Gaur urtebete, eguerdiko 12:30ak aldera, argindarrik gabe geratu ginen Euskal Herrian. Argiak itzalita, Internetik gabe, segituan konturatu ginen hura ez zela edozein elektrizitate mozketa, Espainian, Portugalen eta Frantziako hego mendebaldean ere sareko konexiorik gabe geratu baitziren. Errepide, ospitale, komunikazio sare eta bestelako azpiegiturak hornidurarik gabe izan ziren, eta 13:00ak pasatxorako apurka-apurka elektrizitatea itzultzen hasi bazen ere, kezka, itzalaldiaren jatorriari buruzko teoriak eta ardura eskakizunak argiaren abiaduran hedatu ziren jendartean.
Egun hartan bertan hasi zen Espainiako Gobernua gertatutakoaren arrazoiak miatzen, eta 365 egun beranduago oraindik ez dago argi zerk eragin zuen ezbeharra. Orain arteko azterketa nagusien arabera, hainbat faktorek egin zuten bat une berean, baina, dirudienez, momentuko energiaren tentsioa kontrolatzeko gaitasun eza izan zen motibo nagusia.
Askok energia berriztagarrien ondorio izan zela esan zuten, nahiz eta gerora argitu zen ez zela hala izan, Espainian, legez, sare elektrikoaren tentsioa kontrolatzeko sisteman ez baitira berriztagarriak erabiltzen. ENTSOE Sare Elektrikoen Europako operadoreen elkarteak ondorioztatu zuen itzalaldiaren arrazoia ez zela energia berriztagarriak sare elektrikoan txertatzea, baizik eta geroz eta nahasiagoa eta konplexuago den sare bat kontrolatzeko sistemaren gaitasun eza, eta sistema hori indartzea, aldiz, dela etorkizuneko erronka.
Era berean, itzalaldi hark agerian utzi zuen sare handi batekiko mendekotasuna, eta eragile askok tokiko sare eta telekomunikazio burujabe eta iraunkorren aldeko aldarriak haizatu zituzten. Era berean, apirilaren 28 hartan gizarte hiperkonektatuak pairatu zuen inkomunikazioak zein zaurgarri garen azalerazi zuen, eta horrek, besteak beste, ekarri du jada loraldian zen autokontsumo elektrikoaren joera are gehiago indartzea.
Autonomia energetikoaren bila
2022 eta 2023an, energia prezioen gorakada bete-betean, eguzki energiarekiko interesa areagotu eta eguzki plaken aldeko hautua egin zuten askok. Bada, iazko itzalaldiak zertxobait apaltzen ari zen energia fotovoltaikoaren aldeko joera berpiztu du. SotySolar konpainia espainiarraren txosten baten arabera, autokontsumoak gora egin du, batez ere energia sistema hibridoak zituzten etxe eta enpresek itzalaldiaren ondorioak ez zituztela pairatu jakin ostean.
Ikerketa horren arabera, aurreztea da eguzki plakak instalatzeko motibazio nagusia oraindik (%65 2025ean eta %60 2024an), baina jasangarritasuna (%12) eta independentzia energetikoa (%8) bezalako faktoreek pisua irabazi dute. Hots, eskariaren portaeran aldaketa sumatu da, eta segurtasun energetikoa garrantzia handia hartzen ari da. Gauzak horrela, lehentasuna ez da soilik energia kostuak murriztea, baizik eta ziurgabetasun egoera baten aurrean autonomia operatiboa eta erantzuteko gaitasuna handitzea.
Eta ez itzalaldiak soilik, Ekialde Hurbilean azken hilabeteetan lehertu den gatazkak ere agerian utzi du energia sistemarekiko herritarron mendekotasuna, gasa eta petrolioaren prezioa nabarmen igo delarik, eta horrek erregai fosilen gaineko mesfidantza areagotu du.
Energia iturri desberdinen bidez sortzeak eta hura biltegiratzeko gaitasuna izateak merkatuaren mendekotasuna murriztea dakar, baita prezioen aldakortasuna egonkortzea ere
Testuinguru horretan, autokontsumoa ez da soilik efizientzia edo deskarbonizaziorako aukera gisa ikusten, arrisku energetikoa kudeatzeko tresna ere bihurtu da. Energia iturri desberdinen bidez sortzeak eta hura biltegiratzeko gaitasuna izateak merkatuaren mendekotasuna murriztea dakar, baita prezioen aldakortasuna egonkortzea ere.
Autonomia energetiko horren peskizan, eguzki plakak bilakatu dira askoren aliatu. Energia fotovoltaikoaren esparruan aritzen diren konpainiak biltzen dituen UNEF elkartearen arabera, autokontsumo fotovoltaikoaren bidez 9,3 GWko potentzia instalatu da Espainian dagoeneko. Beste aliatu bat energia biltegiratzeko azpiegiturak dira: APPA Renovables enpresa elkartearen arabera, energia baterien instalazioa %119 handitu zen iaz (339 megawatt orduko), eta mundu mailan ere hazkundea nabarmena da, 2024an baino 106 gigawatt gehiago instalatu baitziren 2025ean, %43 gehiago, Wood Mackenzie aholkularitza etxearen arabera.
Hori gutxi balitz, Quantica energia enpresak zehaztu duenez, itzalaldiaren ostean, energia sistemak garatzeko proiektuetan bateriak gehitzeko joera handitzen ari da Iberiar Penintsulan. Zehazki, azken urtean eskaera horiek %150 handitu ziren.
Pentsamolde aldaketa eman dela esan daiteke itzalaldiaren ondorengo urtean. 2025eko apirilaren 28aren aurretik, autokontsumoa aurrezteko, dirulaguntzak jasotzeko edota trantsizio elektrikoaren aldeko sinesmenak bultzatuta gauzatzen zen. Orain, aldiz, sare sistemaren aurrean zaurgarri dela jakitun den gizarte batek independentzia energetikoa bilatzen du geroz eta gehiago.
Energia berriztagarriak energia sare orokorrean izan duen hedapen bizkorrari aurre egin behar dio egungo argindar sareak. Eta adituen ustez, gaur-gaurkoz gakoa ez da soilik energia sortzea, baizik eta energia hori nola gorde eta kudeatzea, etorkizunean itzalaldirik gerta ez dadin, eta jazoz gero, hiperkonektatuta jarraitzeko energia nahikoa eskura egon dadin.