
Greba egun orokorra deitu dute gaur Ipar Euskal Herrian: irailaren 10ean izan zen blokeatzeko egunari jarraipena emanez, martxan dira manifestariak, Emmanuel Macron presidentearen politikei aurre egiteko asmoz. Baionako Santa Ursula plazatik abiatu da manifestazioa goizeko 10:30ean. Antolatzaileek diotenez, 4.000 pertsona inguru bildu dira.
Biarritzen ere izan dira hainbat protesta, are gehiago, manifestariek Hotel du Palaiseko sarrera blokeatu dute, poliziek kanporatu egin dituzten arte. Sindikatuek adierazi dutenaren arabera, Ipar Euskal Herriko deialdiak eragina izango du osasungintzan, hezkuntzan eta garraioan: jangela zerbitzuak eta eskolaz kanpoko ekintzak ez dira eskainiko, besteak beste.
Duela zortzi egun, irailaren 9an, izendatu zuen presidenteak Sebastien Lecornu lehen ministro berri, François Bayrouren dimisioaren ostean. Izendapena aditzera eman bezain laster etorri ziren erreakzioak, eta gobernuaren aurkako greba orokorrera deitu zuten herritarrek berehala. Irailaren 10ean bertan 95 pertsona atxilotu zituzten goizaldean Parisen (Frantzia osoan 540 inguru), eta 6.000 polizia inguru mobilizatu behar izan zituzten hiriburuan. Baionan ere sei manifestari atxiloturik eraman zituzten.
Gaurko greba egunarekin manifestariek murrizketen aurka egin nahi dute. Izan ere, lehen ministro ohiak 44.000 milioi euroko murrizketak iragarri zituen, besteak beste, hezkuntzan, osasun arloan eta Ipar Euskal Herriko Euskal Kultur Erakundearen aurrekontuetan. Komunikabideen arabera, gaurko egunean jada hamarnaka pertsona atxilotu dituzte Frantzian.