Durangoko Azokak bigarren egunez ireki ditu ateak, eta jendez lepo dago Landako Gunea: liburuak begiratu, musika taldeen azken diskak erosi, ospetsuren batekin edo bestearekin argazkia atera…
Egun pasa egiteko hamaika ekintza prestatzen dituzte antolatzaileek, baina aurten, bada berritasun bat: Berbagailua. Gune hori, azken urteetan boladan dauden podcast eta bideopodcasten txokoa da; atzotik hasi eta astelehenera bitartean, egunean hiru bat podcast grabatuko dituzte zuzen-zuzenean bertatik: Benetan Zabiz (EITB), MusikaZuzenean (Hamaika telebista) eta Berriketan (Berria) podcsatak gonbidatu dituzte, besteak beste, gune berrira.
Berbagailua ez da ezerezetik sortu: podcasten kontsumoa asko zabaldu da mundu mailan, eta industria berri horrek badu tokia Euskal Herrian ere.
Hain zuzen ere, Euskal Herrian euskarazko podcasten falta zegoela argi ikusi zuten Euskalerria Irratian. Espainian formatua loraldi fasean zegoen jada, eta irratikoak jabetu ziren hemen ere, tokian tokitik, podcasterako lanak egitea aukera izan zitekeela. Hala, dirulaguntza publikoen bultzadarekin, 2021-2022 denboraldian Iruñerriko irratikoek inbertitu egin zuten kamera adimentsuetan eta errealizazio automatikoan, podcasten unibertsoa martxan jarriz. “Euskaraz podcastak egiten, oro har, guztiok berandu hasi baginen ere, ni oso pozik nago, askotariko eskaintza eta kalitatezkoa dagoelako”, dio Juan Kruz Lakasta Euskalerria Irratiko kazetariak.
Egun, hiru podcast ditu abian irratiak: musika ardatz izanik, Martin Zirizak (Borla eta Tatxers taldeetako kidea) gidatutako Espaloian koska bideopocasta; Sarai Robles bertsolariaren eskutik Beratzen euskal kulturari buruzko bideopodcasta; eta Flop Kultura bideopodcasta. Azken horretako protagonistak, Eneko Garcia eta Danel Pascual, izango dira zuzeneko saioa egiten Durangoko Azokako Berbagailuan, abenduaren 8an, eguerdiko 13:00ean.
Donostian kokatutako Hiru Damatxo kooperatiba ere 2021. urtean hasi zen, nolabait ere, bideopodcastak lantzen. Hasieran, oraindik ere bideopodcast kontzeptua bera ez zegoenean guztiz garatuta, EITBrekin lankidetzan Zulora saio digitalarekin hasi ziren, zeinak bideopodcasten tankerako izaera zuen. Mahai-inguru formatua izan arren, podcast moduan zabaltzen zen ondoren. “Orduan ikusi genuen gaitasuna genuela antzeko edukiak egiteko, eta hori izan zen aitzakia formatua lantzen hasteko”, azaldu du Lander Arretxea ekoiztetxeko kideak.
“Istripuz” hasi zenaren aldeko apustu garbia egin du konpainiak azken urteetan. Bada!bil izeneko podcasta da horietako bat, Durangoko Azokarekin eta EITBrekin elkarlanean garatutakoa; Berbagailua gunean zuzeneko saioa larunbatean egingo dute, abenduaren 6an, eguerdiko 13:00ean. Badituzte beste saio batzuk ere, Badalabekin garatutako Nork Nori Noiz? bideopodcasta, kasu. Zulora saio digitaletik abiatze horrek eragina izan du ekoiztetxeak gaur egun garatzen dituen proiektuetan: “Kamera planteamendu aberatsa, argiztapen zaindua… telebista formatura nahiko hurbiltzen gara bideopodcastetan, hori da gure berezitasuna”, gehitu du Arretxeak.

"Osasun ona" dute euskarazko podcastek
Podcastak orotarikoak dira gaur egun: informatiboak, elkarrizketetakoak, umorezkoak, narratiboak… Lakastari fikziozko podcasten bilakaerak eman dio atentzioa: “Oso interesgarria iruditzen zait euskarazko fikziozko podcastetan egin diren aurrerapenak; itzelezko kalitatea duten podcastak daude fikzioan”. Arretxea ere bat dator egungo egoeraren analisi horrekin, egungo ekosistema “aberatsa” eta “anitza” iruditzen baitzaio. “Erreferente berriak, hitz egiteko tonu eta modu berriak, jende ez hain ohikoa pantailetan… osasun ona dute euskal podcastek; bai edukiz, bai teknikoki, kalitate handiko edukiak egiten dira han eta hemen”, berretsi du Hiru Damatxokoak.
Euskal Herrian ez ezik, mundu mailan sekulako gorakada izan du bideo-audio formatuak: Podcastle atariaren arabera, 2019an 274,8 milioi podcast entzule zeuden, eta 2024an, ordea, zifra 546,7 milioi pertsonakoa zen (aurreikuspenak gaindituta, hasiera batean 504,6 milioi entzule izatea espero baitzen). Era berean, aurreikuspenek diote 2027an jada 651,7 milioi izango dira podcast entzuleak. Plataforma beraren arabera, Estatu Batuetan egiten dira podcast gehien, baina Frantzian eta Espainian ere asko egiten dira, mundu mailako rankingean bosgarren eta zazpigarren postuan baitaude, hurrenez hurren. Euskal Herriko zenbateko eguneraturik ez dagoen arren, imagina daiteke goranzko joera berbera izaten ari dela.
Juan Kruz Lakasta (Euskalerria Irratia): “Hamazazpi urteko gazteek Flop Kultura podcasta entzuten dute, hau da, Euskalerria Irratia ezagutzen dute. Lehen hori pentsaezina zen”
Bai Euskal Herrian, bai mundu mailan, bidepodcastek funtzionatu izana zenbait arrazoiri esker izan da. Besteak beste, formatuak aukera eskaintzen du gaiak sakontasunez jorratzeko; telebistan edo bertsio motzagoetan lantzeko zailagoak izan daitezke zenbait gai. Telebistan ohikoa ez den moduan, “presio gutxiagorekin” eta “espazio libreago batean” ontzen dira podcastak Arretxearen ustez; era berean, “gauza asko esateko duen jendea ere erosoago senti daiteke podcastak grabatzean”, nabarmendu du.

Publiko berriarengana iristeko erreminta gisa ere funtzionatzen dute. Hain zuzen ere, Lakastaren iritziz, podcastena “bide emankorra” izan daiteke irratientzat, batik bat, gazte jendearengana iristea bada helburua. “Gure kasuan, Iruñerriko euskal komunitatearekin oso lotua dagoen irrati komunitarioa izanda, gazte jendearekin harreman bizia izatea ezinbestekoa da”, onartu du, irrati tradizionalaren entzuleria oro har 45 urtetik gorakoa dela baieztatzearekin batera. “Hamazazpi urteko gazteek Flop Kultura podcasta entzuten dute, hau da, Euskalerria Irratia ezagutzen dute. Lehen hori pentsaezina zen”.
Ekoizpenak baditu zailtasunak
Podcastak ekoizteko ezinbestean inbertsioa egin behar da, baliabideak behar dira, eta hori “ez dago, agian, batzuen esku”, gogoratu du Lakastak. Hari berari beste puntatik helduta, Arretxeak “iniziatiba popularren” falta antzeman du podcasten ekosisteman, lagun taldeek mugikorra erabilita eta kalitate gutxirekin sortutako saioak ez baitira horrenbeste. “Gaur egun, podcastak sortzean normalean dirulaguntzak eta hedabideak daude tartean; bideopodcast asko egiten dira, hein batean, profesionalak”.
Irratien kasuan, bada beste konplexutasun bat ere bai: barneratzea podcastek beste kode batzuk dituztela, zeinak irratikoetatik aldentzen diren. “Irratiko esatariak podcasta gidatu behar badu, oso argi izan behar du formatu aldaketa: mintzatzeko tenorea, musika txertatzekoa, egiturak… podcast asko ikusi behar ditu aurrez”, azaldu du kazetariak.
Lander Arretxea (Hiru Damatxo): “Gaur egun, podcastak sortzean normalean dirulaguntzak eta hedabideak daude tartean; bideopodcast asko egiten dira, hein batean, profesionalak"
Donostiakoak, ekoiztetxe kooperatiboa den heinean, ardura andana izaten du podcasta ekoiztean: landuko den edukia garatu, gonbidapenak bidali, tokia topatu, grabatu, editatu… Lan teknikoak baditu bere zailtasunak: “Jende egokia toki, egun eta ordu berean batzea da, segur aski, neketsuena”, dio Arretxeak. Lan guzti hori errazte aldera, eta bezeroek enkarguz eskatutako saioak ekoitzi arren, podcastak bere egiten saiatzen da ekoiztetxea, prozesua “atsegina” eta “erosoa” izan dadin eta edukiarekin gustura lan egin dezaten.
Datorrenarekiko gogotsu
Euskalerria Irratiak salto kualitatiboa emango du. Izan ere, 2026ko irailaren 1ean egoitza berria izango dute eta azpiegitura aldetik aurrera pauso nabarmena izango da: kamera gehiago, publikoa bertaratzeko espazioa, musikarientzako txokoa, pantaila handi bat, emititzeko eta grabatzeko bi estudio… “Egun ez dugu podcast gehiago egiten ezin dugulako. Kamera sistema estudio nagusian daukagu eta ezin dugu emititu, irratigintza eta podcastgintza uztartu behar ditugulako”, azaldu du Lakastak. Egoitza berriak, hortaz, bidea erraztuko dio irratiari.
Ez dute bidea bakarrik egin nahi, ordea, eta bestelako eragile politiko, sozial eta kulturalekin elkartuko dira saioak garatzeko, batzuetan Euskalerria Irratia marka pean, eta beste batzuetan markarik gabe. Podcasten “gainekoizpen” garaian, irratikoek tokikotasunetik eta komunitatearekin lankidetzan egin nahi dute aurrera.
Hiru Damatxokoek ere badituzte burutapen gehiago: “Beste bizpahiru ideia garapen fasean ditugu, lanketa prozesuan edo finantzazio bila”, zehaztu du Arretxeak, eta “umorezko bideopodcast bat egiteko gogoz” daudela gaineratu du. Bestalde, ekoiztetxeak iniziatiba hartu eta proiektuak “beraien gogoetatik abiatzen” saiatu nahi du; izan ere, orain arte deialdi zehatzei erantzunez sortu dituzte proiektuak, “enkargu bat atzean izanda eta guk soilik forma emanda”.
