2025ean, EAEko BPGan 201,3 milioi euroko inpaktu ekonomikoa izan zuen Bilbao Exhibition Centrek (BEC), urte osoan egindako 256 egitasmori esker. Hala, emaitza onak lortu zituen Barakaldoko guneak 2025ean, eta 2026rako berritasunak ere jakinarazi ditu.
Zentroak pasa den urteko datuak xehe-xehe jakinarazi ditu: 949.109 bisitari izan ziren orotara, espazioak 318 egunez egon ziren beteta, eta 3.839 enplegu sortu zituzten antolatutako egitasmoek. Ekitaldi guztiak kontuan izanda, 39 milioi euro baino gehiagoko zerga-bilketa izan zen. BECek sortutako gastuak azoka-jardueratik kanpoko sektore desberdinetan izan zuen eragina, baina gehien bat ostalaritzara bideratu zen (%46); halaber, gastuaren gainerakoa garraioak (%21), jolas eta kultur arloko jarduerek (%10) eta txikizkako merkataritzak (%3) jaso zuen.
Azoka eta erakusketei dagokienez, BECek azpimarratu egin ditu +Industry hitzordua eta WeAR azokaren lehen edizioa, baita WORKinn Talent Huba ere. Hiruak ala hiruak positiboki baloratu ditu zentroak. Era berean, Enlit Europe nazioarteko egitasmoa BECen antolatu izana “mugarria” izan dela jakinarazi dute, 140 herrialdetako 15.000 parte-hartzaile eta 700 erakusketari biltzen baititu.
Batzar eta ekitaldiei dagokienez, “2025eko ekitaldia bereziki positiboa izan zela” adierazi du zentroak. Zientzia, hezkuntza, trantsizio energetikoa, ekintzailetza, talentua… orotariko esparruetako deialdiak izan dira. Bizkaia Arenak ere datu esanguratsuak lortu zituen: 42 ekitaldi eta bederatzi sold outekin “errekorreko urtea” izan zuen guneak, zuzeneko musika giltzarri izanik.
2026ra begira, BECk adierazi du BIEMH azokaren 33. edizioan jarriko dela fokua, zeina martxoaren 2tik 6ra bitartean antolatuko den sei pabiloietan. Bertan “mundu mailako eragile garrantzitsuenak” bilduko dira, fabrikazio aurreratuaren egungo erronkei buruz hausnartzeko eta aliantzak sortzeko helburuarekin. DS Industry azokaren lehen edizioa ere prestatzen ari dira 2026rako, non jasangarritasuna eta klima-neutraltasuna izango diren zutabe. “Mundu mailako goi-bilera hori bi urtean behin egingo da eta epe luzera begirako ikuspegia, egokitzeko gaitasuna eta jasangarritasunarekiko konpromisoa duen industriari laguntzeko diseinatuta dago”, azaldu dute.