Banku zentralak, zertarako?

Bankuak gainbegiratzeko eta erregulatzeko funtzioa dute, besteak beste. Istorio baten bitartez azaldu al daiteke hori?

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Ekonomia herrialdean, egun polit bat zeukaten aurretik. Behin atzeraldia pasata, bere errutinara bueltatu ziren bertako biztanleak, eta ongizaterako bidean zeuden berriro ere. Beraien zerbitzuak eta produktuak elkartrukatzen eta erosten jarraitzen zuten. Oraindik aipatu ez badugu ere, elkartruke horiek egiteko bertako txanpon bat erabiltzen zuten, Eypo izena duena. Eypo horrek Ekonomia herrialde osoan zuen indarra, eta bertako biztanle guztiek sinesten zuten bere fidagarritasun eta balioan.

Ekonomia herrialdean denak ez ziren biztanle eredugarriak, batez ere taldetxo txiki bat. Eurak arratsaldeak beraien lokalean igarotzen zituzten, pentsatzen. Baina zertan? Denbora horretan taldetxo horrek dirua erraz eta azkar nola irabazi zuen beren ideien ardatz. Halako batean, taldeko liderrari ideia bikaina otu zitzaion. “Zergatik ez ditugu EYPOak geuk egiten, lokalean?”

Ideia sinple bezain eraginkorra zela zirudien, eta hor hasi zen gure taldetxoa EYPOak egin eta egin. Hasieran EYPO mordoa biltzea lortu zuten, eta aberatsen modura bizitzen hasi ziren. Hori ikusita beste biztanleak ez ziren atzera geratu, eta EYPOak egin eta egin hasi zen jende guztia. Herrialdearen barruan prezioak igo eta igo hasi ziren denek baitzuten diru nahikoa edozer erostek.

Heldu zen momentu bat, ordea, non zenbaitek ez zuten denborarik EYPO horiek sortzeko, eta horrelako prezioekin beraien erosketa ahalmena gutxituta ikusi zuten. Beste batzuek erabaki zuten beraien lana ere uztea eta EYPOak egin eta egin ibiltzea. Horrekin produkzioak ere behera egin zuen, eta beste herrialdeetara joan beharra izan zuten beharrezko gauzak erostera. Horrela beste arazo larri bat ere azaleratzen hasi zen beste herrialdeekin merkataritza eragiketak egiten hasi zirenean. Ekonomiak bazuen ondoan beste herrialde bat; herrialde honek Uniteka zuen izena, eta bertan EKHI txanpona erabiltzen zen.

Fidagarritasuna mantentzea

Ekonomian EYPOekin izaten ari ziren arazoa iritsi baino lehen, bi herrialdeetako txanpon kopuru berdinarekin gauza berdinak eros zitezkeen. EYPOak egin eta egin hasi zirenetik, ogi zati batek Ekonomia herrialdean 10 EYPO balio zituen; Unitekan ogi zati berak 1 EKHI. Hori, ikusita Unitekako agintariek erabaki zuten 10 EYPO beharko zirela EKHI bat lortzeko, hala Ekonomiako txanponaren balioa jaitsiz. Hori ikusita Ekonomiako biztanleek konfiantza erabat galdu zuten EYPOaren balioan eta zer edo zer egin beharra zegoela pentsatu zuten.

Ekonomiako liderrek ideia bat eduki zuten orduan: banku zentral bat sortzea. Banku horren ardura izango zen ordura arteko bankuak gainbegiratzea eta erregulatzea, diruaren fidagarritasuna eta balioa mantentzeaz gain.

Banku zentralaren funtsezko funtzio bati buruz hitz egin zien: herriaren egonkortasun ekonomikoaren zaindaria izatea

Ekonomiako Banku Zentrala herrialdeko bihotza bihurtu zen. Bere funtzionamendu ona erabat garrantzitsua zen Ekonomiako diru kontuen egonkortasuna bermatzeko. Hain garrantzitsua izaki, biztanleei bisita gidatuak eskaintzen hasi ziren, biztanle hauei erakusteko nola funtzionatzen zuen banku zentralak eta bere beharra zertarako zen. Miren eta Iker izan ziren lehen bisitariak. Bisitari horiek oso bereziak ziren, Ekonomiako eskolako ordezkari gisa joan baitziren, eta beraien eginbeharra han ikasitakoa beste ikasleei erakustea izango zen.

Bisitako gidaria Karmen izan zen, banku zentraleko lehendakaria. Banku zentralaren funtsezko funtzio bati buruz hitz egin zien: herriaren egonkortasun ekonomikoaren zaindaria izatea. Banku zentralak ordura arte Ekonomia herrialdean zeuden bankuak gainbegiratuko eta arautuko zituela azaldu zien, behar bezala funtzionatzen zutela eta pertsonen dirua babestuta zegoela ziurtatzeko. Banku zentralak aldizkako ikuskapenak egingo zizkien bankuei, kaudimen-arauak eta baldintzak betetzen zituztela ziurtatzeko. Era berean, bankuek arriskuen kudeaketa egokia izan dezatela ziurtatuko zuen, galerak saihesteko eta herritarren aurrezkiak babesteko.

Interes tasen doikuntza

Gainera, banku zentralak beste erakunde arautzaile batzuekin elkarlan estua edukiko zuen, finantza sistema osoaren egonkortasuna bermatzeko. Horren barruan, baloreen merkatuak eta bankukoak ez diren finantza-erakundeak gainbegiratzea sartzen da, hala nola aseguru etxeak.

Horrez gain, banku zentralak gauzen prezioak azkarregi igotzen direnean, hau da, inflazioa sortzen zenean, kontrolatu egingo zuela kontatu zien. Mirenek eta Ikerrek ikasi zuten banku zentralak hainbat tresna erabiltzen zituela inflazioa erregulatzeko, nabarmenena, interes tasen doikuntza. Horrek dirua lortzea erraztu edo zaildu egingo du, zirkulazioan dagoen diru kopurua kontrolatuz. Interes tasak igotzen badituzte, dirua lortzea zailagoa izango da; alegia, gastatzeko diru gutxiago izango da,  produktuak erosteko ahalmena (eskaria) jaitsiko dela eta honekin prezio murrizte bat lortuko dela azaldu zien. Bestalde, ekonomia atzeraldian bazegoen, interes-tasak murriztu zitzaketen gastua suspertzeko eta hazkunde ekonomikoa sustatzeko.

Banku zentralak gauzen prezioak azkarregi igotzen direnean, hau da, inflazioa sortzen zenean, kontrolatu egingo zuela kontatu zien

Banku-erreserbei buruz ere hitz egin zien. Banku zentralak bankuek diru kopuru jakin bat erreserban izatea eskatzen zuela azaldu zuen. Horrek zirkulazioan zegoen diru kopurua kontrolatzen eta finantza egonkortasuna mantentzen laguntzen zuen.

Azkenik Karmenek ordenagailuz betetako gela bat erakutsi zien, eta banku zentrala ere transakzio elektronikoak prozesatzeaz arduratzen zela adierazi zien. Ordainketak kontu batetik bestera nola transferitzen ziren erakutsi zien, eragiketa guztien segurtasuna eta eraginkortasuna bermatuz.

Banku zentralak bankuek diru kopuru jakin bat erreserban izatea eskatzen zuela azaldu zuen. Horrek zirkulazioan zegoen diru kopurua kontrolatzen eta finantza egonkortasuna mantentzen laguntzen zuen.

Miren eta Iker hunkituta geratu ziren Ekonomiako egonkortasun eta segurtasun ekonomikoa bermatzeko banku zentralak egiten dzuen lan xehe eta zehatzagatik. Ulertu zuten banku zentrala heroi zaindari bat zela, etengabe lan egiten zuena finantza-sisteman konfiantza mantentzeko eta herritar guztien interesak babesteko.

Bisitaren amaieran, Miren eta Ikerrek sekulako besarkada eman zioten Karmeni erakutsi zienagatik. Banku zentralari buruz ikasitakoa eta herriko ekonomian duen garrantzia beraien eskolan eta lagunen artean zabaltzeko hitza eman zuten.

Artikulu hau 'Atzeraldiaren fabularen' jarraipena da.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK