2025eko azaroan Artizarra Fundaziotik Bizkaia Talentera jauzi egin zuen Amaia Jugo Abasolok, Bizkaiko Foru Aldundiak sustatutako erakundearen zuzendaritza hartuta. Kargua ilusioz eta erantzukizunez bizi duela dio, eta lehen hilabeteetan plan estrategiko berria lantzea izan du lehentasun, lantaldea eta bezeroak bidelagun izanik. 2026rako, talentu kualifikatua erakartzea ez ezik, profesional kualifikatuak Bizkaian errotzea ere jarri dute helburu. Horretarako, harrera eta integrazio zerbitzuak indartu, enpresen employer brandinga landu eta Bizkaia with the talent estrategiaren baitako proiektuak landu nahi dituztela jakinarazi du.
Nolakoak izan dira lehen hilabeteak Bizkaia Talenteko zuzendari gisa? Zeintzuk izan dira zure lehentasunak?
Kargua sekulako ilusioarekin hartu nuen, baina egia da egunak pasa ahala gero eta ilusio handiagoa daukadala. Bizkaia Talentek eskaintzen dituen zerbitzu eta proiektuak ezagutzen banituen ere, kanpotik begiratzen nuenez, eguneratuta egotea zailagoa zitzaidan. Behin proiektua barnetik ikusita, konturatu naiz itzelezko inpaktua duen itzelezko proiektua dela; eta hori erantzukizun garrantzitsua da.
Gaur, adibidez, Madrilen harrapatu nauzu, eta horrelakoetan ikusten dugu edozein lekutara goazela sekulako harrera jasotzen dugula. Niretzako erakundeak ibilbide oso sendoa du, eta nire lehentasuna kargua hartu dudanetik izan da taldea aktiboki entzutea, barne prozesuak ondo ulertzea, identifikatzea zein diren ditugun aliantza sendoenak eta, noski, martxan dauden programei jarraipena ematea.
Orain arte egindakotik zer nabarmenduko zenuke?
Zenbait batzar izan ondoren, erabaki genuen momentua zela guztion artean plan estrategiko berri eta sendo bat egiteko: Bizkaia Talenteko lantaldekoek, gure batzarkideek eta Sustapen Ekonomikoko zuzendari eta diputatuak parte hartu genuen. Horrekin batera, plan estrategiko berria garatzera gonbidatu genituen gure bezeroak, enpresak zein gurekin harremana izan duten profesionalak.
Horien guztien artean, arreta berezia jarri diogu estrategia eguneratzeari, talentuaren erronka berriei (bereziki digitalizazioari, nazioartekotzeari eta belaunaldien arteko trantsizioari) modu ahalik eta eraginkorrenean erantzun ahal izateko. Horretan gabiltza, eta uste dugu martxoaren erdialde edo amaierarako onartuta izango dugula; hori da gure helburua behintzat, bereziki urte berri honetan estrategia lehenbailehen jorratzen hasteko.
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
2026rako zein helburu ezarri dituzue?
Gure helbururik garrantzitsuena talentua erakartzea da, talentu kualifikatua. Eta erakartzeaz harago, talentu hori hemen errotzea ere bada xedea. Izan ere, enpresa askok esaten digute talentuaren errotzearekin zailtasunak izaten dituztela.
Horretarako, estrategiak eta erremintak euren esku jartzen saiatuko gara, lurraldearen lehiakortasuna indartzeko proposamenarekin. Pertsonak, enpresak eta ekosistema konektatzen dituen nodo estrategiko gisa lan egiten dugu, eta hori jorratu behar dugu, nahiz eta gero plan estrategikoak markatuko digun zein diren gure eginbeharrak.
"Unibertsitateko ikasle hasiberriei galdetzen badiezu zein asmo duten etorkizunean, %30ak esaten dizu hemendik irteteko ideia duela, izan Madrilera, izan munduko beste edozein hiritara"
Orduan, plan estrategikoa garatzean jarriko dugu fokua, betiere nazioarteko talentu kualifikatu hori erakartzeko eta bertako talentuaren garapena eta atxikipena sendotzeko helburuarekin. Hori guztia gure inguruko ETEak entzuten ditugun bitartean, jakiteko zein behar dituzten, bai gaur egun, bai etorkizun laburrean.
Talentua erakartzea ez ezik, lurraldera atxikitzea ere erronka handia da.
Guk argi daukagu talentua erakartzea bezain garrantzitsua dela talentu hori hemen geratzea, eta baldintza egokiak sortu behar dira horretarako. Ildo horretatik, hainbat arlotan lan egiten dugu Bizkaia Talenten: kalitatezko enplegua sorrarazten, garapen profesionalerako aukerak ematen, bizi kalitate ona eskaintzen…
Guretzako bizi kalitatea oso garrantzitsua da. Horregatik, profesionalei harrera eta integrazio zerbitzuak eskaintzen dizkiegu, euskaldunei zein euskaldunak ez direnei. Hain zuzen ere, zerbitzu konkretu bat dugu Relocation and Be Basque Dual Career Centre izenekoa, zeinaren helburua den profesionalei eta beren familiei harrera zerbitzu integrala ematea, eta, hala, eurekin komunitate sentimendua sortzea; laguntza ematen diegu, besteak beste, etxebizitzaren eta hezkuntzaren arloan, baita bisak lortzeko prozesuan ere.
Azken finean, profesionalek beste lurralde batzuk aukeratzeko arrazoiek lotura dute lan aukerekin, nazioarteko proiekzioarekin edota malgutasunarekin; hori dela eta, gure erronka nagusienetako bat da eskaintza horiek modu koordinatuan lantzea. Horrez gain, kontuan hartuta enpresek gero eta profil espezializatuagoak behar dituztela, konpainia horiei bideratutako zerbitzu konkretuak ere jorratu behar ditugu. Employer branding –enpresa baten irudia kudeatzea, lan egiteko leku ezin hobe gisa posiziona dadin– deritzon hori landu behar dute enpresek, profil kualifikatuak errotzea lortu nahi badute.
Zergatik da garrantzitsua profil kualifikatuak errotzea?
Profil guztiak dira garrantzitsuak, baina egia da profil kualifikatuek nolabait ere gure ekosistema handitu egiten dutela, hazkundea bideratzen dutelako. Bizkaia Talentek horregatik dihardu profil kualifikatuekin, beste eragile batzuek beste motatako profilekin lan egiten duten moduan. Baina hemen denak dira beharrezkoak. Bata ez da bestea gabe.
"Bizkaia Talent bera 2005ean sortu zen; aitzindariak izan ginen talentuaren kudeaketari dagokionez"
Zergatik alde egiten du talentuak beste herrialde batzuetara hemen geratu beharrean?
Niretzako arrazoi nagusia da jendeak ibilbide profesional sendoagoa nahi duela, aukera desberdinak izateko eta beste gauza batzuk ezagutzeko, agian hemen beste modu batera egiten ditugulako. Duela gutxira arte, Artizarra Fundazioan izan nintzen lanean, eta bertan txosten bat atera genuen diasporari buruzkoa. Hor galdera hori jorratzen zen, eta erantzunetariko bat horixe zen: pertsona askok euren ibilbide profesionala beste modu batera jorratu nahi dute. Euren ideia da hemendik irtetea eta aldi batera berriz itzultzea. Gaur egun edozein unibertsitateko ikasle hasi berriei galdetzen badiezu zein asmo duten etorkizunean, %30ak esaten dizu hemendik irteteko ideia duela, izan Madrilera, izan munduko beste edozein hiritara. Hori horrela da.
Zertan datza Bizkaia with the talent estrategia?
Bizkaia with the talent 2023an sortu zen, eta lurralde estrategia partekatu bat da. 43 enpresa eta erakunde gaude bertan murgilduta: administrazioak, eragile sozialak, unibertsitateak, formakuntza profesionaleko zentroak, enpresak… denetarik. Kontua da talentua erdigunean jartzen dela, eta helburu dugu aipatutako eragile guztiak norabide berean lerrokatzea.
