Eriz Sainz Guturbay: "Espero zen BAT ekosistemaren itsas-argia izatea. Eta hori da: elkargune bat"

Helburu kualitatiboak bete dituztela uste du BAT dorreko zuzendariak: enpresen eta entitateen errotazio handia ez izatea, eta balioa eranstea, inpaktu jakinekin

Argazkia: BAT Argazkia: BAT

Irailaren 19an ospatu zuen BAT B Accelerator Towerrek bere lehen urteurrena. Lortutako emaitzak ontzat jo dituzte dorrea bultzatu duten eragileek. 2024ko zabaltze lanetan begirada jarrita badute ere, misioak egonkortzea, prozedurak ezartzea eta komunitatea indartzea dira funtsean BATek epe ertain-luzera dituen helburuak. Horretan dihardu Eriz Sainz Guturbay zuzendariak.

Joan den astean BATen balantzea aurkeztu zenutenean nabarmendu zenuen “gauzak gertatzen diren tokia” dela harrezkero. Zer esan nahi zenuen?

Gauzak gertatzen den tokia da lanean dugun jende kopuruagatik —650 pertsona baino gehiago daude lanean bertan—. Era berean, jarduera ugari egin ditugulako, sektorialak, teknologikoak, eta abar. Eta horrek guztiak ahalbidetu digu komunitate zabalagoa izatea, 11.000 bisita jasotzeraino. Abiatze urtea izan da, eta hamabi hilabete horietatik abiadura finkoa azkeneko sei hilabeteetan eduki dugu. Oso abiapuntu ona da nire ustez lehenengo urtea izateko. Eta bertatik igarotzen den jendeak ere esaten du: etortzen bazara, arraroa da ez topatzea zure gai bertsuetan sartuta dagoen norbait. Horrek ahalbidetzen dizu balioa areagotzea.

Espero zenutena bete da?

Esango banizuke lehen urterako %100ean helburu argiak genituela, gezurra litzateke. Helburua kualitatiboagoa zen kuantitatiboa baino: enpresen eta entitateen errotazio handia ez izatea, eta balioa eranstea, inpaktu jakinekin. Uste dut biak lortu ditugula. Noski, esperotakoa beti hobetu daiteke. Baina 200 konexio sortu ditugu korporazioen eta start-upen artean, kolaborazio posible edo kolaborazio hasiera bilakatu direnak. Nazioarteko misioak ere ondo joan dira. Beraz, helburuak gainditu egin ditugula uste dut, nahiz eta duela urtebete ez nuke jakingo esaten ea 650 lagun izatea zerbait errealista zen edo ez.

"BATen dauden 'start-up'ekiko enpatia sentitzen dugu, azken batean proiektu berri bat baita geurea, negozio eta zerbitzu eredu berri batekin"

Zenbaitetan funtzionamendua ikusi arte zaila izaten da zifrak posibleak jartzea.

Eta gainera garatzen ari garen eredua existitzen den guztiarekiko oso desberdina da. Alegia, zenbait parte ditu dagoeneko existitzen den beste zerbaiten antza dutenak, baina osotasuna oso desberdina da. Ez da berrikuntza barruti bat, ez da inkubagailu bat, eta ez da azeleragailu bat. Baina horietako bakoitzaren piezen antza du. Pertsonen presentzia, ematen dugun zerbitzua edo nazioarteko konexioa ez ziren aurreikusteko errazak. Eta nolabait BATen dauden start-upekiko enpatia sentitzen dugu, azken batean proiektu berri bat baita geurea, negozio eta zerbitzu eredu berri batekin, eta urtero bete behar dugun emaitza kontu bat dugu. Bezero ugariri zerbitzua eman behar diogu. Eta bizia den zerbitzu kartera batekin.

Urtebetean funtzionatzen zuen eta ez zuena ikusten joan zarete. Baina sorpresarik eraman al duzue?

Positiboan, denak harritu nau. Ez nukeen esango 11.000 pertsona igaroko zirenik hemendik. Azken baten, ez da ekitaldi espazio bat, Euskalduna bezalakoa. Batez beste 50 pertsona bildu dituzten ekitaldiez ari gara. Horrek esan nahi du jarduera anitz egin ditugula, eta ez direla edonolakoak: berrikuntzarekin zerikusia dutenak, eta aipaturiko sektoreetakoak. Noski, horrek sekulako esfortzua eskatu du.

Bestalde, harrerak ere modu positiboan harritu gaitu: okupazioaren %80arekin zabaldu genuen. Baina loturiko komunitatea, okupazioaz harago, %85 inguru hazi da. Espazioarekin dugun tentsioarekin, erronka izan da. Eta beste datu positibo bat: enpresek start-upekin zuten kolaboratzeko maila oso ona izan da eta hobetzen doa denborarekin. Hori positiboa izan da.

BAT zer ez den esan duzu. Baina zer da, orduan?

Espero zen ekosistemaren itsas-argia izatea. Eta hori da: elkargune bat, formatu askotan ematen dena. Ez du zertan bilgune fisiko izan, baina Bizkaiko eta EAEko ekintzailetza ekosistemaren bat-etortze puntua izan nahi du.

Iñaki de Rio Ibermáticako Berrikuntzako buru eta Euskadiko zuzendari ohia elkarrizketatu genuenean esan zuen balioa “pasilloetan” dagoela.

Balioa eransteko bi modu ditugu. Bertan dauden guztiak elkarrizketatzen ditugu, banakako bilerak ditugu, eta hori oso garrantzitsua da. Baina azken baten ahalbidetzen du jendea ez egotea soilik parte horretan; kafea hartzen ari zara, jardunaldi baten,... Eta horietan normalean gehiago irekitzen zara, hobeto ulertzen duzu bestearen proiektua, eta aukera gehiago sortzen dira.

"Ez da berrikuntza barruti bat, ez da inkubagailu bat, eta ez da azeleragailu bat. Baina horietako bakoitzaren piezen antza du"

Punta-puntako proiektu teknologikoentzako toki bat ere bada. Xehe aztertuta, zein da BATeko ekintzaileen eta start-upen profila?

Hiru motatako start-upak bereiziko nituzke. Hasi gara nazioarteko start-upak izaten, hori azkeneko helburua izanik ere. Eta uste dut gertatzen ari denaren isla egokiena dela. Pertsona batek, bere negozioa ez ezik, bere bizitza pertsonala ere beste herrialde batera lekualdatzen badu, horrek guztiak suposatzen duenarekin, esan nahi du baduzula zerbait desberdina eta balio erantsia gehitzen duena. Ez, noski, denentzat, baina bai start-upen segmentu batentzat. Horrekin batera, egia da BATen eredua dagoeneko merkatuan balioztatuta dauden start-upei zuzenduta dagoela, bai ereduagatik, bai korporazioek bilatzen dutenagatik, eta baita lurraldean dagoen start-up profilagatik eta negozio eredu hau bera sortzeko moduagatik ere. Gutxieneko produktu bat duten start-upez ari gara, kaudimen puntu batekin, funtsean start-up profil horrek ordaindu egiten duelako hub honetan izateko. Era berean, espazio honek ez du izan behar dagoeneko existitzen diren beste zenbait iniziatiba jango dituena. Helburua ez da zenbait gauza tokiz aldatzea, baizik eta loturak egitea. Eta hastapenetan dauden start-up horiekin zubiak sortu ditugu, Zitekekin —EHUko ekintzailetza babesteko programa—, Mondragon Unibertsitatearekin eta Deustukoarekin, esaterako.

Teknologiari loturiko start-upak dira. Hitz hori, aldiz, zabala da. Zein soluzioz edo sektorez ari gara?

Adimen artifiziala, zibersegurtasuna, kuantika, IoT, blockchain, bisio areagotua... Teknologia sofistikatuak dira batez ere. Hub bezala, gure balio diferentziala dira bertan dauden korporazio eta enpresak, nolabait soluzioak balioztatu ditzaketenak. Ez dute zertan prototipo edo proiektua egin, baina merkatuarekin kontraste bat eskaintzen dute. Sektoreak? Pentsa ditzakegunak: energia, mugikortasun eta logistika, foodtech... Atzetik ditugun 43 enpresak abiapuntu hartuta pentsa dezakeguna. Espezializazio hori bilatzen genuen, hori baita eskaini dezakeguna, eta bertako sektoreentzat erakargarritasun handiagoa baitu. Eta zenbait kasutan espezializazioa ez da hainbeste sektoreka, baizik eta teknologiaka: start-up batek teknologia soluzio bat izan dezake industrian edo eraikuntzan aplikatu daitekeena.

Nazioartekotzea gako da zuentzat. Balantzearen aurkezpen egunean ere sarritan aipatu zenituzten misioak, eta datozen hilabeteetan zenbait hartuko dituzue. Zergatik dira zuentzat garrantzitsuak?

Garrantzitsuak dira errekurtso asko bideratzen ari garelako horietara, eta ez soilik ekonomikoak. Aste honetan, adibidez, Txileko bi delegazio ditugu bisitan. Atzetik hilabete askoko lana dago: proiektuak eta hautagaitzak jaso, aztertu, matchmakingak eta bisitak antolatu, eta abar. Hasieran formatu bati ekin genion, eta ikasita eta ikusita bertako konpainiekin zein tiroi izango zuen, geroz eta gehiago bultzatu nahi izan dugu. Orain helburua da hilean bat egitea. Misio bakoitzak nazioarteko hamar bat proiektu ekartzen dizkigu. Eta garrantzitsua da enpresei ahalbidetzen dielako bere egunerokotasunetik harago askotariko teknologia eta soluzioak ezagutzea. Enpresaren lehiakortasuna areagotzeko balio dezake, edo bestela bigilantzia teknologikoa egiteko. Nolabait maila horretaraino filtratuta izango den proiektuetara iristea ahalbidetzen diogu. Eta azken hilabeteetako datuek erakutsi digute interes hori. Esan bezala, 55 elkarrizketa izatera iritsi gara korporazioen eta start-upen artean, eta hazten joan da. Horrek esan nahi du interesa dagoela.

"Pertsona batek, bere negozioa ez ezik, bere bizitza pertsonala ere beste herrialde batera lekualdatzen badu, horrek guztiak suposatzen duenarekin, esan nahi du baduzula zerbait desberdina eta balio erantsia gehitzen duena"

Era berean, lurraldeari aukera eskaintzen dio zenbait tokitan ezaguna egiteko, baita ekintzaile eta start-upen artean ere. Aprobetxatu dugu, gainera, etorri diren start-upei elkarrizketak grabatzeko, eta feedbacka oso positiboa izaten ari da. Horrekin batera, enpaxadore bihurtzen dira hemendik kanpo; ekosistemaren faro hori bilakatzen da Bizkaiaz harago.

Eta zein hobekuntza proposatu dizkizuete?

Agian ez dira eroso sentitu esaten zer hobetuko luketen, baina, zintzoki, ez digute ezer esan. Kontrakoa bai, ordea: ez zutela espero hainbeste bilera izatea. Ez da ohikoa herrialde bat bisitatzera joan eta agenda hain finkatu bat izatea, enpresekin hainbeste bilera izateko aukerarekin. Hori da gakoa. Ondoren ikusiko dugu ea kolaborazioa sortzen den. Baina ekosisteman benetan sartzen zara.

Nola ulertzen du BATek ekintzailetza?

Start-upen definizioarekin, adibidez izan behar dituen urte kopuruarekin-eta, ez nator bat. Gerta daiteke duela hamar urte sortutako sozietate batek bete-betean asmatzea negozio eredu berri bat martxan jarrita. Horrek ez du aldatzen proiektu interesgarri bat den edo ez. Horregatik, nik gehiago sinesten dut oinarri teknologikoko edo berritzaileko konpainietan. Nik ekintzailetza ulertzen dut hemen dugun ekintzaile bakoitzak ulertzen duen moduan. Azken baten gure egitekoa da zerbitzua ematea hemen daudenei. Baten batek ulertzen badu ekintzailetza dela finantzazioa, edo zerbait martxan jartzea, aipaturiko parametroen barnean txertatzen bada, guretzat zentzua izango du.

Eta, nola ulertzen du BATek berrikuntza?

