Bilbo susperrarazi zuen neskamea

Casilda Iturrizar Euskal Herriaren historiak eman duen eragile ekonomiko garrantzitsuenetako bat da. XIX. mende amaieran, bere dohaintzak giltzarri izan ziren Bilboko hiriaren garapen ekonomikorako

Casilda Iturrizar Casilda Iturrizar

1900. urtean hil zen Bilbon Casilda Iturrizar Urkijo. Esaten denez, bere heriotzan egun 225 milioi euro balioko luketen ondasunak zituen emakume bilbotarrak. Oinordekotzarik ez zuenez, bere ondasunak jaioterrian laga zituen, auzokideen artea, jende txiroaren artean banatuz, besteak beste. Filantropo bezala ezagutzen da egun, orduan egindakoagatik, baina Iturrizar hori baino askoz gehiago izan zen. Bere garaiko merkatari eta eragile ekonomiko garrantzitsuenetako bat.

Martxoak 8 da gaur, Emakumearen Nazioarteko Eguna. Emakumeak historian zehar jasandako jazarpenak salatu, eta bere askapenaren bidean aldarri egiteko data seinalatua. Orain ehun urte baino gehiago hil zen Iturrizar, egun baino sexu desoreka handiagoa zegoen gizartean batean. Bada, nola lortu zuen emakume bilbotarrak halako botere ekonomiko eta soziala orduko gizarte itxian?

Bere heriotzan egun 225 milioi euro balioko luketen ondasunak zituen emakume bilbotarrak

Jose Iturrizar Basabe eta Eugenia Nicolasa Urkijo Ziurtegarayren alaba, Bilboko Begoña auzoan jaio zen 1818an. Aitak denda txiki bat zuen, ama, aldiz, familia onekoa zen. Aitzitik, 1832an familiak ekonomikoki porrot egin zuen eta handik urtebetera Jose aita zendu zen, ama zortzi umeren kargu utziz, horietatik lau osasun egoera eskasean zirelarik.

Bere bizitza aurrera ateratzeko asmoz, Iturrizar Bilboko merkatari oparoenetako baten etxean hasi zen lanean oso gaztetatik, Tomas Jose Epaltzaren etxean hain zuzen. Zurrumurrek diotenez, langile eta ugazabaren erlazioa baino zerbait gehiago izan zuten Iturrizarrek eta Epaltzak. María Concepcion Lequerica Bergaretxea izeneko emakume batekin ezkonduta zegoen Epaltza eta dibortziatu baziren ere, matrimonioa ez zen desegin. 1957an hil zen bere emaztea, eta bi urte beranduago ezkondu zen merkatari diruduna Iturrizarrekin.

Bilboko emakume aberatsena

1900. urtean Bilboko emakumerik dirudunena zen Iturrizar. Zeinek esango lioke hori, 68 urte lehenago, bere familiak porrot egin zuen unean? Garai horietan Bilbon eraldaketa bat ematen ari zen ekonomikoki, eta merkataritza hiri bat izatetik hiri industrial eta finantzario bat izatera igaro zen apurka-apurka. Prozesu horretan, Epaltza eragile garrantzitsua zen. Santa Ana de Bolueta Euskal Herriko siderurgia modernoaren lehen enpresetako baten sustatzailea izan zen 1841ean. Bilbo eta Tuteraren arteko ferrokarrila sortzeko garaian ere arduradunetako bat izan zen, baita 1857an Bilboko bankuaren sorrerakoa ere.

XIX. mende amaieran, Bilbon eraldaketa bat ematen ari zen ekonomikoki, eta merkataritza hiri bat izatetik hiri industrial eta finantzario bat izatera igaro zen apurka-apurka

Hori gutxi balitz, ondasun higiezin ugari zituen Epaltzak, eta ez soilik Bilbon, baita inguruko herrietan ere. 1873an hil zen, eta Iturrizar alargun gisa geratu zelarik, senarraren negozioekin jarraitu zuen, "Epaltzaren alarguna" ezizenarekin sinatuz. Orduko dokumentuetan jada hiriko aberatsenen artean zerrendatua ageri zen Iturrizar.

Bere senarrak utzitako banku eta higiezinen negozioari eutsi zion, eta hainbat inbertsio egin zituen trenbideen eraikuntzan (Bilbotik Portugaletera edota La Roblakoa), edota ikatz meategietan. Halaber, hezkuntza mundura bideratu zuen ondasunen beste zati handi bat. 1883an Sociedad Anonima La Enseñanza Catolicari lagundu zion. Hala, Bilbon eta inguruan hainbat eskola eta unibertsitate ireki ahal izan ziren. Are gehiago, garaiko Jesuitekin ere akordioak egin zituen.

Senarra hil eta hogei urtera, Casilda Iturrizar zen Bilboko etxebizitza jabe nagusia. Guztira, hemeretzi etxe zituen, eta urtean 65.383 pezeta inguru errentak eskuratzen zituen. Horri gehitu beharko litzaizkioke Portugaleten edo Barakaldon zituen beste hainbat jabetza.

Senarra hil eta hogei urtera, Casilda Iturrizar zen Bilboko etxebizitza jabe nagusia. Guztira, hemeretzi etxe zituen, eta urtean 65.383 pezeta inguru errentak eskuratzen zituen

1891an Fundación Católica de Escuelas y Patronato de Obrerosen sorreran ere parte hartu zuen, langileei irakaskuntza, aisialdia eta babesa erabat doan eskaintzeko helburuarekin. Izan ere, Iturrizarrek higiezinak ez zituen soilik etekin ekonomikoa lortzeko. Bere etxean Asociación de la Sagrada Familia elkartea ere batzen zen, bera eta Bilboko goi mailako familiako Rafaela Ybarra buru zirelarik. Bertan eskola txiki bat eraiki zuten langile klaseko emakumeentzat, baita neskame eta prostitutentzat ere.

1900 urteko otsailean hil zenean, bere ondasun ugari lagun, bizilagun eta senideei utzi zizkien, baina batik bat, gizarte ekintzetara bideratu zuen dirua. Diotenez, 7,5 milioi euroko legatua utzi zuen. Egun, Bilbon bi eremuk daramate Iturrizarren izena bere omenez. Bata Arenalen dago, eta Epaltzaren alargunaren kalea bezala ezagutzen da. Bestea 1941az geroztik, bere izena daraman parkea da, Bilboko birika.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK