Zilarrezko ekonomia edo adinekoen ongizatea helburu negozioen bitartez

65 urtetik gorakoen biztanleriak gora egin ahala, haiei loturiko ekonomiak aukera berriak sortzen ditu. Finantzaketa tresnak ere geroz eta ugariagoak dira

Carlos Rodriguez-Sierra, Lander Sagarna, Marisa Arriola, Josean Rodriguez, Raúl Martín-Ruiz eta Rakel Martin, atzoko mahainguruan Carlos Rodriguez-Sierra, Lander Sagarna, Marisa Arriola, Josean Rodriguez, Raúl Martín-Ruiz eta Rakel Martin, atzoko mahainguruan

Jakina da 2050erako Euskal Herriko biztanleen %40 inguruk izango dituela 65 urte baino gehiago. Horrek negozio berriak sortzeko aukera ugari zabaltzen ditu zilarrezko ekonomia deritzonaren esparruan. Ildo horri heldu diote, besteak beste, asteazkenean hasi eta atzo bukatutako Adinberri Silver Forumen, Silver Economy negoziorako aukera gisa (azelerazioa, inbertsioa, finantzazioa) panelaren baitan.

Oro har, azkeneko urtebetea ez da aproposena izan negozio ereduei dagokienez. Dov Sugarman AgeTech eta adineko pertsonen zerbitzuetan adituak gogorarazi duenez, hamabi hilabetetan %50 inguru egin dute behera venture capitalek eginiko inbertsio apustuek. Izan ere, inbertsioetan ere eragin dute inflazioak, interes-tasek eta oro har bizitako egoera desegonkorrak, batez ere inbertsio handiei edo epe luzekoei dagokienez —adimen artifizialean izan ezik—. Horregatik nagusitu dira lehen etapetan dauden start-upetako inbertsioak.

Sugarmanek datuok azpimarratu baditu ere, inbertsiogileek negozio aukerak bilatzen jarraituko dutela ere nabarmendu du, eta zentzu horretan zahartzeari loturiko joera eta aukera zabalak daudela, hainbat arrazoi direla medio. Batetik, teknologiari loturikoak, egungo seniorrak teknologiarekin erosoago sentitzen direlako aurreko belaunaldiak baino; bestetik, ikuspegi baikorra dutelako autonomiaz bizitzeari dagokionez; horrekin batera, independentzia bilatzen dute, baina ingurukoekin lotura galdu nahi gabe; eta tokian-tokian tokian zahartu nahi dute konfiantzazko eta gertuko zaintza soluzioei esker. Horiek guztiek zenbait negozio-aukeretara eraman dezakete, besteak beste, teleosasunari eta monitorizazioari, etxebizitzen eraberritzeari edo smart bihurtzeari, edo finantza plangintza eta jubilazioari dagokienez.

Informazio gehiago Zahartzaroaren muga berriak

Negozio adibide bi dira Trak eta Erreka. Lehenengoak, ariketa terapeutikoko planak eskaintzen ditu Carlos Rodriguez-Sierra Trakeko fundatzaileetako batek azaldutakoaren arabera. Oinarrian nolabaiteko fisioterapia eta errehabilitazioa dago, mantenu aktiboa sustatu asmoz. Bigarrenaren kasuan, pertsonen mugikortasunean ipini dute fokua Lander Sagarna Basozabal Errekako Berrikuntza eta Negozio Berrietako zuzendariaren hitzetan. "Espainian 1,8 milioi pertsonek dituzte mugikortasun arazoak eta %4k ez ditu tresnak", ohartarazi du.

Produktuaren eta merkatuaren bateraketa, gako

Edozein proiektu martxan jartzerakoan, inbertsiogileek aintzat hartzen dituzten lau gako azpimarratu ditu Sugarmanek, tartean talde fundatzailea eta haren nortasuna, produktua edo zerbitzua bera, negozio eredua eta merkatuari bultzada emateko gaitasuna. "Benetan erakutsi behar duzu merkatua, bezeroak eta negozio ereduak ezagutzen dituzula, eta zure lehiakideak aztertu behar dituzu", plazaratu du. Informazioa biltzea eta konpainia bera saltzen jakitea ere gakoa da, tartean funtsaren nondik norakoak ondo ulertzen direla ziurtatzea, norbere konpainiari loturiko promesa faltsuak ez egitea, eta saiatzen jarraitzea, batez ere inbertsoreekin bilerak egiteari dagokionez.

Dov Sugarman: "Benetan erakutsi behar duzu merkatua, bezeroak eta negozio ereduak ezagutzen dituzula, eta zure lehiakideak aztertu behar dituzu"

"Gure kasuan gakoa da, taldeaz gain, plan argi bat izatea, eta soluzioa farmazia sektoreak dituen beharrekin lerrokatuta izatea", esan du Raúl Martín-Ruiz Ysios Capital arrisku funtseko bazkideak. Giza osasungintzako soluzioetan zentraturiko arrisku kapitaleko gestorea da Ysios Capital, eta euren azken apustua dira tratamendurik ez duten gaixotasunentzako botiketan, tartean askok zerikusia dutelako zahartzearekin. "Venture capitalak inbertsiogileen esku daude dioenez, eta kapital arriskuak beste aukera batzuk eskaintzen ditu. Hala ere, garapen plan kontrastatua egiten dugu, adituekin, eta horrek esan nahi du ez garela azkarrenak erabakiak hartzerako garaian", gehitu du.

Negozioei ekiteko aukerak eskaini ditzakete, halaber, crowdfunding edo diru-bilketek, programa teknologikoek, Europako Berrikuntza Batzordearen askotariko laguntzek, inbestitzaileek —inpaktuzkoak, inbertsiogile indibidualak, norbera...—, eta abarrek. Sagarnak Errekaren kasua ere gogora ekarri du, non inbertsio korporatiboaren aldeko apustua egiten duten, euren industrializaziorako eta zerbitzua eskaintzeko gaitasunarekin batera.

Rakel Martin: "'Silverizazioa' egunero ikusten ari gara, eta horrek enplegu asko, balioa eta etekinak ekarriko ditu"

Beste adibide bat da Elkargirena. Eraldaketa prozesu baten daramatza hainbat urte, sektore industrialaz gaindiko hainbat pauso emateko, eta berrikuntza sektoreari egokitzeko. "Silverizazioa egunero ikusten ari gara, eta horrek enplegu asko, balioa eta etekinak ekarriko ditu", adierazi du Rakel Martin Matellanes Elkargiko Gipuzkoako zuzendariak. "Saiatzen gara lengoaia ulertzen eta proiektua gizatiarragoa egiten, soluzio finantzario onena eskaini ahal izateko", gaineratu du.

BIC Gipuzkoatik ere, apustu garrantzitsua egin dute oro har bio-osasuneko proiektu ekintzaileak bultzatzeko, eta tartean dira zahartzeari loturikoak. Bien arteko muga zein den ezartzea zaila da Marisa Arriola zuzendari nagusiaren ustez, baina euren kasuan medikuntza berriaren, diagnostikoaren, telemedikuntzaren edo nutrizio eta ariketa fisikoaren esparruetako proiektuen bidelagun lanetan aritu dira. Izan ere, BIC laguntza negozio ereduen garapen eta diseinutik hasi eta lehen finantzazio errondetaraino iritsi ohi da.

Taldea eta lehenestea

Inbertsoreez gain, ekintzaileek ere badituzte euren gakoak proiektua martxan jarriko bada. Rodriguez-Sierrak bat egin du Sugarmanekin: giza taldea giltzarri da. Ez, ordea, hori soilik. Hazten lagunduko dizun ekosistema eta proiektuak elkarlanean egitea ahalbidetuko dizuten bezeroak ezinbestekotzat jo ditu Trakekoak. Horrekin batera, garrantzia eman dio porrotaren kulturari. "Proiektu berritzaileek arrisku handiak dituzte eta askok porrot egiten dute. Porrotaren kultura landu behar da", nabarmendu du.

Carlos Rodriguez-Sierra: "Proiektu berritzaileek arrisku handiak dituzte eta askok porrot egiten dute. Porrotaren kultura landu behar da"

Sagarnaren ustez, zilarrezko ekonomia hain da zabala, non ezinbestekoa den aktiboak identifikatzea eta lehenestea, nondik joko duzun ikusteko. Edozein kasutan balio handiko negozio eredu eta produktuak, eta berrikuntza irekia —kanpo eta barne ezagutza uztartzen dituena— ere azpimarratu ditu.

Baina zein egoera bizi du ekosistemak une honetan? Talentu "nabarmena dugu, eta teknologia oso lehiakorrak garatzen ari gara", dio, mezu baikorra helarazi asmoz. Haren ustez, baina, erronka nagusia lurraldearen dibertsifikazioan dago. "Apustu argia izan behar du", bukatu du.

Informazio gehiago
Alberto Bokos Zarraga: "Bizitza-luzeari lotutako lurraldeak deskubritzeko daude oraindik"
Marisa Arriola: "Enpresen sorrera gure ongizatearen oinarria da"
Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK