Roboten azken mugimenduak BECen

Tecnalia, Aitiip edota Igus bezalako teknologia erakundeek merkatuko robot berrienak aurkeztu dituzte +Industry topaketan

+Industry jardunaldia ekainaren 3tik 5era, BECen | Argazkia: EnpresaBIDEA
+Industry jardunaldia ekainaren 3tik 5era, BECen | Argazkia: EnpresaBIDEA
bb 20231002374563
EnpresaBIDEAko kazetaria
2025eko ekainaren 4a
Eg. 2025eko ekainaren 6a

+Industry jardunaldiaren edizio berri bat egiten ari dira egunotan Barakaldoko BECen. Industriaren azpisektore diren hainbat azokek osatzen dute topaketa, zeinetan fabrikazio aditibo (AdditED), robotika eta automatizazio (weAR), teknologia digital (bedigital), mantenu (maintenance), fabrikazio-prozesu eta industria-ekipo (subcontratacion), ponpen, balbulen eta ekipamenduko sistema (Pumps&Valves) eta talentuaren (Workinn) merkatuetako enpresek euren azken berritasunak aurkezteko parada duten.

 

EnpresaBIDEA azokara bertaratu da eta weAR, robotika eta automatizazioa oinarri duen azokako erakusketariekin hitz egiteko aukera izan du. Azoka honetan, besteak beste, Tecnaliak, Orai NLPrekin batera merkaturatu duen azken robota ezagutu ahal izan dugu. Bi erakundeek robot industrial “aitzindaria” aurkeztu dute, zeinak ahalbidetuko duten roboten, kontrol industrialen, makina-erreminten eta beste plataformen arteko interakzioa naturalagoa izatea, izan ere, robotak euskaraz programatzeko aukera ematen du.

Euskal Herriko nahiz nazioarteko enpresa eta zentro teknologikoak dira weAR azokan. Aitiip, esaterako, Zaragozako (Espainia) zentro teknologikoa da. 3D makinak fabrikatzen ditu, baina robotika arloan ere dihardu. Arlo honetan, Robomimic izeneko robot aurkeztu dute topaketan. 3d kamera eta prozesamendu bidezko sistema baten bidez, robot baten mugimenduak automatizatzen ditu. Alvaro Gonzales teknologia zentroko software garatzaileak azaldu digunez, hiru kameren bidez ibilbide bat grabatzen duen sistema garatu duten programazio plataforma modukoa da. Kamerek hainbat angelutatik mugimenduak identifikatu eta prozesatzaile baten bidez robotari ibilbideak helarazten dizkio. “Behin sistemak mugimenduak grabatuta dituela, robotari bidaltzen zaizkio. Erabiltzailea ez da robotaren mugimenduez arduratu behar, sistemak berak automatikoki kontrolatzen baitu”, azaldu du.

 

Teknologia hau hegazkinen piezen berrerabilpenera bideratu da, Terueleko aireportuan, adibidez. Pieza horien birziklatze prozesua automatizatzeko, erremintak mugimenduak grabatu eta ondoren, robotak pieza horiek modu milimetrikoan mozten ditu. “Sei metroko distantzian, milimetro bat baino gutxiagoko zehaztasuna du teknologia honek”, dio Gonzalesek.

IMG 1599
Robomimic robota | Argazia: EnpresaBIDEA

Etorkizunean robot bat baino gehiago aldi berean automatizatzeko asmoa du Aitiip-ek, "prozesu konplexuagoak" automatizatzeko. Industria sektorean erabilpena ugari izan ditzakeela uste du software garatzaileak, besteak beste, energia eolikoko panelen bererabiltzeko ikerketak egiten ari dira orain.

Industria osorako teknologia

Zentro teknologiko, start-up, enpresa txiki eta ertainak izango dira egunotan BECen, baita multinazionalak ere. Horren erakusgarri, Igus enpresa alemaniarra weAR azokan bere azken teknologiak erakusten izan da. Egoitza nagusia Kolonian duen konpainia honek plastikoen osagaiak fabrikatzen ditu. Iñaki Olaizola multinazionalak Gipuzkoan eta Nafarroan duen delegatua da, eta konpainiak robotikan egindako azken berritasunak azaldu dizkigu.

“Igus-ek plastikoen injekzioa egiten du. Plastiko teknikoak erabiltzen ditugu, polimero teknikoak, lubrikazio solidoa eta fibrekin errendimendua hobetzeko”. Azokan zenbait liner erakutsi dituzte, “desgasteko piezak” Olaizolaren esanetan. Euren postuan besoak edo gantry robotak ikus daitezke, horien bidez, fabrikatutako plastiko osagaiak mugimenduan aplikatzen dituzte. Besteak beste, kate eramangarriak, kableak, kojineteak, gidak eta sistema linealak, mekanizaziorako materialak, 3D inprimaketako piezak, automatizazio-soluzio eskuragarriak eta sentsorikoak garatzen dituzte.

IMG 1616
Igus enpresaren produktua | Argazkia: EnpresaBIDEA

Olaizolak nabarmendu du industria osorako piezak fabrikatzen dituztela, baina eguzki energia eta automozio azpisektorea bereziki garrantzitsuak dira enpresarentzat. “Igus-ek bi departamentu nagusi dituela esan daiteke: mekanikoa, robotika bertan dago, eta kable eta portakableena. Hemen robotika arloan egin ditugun azken garapenak ikusi ahal dituzue”, gehitu du.

NSSren software berria

Industriarako teknologia digitalen eragile eta enpresa laguntzaileak elkartzen dituen gunean da bedigital, eta bertan NSS New Stage Solutions enpresaren postua aurki daiteke. Arrasateko Garaia parke teknologian kokatutako start-up-a iazko uztailean jaio zen, eta kudeaketa sistemen digitalizazioaz arduratzen da. Syntax teknologia sortu zuen iaz, eta azken software produktua aurkeztera etorri dira +Industry jardunaldira. “ISO9001 arauen kudeaketa eta ezarpenaren digitalizazioa ahalbidetuko duen softwarea sortu dugu. Eredu honen bidez, enpresak ez dute kanpoko aholkularitzarik behar, dena modu digitalean egiteko aukera ematen baitugu”, azaldu du Kepa Diaz enpresako zuzendari komertzialak.

Software berriak Hamar izena izango duela aurreratu digu Diazek. Zehaztu digunez, ISO9001 ziurtagiria lortzeko enpresek 3.000-10.000 euro artean ordaintzen dituzte. NSS-ek garatuta softwareak, aldiz, 2.000 euroko kostua izango du. Hurrengo urratsa da merkatuan hamar enpresa aurkitzea, software merkaturatu ahal izateko. “Enpresa txiki eta ertainentzat egindako produktua da”, esan du Diazek. Hiru ziurtagiri emailerekin jada harremanetan jarri dira. Ziurtagiri-emaile horiek plataformaren bidez ziurtatu ahal izango dute, txostenak egiterako garaian denbora aurreztea ahalbidetuko dielarik. Dena den, hamar enpresa horiekin lanean aritu ostean, neurketa egin eta zehazki softwareak zenbat diru aurreztea ekarriko liekeen jakin nahi dute.

IMG 1594
Kepa Diaz NSSren sortzaileetako bat, atzo, BECen | Argazkia: EnpresaBIDEA

"Neobanku edo aholkularitza digitalen sektoreetan eman den aldaketa hori egin nahi izan dugu", nabarmendu du Diazek. Ziurtagiria lortzeko prozesua “erraza, digitala eta bitartekaririk gabekoa” nahi dute, kostuak murrizteko eta dokumentu eta datuen kontrol guztia enpresek eduki dezaten.