkarbanatzeko. Zientziaren, enpresen edo berrikuntzaren esparruan programa bat abiarazi behar badugu, badakigu gutxi gora behera nori galdetu diezaiokegun, baina hiriarekin inplikatu nahi zuten gazteak identifikatu behar genituen. Uste dut pare bat urtez ikerketa lan ona egin dugula, eta lantalde garrantzitsuak osatu ditugula. Esaterako, Cotec Fundazioaren kide garenez, haien eskutik eginiko azterketak ahalbidetu digu ikustea gazte talentuari nola heldu eta haren beharrak zein diren.
Nik uste dut legegintzaldiaren eta gure plan estrategikoaren azken zati honetan egin duguna nolabait berrikustea dagokigula, eragin handiagoko proiektuak abiarazteko. Kontratatzeko laguntzen, nazioartekotzeko beken, konexiorako ekitaldien eta gazteentzako etxebizitzen aldeko apustua egin dugu —azken hori Ekinnen eta Talent Housen ditugun apartamentuen bidez—. Orain ikusi behar dugu zerekin geratzen garen, edo behintzat zein ekimenetan jartzen dugun arreta indar handiagoz. Ezin ditugu hainbeste lerro zabalik izan, eta nolabait zerbait zehaztearen aldeko apustua egin behar da. Edonola ere, oso lerro konplexua iruditzen zait.
Beraz, zehazten joango den lerro bat da?
Bai, lerro ireki bat da. Gauza asko probatu ditugu, jende askorekin hitz egin dugu, ohiko tresnak izaten jarraitu dugu, bekak, laguntzak… Etxebizitza oso gai garrantzitsua da, eta niri ere gustatuko litzaidake etxebizitzak hemen pisu handiagoa izatea, zuzkidura bizitoki eredu honetan lanean jarraitu ahal izateko.

Nola sustatu dezake hori Donostia Sustapena sozietateak?
Ekinn ekintzailetza huba izateko sortu zen, ekintzak, formakuntzak, espazio irekia... eskaintzeko. Baina baita ostatu zerbitzua eskaintzeko ere, eta horretan garrantzi handiko papera du. Dena den, nik uste dut ekintzailetzaz harago ere rol garrantzitsua izan dezakeela. Adibidez, auzoaren dinamizazioari begira ere bere egitekoa izan dezake, eta horrek zentzu handia du. Gainera, eredua guztiz erreplikagarria eta eskalagarria da hiriko beste auzo batzuetara, bakoitzaren idiosinkrasiara molda daitekeena.
Azkeneko gaia, planez harago doana. Hirian gastronomiaren esparruak pisu handia du. Zein ekarpen egiten ari da Donostia Sustapena esparru horretan?
Gastronomia sektore estrategikoa da guretzat. Agian entzuten duzu kuantikak edota ezagutza-intentsiboko zerbitzuei buruzko zerbait, eta horiek zein indartsuak diren pentsa dezakezu, baina, zalantzarik gabe, gastronomia oso sektore garrantzitsua da hiriarentzat, sortzen dituen aukera guztiengatik. Beste erakunde batzuek gastronomia jorratuko dute prestakuntza edo kulturaren ikuspegitik, dimentsio horiek hartzen baititu; guk enpresa ikuspegitik jorratzen ditugu. Sektorean ekintzaileak daude, kanpotik jendea dator hirian bere enpresa ekimenak martxan jartzera, langileak behar ditu, eta enplegu aukerak dira. Gazteak ere konektatzea ahalbidetzen duen sektorea da, formakuntzaren eremutik datozenak beren bizitza profesionala hirian garatu ahal izateko. Hiria kanpora proiektatzeko aukera ere ematen digu. Eta kalitate-eredua ere bada, balioen eredua, lankidetzaren eredua, eta hiri kosmopolita batena. Horregatik guztiagatik, guretzat garrantzitsua da sektoretik gertu egotea, sortzen dituen aukerengatik.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta