Zarauzko Kikara kafetegian hartu gaitu Andoni Iruretagoiena 'Izeta' herri kirolariak. Astelehena du bere jai eguna aiarrak, eta gimnasioan entrenatu ostean elkartu da EnpresaBIDEArekin herri kirolaren egoeraz, familiako sagardotegiaz edota euskal pentatloiaz hitz egiteko, besteak beste.
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
Nola da zure egunerokoa?
Nik, zorionez, familiak sortutako enpresa batean egiten dut lan; hirugarren belaunaldikoa naiz, eta ostalaritzara dedikatzen naiz. Nire haurra elikatzeko dirua hortik lortzen dut, sagardotegian lan egitetik. Goizean jaiki, umea eskolan laga eta lanera sartzen naiz 9:00etarako. Lan egiten dut arratsaldeko 16:00-16.30 arte, ondoren, entrenatu, eta 18:00tan semea jasotzen dut. Nire lehentasuna lanak eta familiak dauka.
Lehen, garai batean, herri kiroletako jendeak denbora asko dedikatzen zion kirolari eta erakustaldi pila bat egiten zituen. Gaur egun, aldatu egin da bizitza hori. Familiarekin zaude, erosketak egin behar dira… lehen baserritarrak ziren herri kiroletan ibiltzen zirenak, orain ez da erraza dena antolatzea. Ez da bizitzeko ematen digun kirol bat. Beraz, hobby bezala hartzen dut, nahiz eta hobby horretan iritsi naizen goi mailako kirolari izatera.
Sagardotegian, zein da zure lana?
Anai bat sukaldean ibiltzen da, eta beste bi anai goizetan sagastietan sagarra biltzen, botilak egiten, banaketan edota baserriko lanetan aritzen gara. 12:00etan bazkaltzen dugu eta 13:00etan eguneko menuak ematen hasten gara. Pixka bat "multiusos" aritzen naiz.
Asteburuetan ere lana egiten duzu?
Asteburuetan lan egiten dut, bai. Nire jai eguna astelehena da, baina asteburuetan, egia esan, ez daukat ordutegi txarra, etxekoa naiz eta. Ostiral gauez lan egiten dut, eta gero joaten naiz eguerdiko zerbitzua egitea. 13:00etan sartzen naiz eta normalean 17:00ak aldera ateratzen naiz.
Batzuetan erakustaldi edo txapelketaren bat baldin badaukat, etxean malgutasuna daukat eta jai egiten dut. Azkeneko txapelketara, adibidez, parrillatik lan eginda joan nintzen eta gero parrillara bueltatu, baina salbuespenak izaten dira.
Entrenatzeko tartea noiz hartzen duzu?
Astean sei entrenamendu egiten ditut, eta igandetan deskantsatzen dut. Igandetan gustatzen zait nire emaztearekin bizikletan ibiltzera joatea, elkarbizitza bultzatzeko. Umea amonarekin utzi eta elkarrekin plana egiten dugu. Astelehenetik larunbatera, lanetik ateratzen naiz 16:30ean eta 18:00ak arte entrenatzen dut. Astearteetan aizkora eta harrian aritze naiz, baita larunbatetan ere bai. Beste egunetan nire entrenatzailearekin gimnasioan egoten naiz.
Entrenatzaile partikularra al daukazu?
Hori beste istorio bat da. Nire entrenatzailea ez da berez entrenatzailea, lagun bat da, ez daukana entrenatzaile titulurik, baina igeriketako profesionala izan dena. Badauzka kurtso batzuk eginda, baina berez ez da profesionalki horretara dedikatzen. Lagun bezala hasi zen nirekin entrenatzen. Asko ezagutzen dugu elkar, eta primeran funtzionatzen dugu.
Nork daki pentatloi bat entrenatzen? Inork ez. Lehenagoko herri kiroletako kirolari horiek entrenatzen zuten basapiztia batzuk bezala, indarra zeukatelako. Uste dut gu ari garela kirol mota hau profesionalizatzen. Orain asko sartu da crossfita, gimnasioa... lehen ez zen egiten.
"Gaur egun, kirola hobby bezala hartzen dut, baina hobby horretan iritsi naiz goi mailako kirolari izatera"
Golfa baino garestiagoa al da herri kirola? Hori entzun nizun elkarrizketa batean.
Beti esaten da golfa pijoen kirola dela, ekonomikoki diru asko daukatenentzako egina dagoela. Golfean makilak erosi eta urteko kuota pagatuko duzu eta listo. Nik herri kiroletan entrenatzeko urtean 12.000 euroko aurrekontua dut gutxi gorabehera, eta egurretan 9.000 euro gastatzen ditut. Beste 3.000 aizkoretan eta gainerako materialetan.
Material hori guztia nola lortzen duzu?
Babesleek laguntzen didate. Ez balitz beraiengatik, gaur egun ez nukeen kirol honetan jarraituko. Babesle onak dauzkat. Batzuk lagunak dira, beste batzuk enpresa handiak eta denon artean ematen didatenarekin kirol honekin segitzea daukat.

Zenbat babesle dituzu?
4-5 babesle. Batzuk beste batzuk baino handiagoak. Baina nik uste dut babesletza hauek gure kirola maite dutelako eta segitzea nahi dutelako daudela, ez dirua ateratzeko. Ez da futboleko babesletza bat.
Dirua irabazten al duzu babesleekin?
Ez. Materiala ordaintzeko adina ematen didate. Gero, txapelketatako dirua niretzako geratzen da, baina txapelketa onenetako prezioa esango dugu gehienez 3.000 euro direla, Euskal Herriko aizkora txapelketakoa, esaterako. Baina nik ez dut inoiz hori irabaziko, Ikerrek (Vicente) irabaziko du, edo Txikiak, Larrañagak... Gu ez gara lehenengo mailako aizkolariak.
Pentatloia bi urtean behin egiten da, eta irabazten dira 2.000 euro inguru. Gipuzkoako pentatloi txapelketa irabazi nuenean 300 euro jaso nituen.
Txapelketetan zenbatetik behin lehiatzen zara?
Gipuzkoako aizkora txapelketa, Gipuzkoako pentatloi txapelketa, eta Euskal Herriko aizkora eta pentatloi txapelketak; nik lau txapelketa horiek egiten ditut, sailkapena eta finala barne. Udara guztia egon behar duzu prest. Ekainean hasten naiz denboraldiarekin eta urrian bukatzen dut gutxi gorabehera. Urteko beste hilabeteetan entrenatu eta erakustaldiren bat egiten dut, baina erakustaldien denboraldia ere udaran izaten da.
Gure diru-iturri nagusia berez herritako erakustaldiak izaten dira. Normalean, pertsona batek antolatzen du, eta kobratzen dituzu 250-300 euro. Udaran jendeak egiten ditu 60 bat erakustaldi, eta 10.000 euro inguru atera ditzake. Nik ez ditut egiten, lanak askotan ez didalako uzten, baina Iker Vicente bat urtean 80 erakustaldi egitera iritsi izan da. Eta lehenago ehun egiten zituzten, nire osabak eta.
"Lehen apustua egin eta jende pila bat joaten zen ikustera, 2.000 lagun joaten ziren. Gaur egun, plaza betetzea kosta egiten da"
Nola dago egun herri kirolen egoera? Lehen baino okerrago?
Bai, lehen dena dirutan kobratzen zuten. Erakustaldi batera joan eta 300 euro dirutan kobratzen zenuen. Gaur egun, fakturak egin behar dira, eta deklaratu egin behar da. Ez da lehengo diru-iturria. Lehen apustua egin eta jende pila bat joaten zen ikustera, 2.000 lagun joaten ziren. Gaur egun, plaza betetzea kosta egiten da.
Zeintzuk dira zure ustez gainbehera horren arrazoiak?
Gazte jendeak gaur egun ez daki aizkora bat zer den. Orain dela 30 urte zuk galdetzen zenuen Zelai harri-jasotzailea zein zen eta Euskal Herrian jende askok ezagutzen zuen. Gaur egun, galdetzen duzu ni zein naizen eta askok ez dakite. Orain dakite Lamine Yamal zein den. Bizitza aldatu egin da.
Beste euskal kiroletan ere halako zerbait pasa da. Begiratu lehen Galarretara zenbat jende joaten zen. Gaur egun, finaleko egunean joaten da jendea eta ez da betetzen.
Babes falta dagoela uste al duzu?
Tira, laguntzen digute. ETBk zuzenean ematen ditu gure txapelketak, eta herri kirolen alde apustua egiten du. Baina hori ez da gure diru-iturria. ETBek pentatloiko finala zuzenean emateagatik sortzen den diru-iturria nik ez dut jasotzen. ETBk laguntzen dio txapelketa antolatzen duenari. Hori bai, ETBrik gabe ez litzateke txapelketarik egongo. Antolatzaileak ez luke txapelketa egingo. Niri ikusgarritasuna ematen dit, eta nire babesleak telebistan ateratzeko aukera.

Eta bestelako instituzioen laguntza? Jaurlaritza, foru aldundiak, udalak...
Aurtengo pentatloian, lehengoan, Billabonan jokatu genuen sailkapena eta esan zuten 2.000-2.500 pertsona etorri zirela ikustera. Debalde zen. Nik Zarautzen marka egin nuenean ere 2.000 lagun etorri ziren eta debalde zen. Euskal Herriko pentatloiko finalera ez dira joango 2.000 pertsona. Zergatik ez dugu sarrera debalde jartzen eta Jaurlaritzak guretzako primak sortu? Normalean, sarreraren arabera kobratzen dugu.
Batzuek esango dute pilota partida bat ikustera joateko pagatu egiten dugula. Egia da. Gauza da jendeak ez duela pentsatzen gure kirolak 35 euro ordaintzea merezi duenik. Baina nik bi urte pasatzen ditut txapelketa hau prestatzen. Nola ez du balioko 35 euro urtean 12.000 euro gastatuta?
Errentagarritasuna ematen ez badu, zaila izaten da babesa aurkitzea, ezta?
Euskal kulturan barne dagoen zerbait da herri kirola, babestu egin beharko litzateke.
Pentatloia pertsona pribatuek antolatuta egiten da, baina badu babes publikoa.
Bai, nire lagun batek antolatzen du. Gero, Azpeitiko udalak plaza jartzen du. Baina ni apustu bat egitera joaten naizenean eta herriko plaza bat behar dudanean, plazako alokairua pagatu beharra dut. Udal askok ez dizute laguntzen. Udaletxeko bakoitzak bere zera du. Niri Zarautzeko udalak udaletxeko plaza utzi zidan, eta lagundu, ahal zuen guztia eta gehiago. Plaza hori gauza askotarako eskatzen da, ez dute gauza asko egiten uzten, baina niri utzi zidaten ekitaldi bat antolatzen, tabernatxo bat jartzen dirua atera ahal izateko, anti-dopina ordaintzeko.... horrelako udaletxe batek lagundu egiten dizu, baina beste batzuek ez.
Ez dago oso sistematizatuta antolakuntza.
Lehen Luis Mari Bengoak antolatzen zuen. EITBrekin zuen harremana. Dietak pagatzen zizkizun txukun-txukun. Orain, Xabat Olaizola ari da saiatzen, baina ez da lan erraza, eta zaila egiten ari zaie. Nahi dute txapelketa organizatu seriotasun gehiagorekin. Bengoa jubilatu da eta herri kirolean hutsune handi bat sortu da. Gazteek ez daukate aukera handirik.
"Jendeak ez du pentsatzen gure kirolak 35 euro ordaintzea merezi duenik. Baina nik bi urte pasatzen ditut txapelketa hau prestatzen"
Ba al dabil jende gaztea herri kiroletan?
Asko. Aizkora oso bizirik dago.
Zure osabak badu herri kirolen eskola bat. Ba al dira gehiago Euskal Herrian?
Lau harri eskola daudela esango nuke. Araban dago bat. Bizkaian orain Sustabiz Fundazioa oso ondo ari da. Bizkaiko Foru Aldundiak asko lagundu du, gimnasioa jarri du, bertan herri kirola lantzeko. Izan da "bombazo bat". Jendeari lana eman dio. Bizkaiak uste dut koxka handi bat kendu diola Gipuzkoari. Hemen (Zarautz) Izeta eta Orion Ostolazan eskola ditugu. Nafarroan aizkora eskola bat dago, baina harri eskolarik ez dut uste dagoenik.
Euskal Pentatloiaren azken lau edizioak irabazi zenituen segidan, 2021etik 2024ra, eta, ondoren, geldialdia izan zen. Zer dela eta?
Jende faltagatik; ez zen jendea joaten ikustera. Errentagarritasun kontuan izan zela uste dut. Aurpegi berriak nahi zituzten. Antolatzailearentzat ez da erraza, urte guztia pasatzen baituzu antolatzen, eta hara joan eta 300 pertsona besterik ez daudela ikustea...
Geldialdia egin da, eta lehengoan Billabonan ikusi zen erantzun handia egon zela. Ea orain irailaren 26an zer pasatzen den. Birsalmentan merkeago jarri dira sarrerak, eta 50 saldu dira.

Asmoa da aurrerantzean bi urtean behin egitea?
Kontua da bi urtetik behin egiteak ere ez duela pizgarririk. Bi urtez egongo zara prestatzen pentatloi bat, gero 12 minututan kalean geratu zaitezkenean? Gainera, uste dut ailegatu naizela puntu batera non egoerak gainezka egin didan. Urte oso txarra pasatzen ari naiz psikologikoki: presioa, irabazi nahia...
Etorkizunera begira, kirola eta lana uztartzen jarraitzeko asmoa al duzu?
Bai. Egia da lan asko daukagula, baina kirolean ere gustura nabil. Aizkoran lehenengo mailara igo naiz. Hurrengo urtean pentatloia ez bada egiten aizkoran murgilduko naiz. Ez dut pentatloi gehiago egingo hurrengo urtean ez bada egiten.
Aizkoran segi, gozatu, baina beste erritmo batekin. Badakit aizkoran ez dudala irabazteko aukerarik, orduan, psikologikoki desberdina da. Lasaiago nago, egiten dudanarekin pozik. Etortzen dena ongietorria izan dadila. Pentatloian dena galtzeko daukat, denak daude nik zer egingo begira, eta hori kudeatzea ez da erraza niretzako. Ibili naiz psikologoetan eta egin dut bide bat, baina oraindik kosta egiten zait.
Herri kirolari baten kirol ibilbidea luzea izan ohi da.
Bai, Xabier Zaldua bat 50 urterekin bere bizitzako momentu onenean dago. Ez dut nire burua ikusten 40 urterekin horrela entrenatzen. Problema hor daukat: ez naiz bideaz gozatzen ari, eta ikusi dut bidean ez bazara disfrutatzen ari ez duela merezi. Txapelduna naiz, irabazi dut, baina merezi du horrek gero urte osoan sufritzen egoteko? Zer eman dit txapel horrek? 1.000 euro. Harrotasuna. Eta merezi al du? Balantzea nik uste dut negatiboa dela.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta