UAGA eta Ataca elkarteek deituta, EBk Mercosurrekin egindako akordioaren aurka mobilizazioak egin dituzte Arabako nekazariek. Azken hilabeteetan hainbat egunetan atera dituzte traktoreak errepideetara, eta gaurkoa ere berriro antolatu dituzte protestak.
Gasteizen egin dute mobilizazioa. Fernando Buesa Arena pabiloitik atera eta Lakuara, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaraino joan dira ehun traktore baino gehiago. Laborariek, Bizi nahi dugu, ez biziraun lelopean, adierazi dute Mercosur-EB merkataritza libreko itunak elikagaien gaineko subiranotasuna eta segurtasunaren aurka egiten duela.
Halaber, Raul Beitia Ataca elkarteko presidenteak salatu du itunak lehen sektoreak egun dituen arau eta ekoizpen baldintzak urratzen dituela. Nekazariak jakitun dira Europako Parlamentuak ituna behin behinean geldiarazi duela; aitzitik, uste dute mobilizazioei eustea beharrezkoa dela.
Merkataritza libreko ituna ez ezik, Arabako laborariak ere kexu dira Solaria enpresak lurraldean egin nahi dituen azpiegitura fotovoltaikoengatik. Horren harira, Jaurlaritzari eskatu diote proiektuok ez onartzeko. Beitiaren arabera, 19 proiektu dira, eta 1.200 bat hektareari eragingo lieke.
Edurne Basterra Uagako arduradunak “nekazaritza balio handia duten lursailak” defendatzera deitu du. “Mercosur eta plaka fotovoltaikoekin badirudi gure bizitzeko modua kendu nahi digutela, eta, hori dela eta, atera gara kalera”, esan du.
Hori gutxi balitz, dermatosi nodularraren txertaketarekin ere kritiko azaldu dira nekazariak, eta txertaketa “estentsiboa” egitea eskatu dute.
Bihar ere mobilizazioak deitu dituzte Gasteizen, bai UAGAk, bai Atacak. Espainiako Gobernuaren delegazio aurrean elkartuko dira.