• EKONOMIA
  • Arabako Glovoko langile batzordea zuzendaritzarekin bilduko da astelehenean

Arabako Glovoko langile batzordea zuzendaritzarekin bilduko da astelehenean

CCOOk du Arabako Glovoko langileen ordezkaritza osoa. Pasa den martxoan egin zituzten hauteskunde sindikalak

Glovoko langile bat |Argazkia: iStock
Glovoko langile bat |Argazkia: iStock
2026ko ekainaren 26a - 11:55
Eg. 2026ko ekainaren 26a - 14:25

Arabako Glovoren langile batzordeak lehen bilera egingo du multinazionalaren zuzendaritzarekin datorren astelehenean, ekainaren 29an. CCOOk ohar bidez jakinarazi duenez, besteak beste, lan jardunaldien antolaketa, atsedenak, intzidentzien kudeaketa eta algoritmo sistemen gardentasuna izango dute hizpide bilkuran.

 

CCOOk du Arabako Glovoko langileen ordezkaritza osoa, pasa den martxoan hauteskunde sindikalak egin ostean. Glovok helegitea jarri zien hauteskunde horiei, baina Gasteizko Lan Arloko Epaitegiak atzera bota zuen.

Arabako Glovoko langileek, hortaz, ordezkaritza sindikala dute orain eta egoera horrek beren lan baldintzak hobetzeko bidea ireki diezaieke. Nafarroan iaz eratu zuten langile batzordea, eta Bizkaian hauteskunde sindikalak egiteko eskaera erregistratu zuen ELAk orain aste batzuk.

 

CCOOk jakinarazi du hilabeteotan langile batzordea eratzeaz gain, Glovoko gidariak artatzeko zerbitzua sortu dutela Gasteizen. Era berean, aholkularitza eskaintzen ari da lan gatazkak, kaleratzeak, langileen kontuen blokeoak eta bestelako intzidentziekin laguntzeko.

Lan Ikuskaritzarekin lanean ari direla ere adierazi du sindikatuak, lan jardunaldi, atseden, opor eta prebentzio neurrien inguruan.