Aukera eta eredu berriak sortzea, posible bada entitate baten baino gehiagoren inplikazioarekin. Egia da nabarmendu dezakegula hainbeste jende eta enpresa izateak pentsamendua aberastu beharko ligukeela. Azkenean, sektore berdineko jendea konbinatzen badugu ateratzen diren ideiak modu batekoak izango dira. Profilak nahasten baditugu (akademikoa, start-upa, berrikuntza departamentua), proiektuak potentzial handiagoa eta ibilbide luzeagoa izan beharko luke. Teoriak, behintzat, hala dio.

"'Start-up'en definizioarekin, adibidez izan behar dituen urte kopuruarekin-eta, ez nator bat. Gerta daiteke duela hamar urte sortutako sozietate batek bete-betean asmatzea negozio eredu berri bat martxan jarrita"

2024an eraikina zabaltzeko beste fase bat abiatuko da. Zein aukera berri sortzen dizkio BATi?

Orain lau solairu ditugu, eta bost gehiago zabalduko ditugu. Alegia, gure gaitasuna nabarmen handituko da. Ez dute zertan soilik start-upak izan, baina bai ekosistemari dagokionez. Nazioarteko zein Espainiako proiektuak erakartzerako garaian ere laguntzen digu. Eta azkenean lehen esaten nuena: hiru lagun elkartuta hiru ideia ateratzen badira, 650 lagun elkartuta gehiago aterako dira, eta jende bikoitza baino gehiago elkartuta, horixe bera atera beharko litzateke. Hurrengo fasera arte, helburua da lehen urte honetako eredua egonkortzea. Misioak forma hartzen ari diren bezala, egiten ari garen guztia egituratzea eta prozedurak ezartzea, ondoren zerbitzua eskaini ahal izateko ahalmena bikoiztuko duen zentro bati.

Zein beste helburu ditu BATek?

Baditugu ikasketak, esaterako, aipatu dugun nazioarteko misioen esparru horretan. Buelta bat emango diegu, eta bi formatu sortu: bata, bertsio kondentsatuagoan —bizpahiru eguneko misioak—, eta beste bat hilabetekoa —azelerazio programa oso kontzentratua, baina bertako enpresekin eta ekosistemarekin harremana izateko pentsatua—. Era berean, korporazioen eta start-upen arteko konexioak areagotu nahi ditugu dagoeneko ditugun korporazioen bitartez, eta multikorporazioekin, sektore askotako teknologiak eta konpainiak elkartuz.

"Hurrengo fasera arte, helburua da lehen urte honetako eredua egonkortzea. Misioak forma hartzen ari diren bezala, egiten ari garen guztia egituratzea eta prozedurak ezartzea"

Zifra jakinik baduzue?

Okupazioa derrigorrez handitu behar dugu beste 5 planta zabalduta. Hala ere, aldagai bat da, baina ez esanguratsuena. Niretzat esanguratsuena da zenbat bilera ixten ditugun nazioarte mailan, zenbat start-up egonkortzen diren hemen, zenbat konexio sortzen ditugun korporazioen eta start-upen artean... Horri guztiari ez diogu zenbakirik jarri, baina oso zaila da. Eta gainera ez dago soilik gure esku. Guk plataforma jartzen dugu, baina giroak berak lagundu behar du eta proiektuak gauzatzea ere ez dago guztiz gure esku. Jardueran proiektu teknologiko eta berritzaileen pasearekin jarraitu behar dugu. Eta geroz eta konexio gehiagorekin.

Nola ikusten duzu BAT etorkizunean?

Esango nizuke une honetan hurrengo hilabetean bizirautea bilatzen dugula [barrez]. Baina bai ikusten dut enpresa eta pertsona gehiagorekin. Segur aski estandarizazio batekin, eta feedbacka jasota. Misio luzeagoekin, eta korporazio eta start-upen arteko lotura horiek estutuko dituzten prozesu horiekin ere. Eta espero dut datorren urtean berriro ere galdetuko bazenit ezer ez asmatu izana, eta beste zazpi gauza gehiago izatea [barrez]. Baina jarraipena eman nahi zaio beste 14 urtean gutxienez.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK