• BERRIKUNTZA
  • Marken ospea neurtzeko Markai AA sortu dute Sorland eta Oraik

Marken ospea neurtzeko Markai AA sortu dute Sorland eta Oraik

Soluzio teknologikoak datu digitalak aztertu eta emaitzak modu bisualean eskaintzen ditu, marka baten diagnostikoa egiteko gai izanik

Markairen aurkezpena Indeusen topaketa | Argazkia: Orai
Markairen aurkezpena Indeusen topaketa | Argazkia: Orai
2025eko abenduaren 1a - 11:05

Euskarazko adimen artifiziala badoa pixkanaka bere bidea egiten. Markai izeneko adimen artifiziala da horren beste erakusle bat. Markaren diagnostikoa egiten espezializatutako tresna berritzailea da Markai, eta pasa den ostiraleko Indeusen urteko azken bileran egin zuten haren aurkezpena, Sorland komunikazioa agentziaren eta Orai NLP zentroaren eskutik.

 

“Zaratari ordena jarriko dion euskal soluzio teknologikoa” da AA berria. “Komunikazio aditu bat alboan izatea bezalakoa da” Markai. Izan ere, erremintak milaka eta milaka datu digital prozesatu, aztertu eta interpretatzen ditu; datu horiekin, marka baten gaineko iritzi publikoa zein den jakiteko gai da, mezu negatibo zein positiboak identifikatuta. Ondoren, emaitza modu “bisual, argi eta erabilgarrian” jartzen du erabiltzailearen eskura, eta, hala, marka baten egoerari buruzko diagnostikoa egin daiteke.

Hori bakarrik ez eta, informazio hori guztia izanda erabiltzaileak (markak berak) krisiei aurrea hartzeko gaitasuna izango du, baita bere izenarekiko jarrera positiboak sustatzeko parada izan ere. “Helburua da erakundeei laguntzea informaziotik ezagutzara eta ezagutzatik ekintzetara pasatzen”, azaldu zuten aurkezpenean.

 

Bi erakundeek, Sorland eta Orai NLPk, elkarlanean sortu dute Markai, bi konpainien “eskarmentu eta ezagutza” uztartuta. Izan ere, Sorland Euskal Herriko enpresei zein erakundeei aholkularitza ematen dien komunikazio-agentzia da, eta Orai, ordea, adimen artifizialaren zentroa da.

Markairen aurkezpena Indeusen topaketan | Argazkia: Orai
Markairen aurkezpena Indeusen topaketan | Argazkia: Orai