Estrategia hau oso ardaztuta dago STEAM lerroetan. Estrategiaren barruan iniziatiba desberdinak dauzkagu, are gehiago, urte hauetan guztietan zehar hogei proiektu bideratu dira. 2027an amaituko da estrategia, behin proiektu guztiak bideratuta daudenean.
Zein aurrerapauso egin dira orain arte?
Orain arte aurrerapauso garrantzitsuak eman dira lankidetza sarea sendotzen, talentuaren nazioarteko posizionamendua indartzen eta Bizkaiaren balio proposamena modu koherentean komunikatzen. Aipatu behar da Bizkaia with the talent estrategia bizia dela eta etengabe egokitzen ari dela.
Hogei proiektu horietatik baten bat nabarmenduko zenuke?
Bada, esaterako, orain gida bat egingo dugu, eta erabilgarria izango da bai profesionalentzat, bai enpresentzat, ikusi ahal izango dutelako zein den euren ibilbidea. Hau da, imajinatu Alemaniako profesional bat naizela eta Bizkaira joan nahi dudala, baina ezkonduta nagoela eta haurrak ditudala. Zein pauso eman beharko nituzke Bizkaira iristeko? Horri erantzunak emango dizkion gida da orain sortuko duguna, kasuak kasu kontuan izanda, profesional bakoitzak bere berezitasun konkretuak baititu.
Baina enpresek ere eskuratu ahal izango dute informazioa, gidan azalduko baita nola erakar ditzaketen profil espezifikoak. Egitasmoak balio erantsia emango die konpainiei, profil horiei esan ahal izango dietelako “begira, etortzekotan gauza hauek guztiak egin behar dituzu”.
"Bizkaia Talenten nagoenetik, gero eta argiago ikusten dut guk daukagun bizi kalitatea ez dagoela edonon"
Gida potente horretaz gain, enpresei bideratutako beste proiektu bat da autodiagnostikorena: beraiek galdera batzuk erantzun eta guk horren harira txosten bat helarazten diegu. Haiekin jartzen gara kontaktuan esateko employer branding prozesuan zein momentutan dauden, eta unearen arabera, programa konkretu batzuk dauzkagu haiekin batera jorratzeko. Gainera, azpimarratu beharra dago programa eta baliabide guztiak doakoak direla, Bizkaiak berak bultzatzen dituelako.
Bizkaia with the talent 2027an amaituko da, teorikoki behintzat.
Ez dakigu oraindik estrategiari izena aldatuko diogun ala beste moduko estrategia bat izango dugun, hori oraindik definitzear dago. Baina Bizkaiak horren aldeko apustu irmoa egingo duela, nola edo hala, hori seguru. Hor daude datuak. Bizkaia Talent bera 2005ean sortu zen; aitzindariak izan ginen talentuaren kudeaketari dagokionez. Beraz estrategia izango dela, bai, baina zelakoak izango diren ezaugarriak, hori ikustear dago.
Nola ikusten duzu Bizkaia talentuaren arloan 5-10 urte barru?
Bost urte barru Bizkaia talentuarentzat erreferentziazko lurralde gisa ikusten dut. Olentzerorentzat nire eskutitza izango litzateke Bizkaia berritzailea, irekia eta bereziki, jasangarria izatea. Azken finean, espero duguna da nazioarteko talentua erakartzeko gaitasun handiagoa izatea eta, aldi berean, bertako talentua garatzea, hori ez baitugu atzean utzi behar, bertako talentua asko zaindu eta balioan jarri behar dugulako.
Ez hori bakarrik. Etorkizunean Bizkaia lehiakorra izan behar da, eta ez soilik enplegu aukerengatik, baizik eta bizi-proiektu bat garatzeko eskaintzen den ekosistemagatik. Hor oso bereziak gara eta Bizkaia Talenten nagoenetik, gero eta argiago ikusten dut guk daukagun bizi kalitatea ez dagoela edonon. Horregatik, place branding –lurralde baten ezaugarri bereziak nabarmentzeko prozesu estrategikoa– ere egin behar dugu, hori da gure erronka.