2007an sortu zen Innobasque, EAEko berrikuntza agentzia, eta 2017az geroztik erakundeko zuzendari nagusia da Leire Bilbao (Bilbo, 1969). Innobasquek plan estrategiko berria abiarazi du orain gutxi, zeinetan berrikuntzaren azelerazioa eta EAEk Europan duen posizioa indartzeko premia zehazten diren, besteak beste.
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
Hilaren hasieran egindako Batzar Nagusian aipatu zenuten berrikuntza momentu erabakigarrian dagoela nazioarteko testuinguruan. Lehiakorragoa izateko presio geroz eta handiagoa dago, eta Europa lehiakortasun hori galtzen ari da bestelako potentzien aurrean (Txina, AEB…). Nola ikusten duzue egoera hori?
Denbora asko daramagu Europa eta nazioartera begiratzen, eta etorkizuna aurreikusten. Europak Letta eta Draghi txostenen bitartez esaten du oso argi berrikuntzan azeleratu behar dugula. Garrantzitsua dela, eta osterantzean ez dugula lortuko posizionamendu bat Amerika eta Txinaren konpetentziari aurre egiteko. Guretzako ere oso garrantzitsua da Europa mailatik datorren 2025-2030eko marko finantzarioa. 165 milioi euro ari dira kudeatzen, laguntza asko emango dira. Oso konpetitiboa izango da, eta horregatik aurreratu egin behar gara hori ondo lantzeko Euskadi mailan.
Azeleratu behar dela berrikuntzan diozu. Nola?
Lehenengo jakin behar dugu zer dagoen Europa eta mundu mailan, eta lagundu administrazioei programak, instrumentuak, proiektuak eta proposamenak aurrera eramaten, bai gaitzean, bai formakuntzan. Formakuntza oso garrantzitsua da. Adimen artifizialean prest egon behar gara datorrenari aurre egiteko, ze azkenean tresna oso potente bat da eta lantzeko beharra dugu. Edozein agentek ezagutza eduki behar du, gero estrategia bat lantzeko.
Europaren programa markoak berrikuntza disruptiboari buruz hitz egiten du, beraz, deep science eta deep tech arloetan prestatuta egon behar gara. Ez da izango kuantitatiboa, baizik eta kualitatiboa, ez baitira sortzen horrelako proiektuak bi minututan. Hainbat tresna landu behar dira proiektu horietan prest egoteko.
EAEren kasuan, nola gaude berrikuntza maila aldetik, Europako beste eskualde eta herrialdeekin eta Espainiako beste autonomia erkidegoekin alderatuta?
Guk txostenak egiten ditugu eta datu guztiak analizatzen ditugu. Datu horiek aztertzea oso inportantea da guretzat ekosistema moduan, Innobasque ez garelako soilik barruko pertsonak, baizik eta gure bazkide guztiak. Regional Innovation Scoreboard Europako Batzordeak lantzen duen adierazle sintetiko bat da eta hor 241 eskualdetatik 81. posizioan gaude. Goi mailako berrikuntzan gaude, batezbestekoa baino gorago. Hala ere, posizionamendua galdu dugu, 72. postuan baikeunden. Herri txikia gara, eta logika du Espainia mailan ez izatea lehenengoak.
Lan pilo bat egin behar dugu denok batera. Gure sistema enpresa txikiak dira, eta Bartzelona baten aldean, gu bertako auzo bat besterik ez ginateke. Haiek enpresa handiagoak dauzkate eta hori ere inportantea da. Azkenean, nork egiten du inbertsiorik handiena ikerketa eta garapenean? Enpresak handienek. Hori argi eta garbi eduki behar dugu. Dmentsioa eta kolaborazioa beharrezkoak dira.
Ba al dituzue identifikatuta gure antzeko ezaugarriakƒ dituzten Europako beste eskualde batzuk?
Bai. Berrikuntzaren agentzia desberdinekin lan egiten dugu eta adierazle bakoitza analizatzen dugu. Goi mailako formakuntzan lehenengoak gara eta bigarrena Lituania da. Ikusi behar da berrikuntzaren adierazle bakoitzean norekin lan egingo dugun. STEAMen arloan, zientzia, teknologia edota matematikan urte asko daramatzagu Suedia, Herbehereak edota Danimarkarekin kolaboratzen. Europako batzordeak esaten digu oso garrantzitsua dela proiektuak batera egitea. Beraz, gauza desberdinetan ari gara lanean. Frantziarekin ere lan asko egiten ari gara hainbat proiektutan, baita Portugalekin ere. Alemaniarekin harreman oso ona dugu eta guretzako erreferentzia dira.
"Ikusi behar
da berrikuntzaren adierazle bakoitzean norekin lan egingo dugun. STEAMen arloan, zientzia, teknologia edota matematikan urte asko daramatzagu Suedia, Herbehereak edota Danimarkarekin kolaboratzen"
Plan estrategiko berria abiarazi duzue orain gutxi. Zer nabarmenduko zenuke?
Berrikuntza agentzia bat etengabe egon behar da aldaketetan pentsatzen; azkenean, horretarako gaude. Erronkei aurre egin behar diegu eta ikusi nola dagoen mundua eta nola dagoen Euskadi. Gaur egungo egoeraz gain, etorkizuna ere aztertzen dugu, eta informe zehatzak lantzen ditugu gure bazkideekin batera, argi edukitzeko zer datorren, nola gauden eta nondik nora joan behar garen. Proposamenak eta pilotuak egin nahi ditugu gure bazkideekin batera. Esperimentazio hori landu behar dugu, berrikuntza aurreratuan eta beste esparruetan. Hori da gure lehenengo helburua eta horretarako dugu gure behatokia. Lehen aipatu bezala Europatik berrikuntza disruptiboan milioi asko egongo dira, eta prest egon behar dugu.
Beste alde batetik, berrikuntza azeleratu behar dugu. Azelerazio horretan formakuntza eta gaitzea lantzen ari gara eta lan horretan urteak daramatzagu. Abangoardiako berrikuntza ere lantzen ari gara. Prestakuntza, gainera, ez bakarrik gure bazkideentzat, baizik eta sistema osoarentzat ere, gure stakeholderra Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren sistema baita. Berrikuntzaren inpaktuaren sozializazioa ere oso inportantea da, gizarteak uler dezan nondik nora doan Euskadi, bai gizarte mailan, bai enpresa mailan, bai sistema zientifiko eta teknologiko mailan.
Plan estrategikoaren beste helburu bat Europan dugun posizionamendua da. Guk hasiera batetik Europako hainbat programa kudeatu ditugu gure agenteentzako, eta formakuntza berezia eman dugu. Merkatua oso konpetitiboa da, eta nazioarteko kolaborazioa behar da, Europa mailakoa. Enterprise Europa Network dugu, zeinak laguntzen duen hainbat zerbitzurekin, eta hor agente desberdinak gaude. Lidergoa Sprik du, baina gu ari gara research eta finantzazio arloa eramaten.
Sozializazioa aipatu duzu. Sumatzen duzue berrikuntzaren aldeko apustua gero eta handiagoa dela hemengo enpresetan?
Bai. Hemen bi motatako enpresak ditugu. Enpresa ertainak, eboluzio itzela izan dutenak eta ikerketa eta garapenean gehien inbertitzen dutenak, korrika doaz. Gero, gure enpresa txikiak ditugu. Pasa den plan estrategikoan eurekin lanketa egin dugu kontzientziatzeko eta laguntzeko berrikuntza proiektuak egiten. Sare potente batekin egin genuen hori, 90 agenterekin, garapen agentziekin, besteak beste, asko ezagutzen baitituzte euren eskualdeko enpresa txikiak. Baita klusterrekin ere, ganberekin, agente sektorialekin...
Bost urteko estrategia izan da. Datu base potente bat sortu genuen, enpresa bakoitzak ikus zezan bere egoera. Eurekin egin behar dugun lana da, ez da maratoi bat baizik eta eguneroko lana. Hau ez da biharko lortuko dugun zerbait, eta laguntza ez da bakarrik teknologia arloan izan behar.
Zein punturaino da garrantzitsua erakunde publiko eta pribatuen arteko lankidetza?
Hori derrigorrezkoa da. Gure DNAn dago kolaborazioa. Gu txikiak gara, ETE bat gara eta kolaboratu behar dugu. Gure lana da proiektu edo iniziatiba desberdinak diseinatzea, eta kolaborazioa beharrezkoa da, inork ez baitauka ezagutza osoa bere etxean. Gaitasun handia dugu Euskadin, eta gauzarik inportanteena da gure artean kolaboratzea ezarritako helburuak bete ahal izateko.
"Enpresa onak ditugu, baina dibertsifikatu behar dugu"
Nazioarteko agentziekin kolaborazioa ere garrantzitsua da. Lehen esan duzu.
Oso garrantzitsua da. Ia hilero nazioarteko bi bisita ditugu. Gurea bezalako proiektu pribatu batek —gu pribatuak gara nahiz eta publikoki laguntza handia dagoen— helize laukoitza duela diot beti: enpresak, sarea, gizarteko agenteak eta administrazio publikoa. Horrek indar piloa ematen digu. Gure bazkideek boluntario askorekin egiten dute lan proiektuetan emaitzak lortzeko.
Era berean, oso garrantzitsua da nazioarteko harremanak egitea, proiektuak aurrera ateratzeko. Orain dela gutxi, esaterako, 50 enpresaburu frantses etorri ziren gure berrikuntza ekosistema ezagutzera. Harreman horiek garatuz gero, gizarteak gehiago ezagutuko du Euskadi eta hemen zer ari garen egiten. Enpresaburu horiek harrituta geratu ziren.
Etorkizunari begira, EAEk zer dauka hobetzeko berrikuntzaren arloan?
Europak zer esaten duen ikusita, eta 2028-2032ko programa aztertuta, deeptech eta deep science dira esparru gakoak. Enpresa disruptiboen arloan lan handia dugu egiteko. Proiektu onak ditugu, asko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren ekosistemaren bitartez sortzen dira, baina hor lan asko eta emaitzak ditugu lortzeko.
Enpresa onak ditugu, baina dibertsifikatu behar dugu. Proiektu desberdinak behar ditugu, izan ere, arlo horietan diru asko egongo da Europan eta prest egon behar gara.