• EKONOMIA
  • Sindikatuek Confebasken "izaera probokatzailea" salatu dute

Sindikatuek Confebasken "izaera probokatzailea" salatu dute

Patronalak uko egin dio ELA eta LABen eskaerari, eta Torres sailburuak ohartarazi du "akatsa" dela bi aldeetako eragileak ez elkartzea

Gutxieneko soldata propioaren aldeko manifestazio bat | Argazkia: LAB
Gutxieneko soldata propioaren aldeko manifestazio bat | Argazkia: LAB
2026eko martxoaren 23a - 12:35

Pasa den astean izandako greba orokorraren ondoren, ELA eta LAB sindikatuek Confebask patronalari dei egin zioten bihar bilera bat egiteko, gutxieneko soldata propioaren gaia lantzen jarraitzeko eta adostasunera iristeko xedez. Confebaskek ordea, gaur jakinarazi du ez dela sindikatuekin elkartuko, eta azaldu du sindikatuen deialdi berriak “harritu” egin dituela.

 

Funtsean hiru gauza azpimarratu ditu patronalak: batetik, sindikatuek beti gauza bera eskatu dutela, EAErako gutxieneko soldata propioa ezartzea, “beste helburu gehigarririk gabe”; bigarrenik, Confebaskek ez duela ulertzen negoziazio-eskaera berrian, “berria” den gauza bakarra “lan terminoetan” negoziatu nahia dela, eta patronalak iritzi duela hori begi bistakoa zela eta ez duela ezer aldatzen; azkenik, berriz negoziatzeari uko egiten diotela, “legezko arrazoiengatik”.

Ildo beretik, gogorarazi dute EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak esan zuela ezin dela gutxieneko soldata propioa legez negoziatu esparru horretan, eta gainera, sindikatuek epaiari errekurtsoa jarri ziotenez ez duela zentzurik “bien bitartean negoziatzea”.

Gauzak horrela, Confebaskek berretsi du uko egiten diotela negoziazio-eskaerari. “Espero dugu ELAk eta LABek atzera egitea”, gaineratu dute.

 

Ikusi beharko da Nafarroan zer gertatzen den, CEN patronalarekin bilera ere deituta baitago asteazkenerako.

Confebasken "izaera probokatzailea" salatu dute sindikatuek

Sindikatuek denbora gutxi behar izan dute erantzuna emateko: Confebasken erantzuna "probokatzailea" izan dela salatu dute. Gogorarazi dute Eusko Legebiltzarrak bi aldeei eskatu ziela negoziatzera esertzeko, eta patronalak eskaerari "entzungor" egin izana manifestatu dute.

Era berean, ELAk eta LABek Eusko Jaurlaritzari exijitu diote Confebaski "zuzenean aurre egiteko", hori delako "milaka eta milaka langilek martxoaren 17an eskatutakoa". Hala, negoziazioak aurrera egin ezean mobilizazioei berriro ere ekitea aurreikusi dute sindikatuek, "gutxieneko soldataren aldarria geratzeko etorri delako". 

Jaurlaritza elkarrizketa sozialaren alde

Torres Lehendakariordearen erantzuna ere iritsi da denbora gutxira. Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak berriro ere elkarrizketa sozialaren alde egin du, eta ohartarazi du "akatsa" dela bi aldeak ez elkartzea. "Negoziazio kolektiboak ez dira epaitegietara eraman behar, elkarrizketa sozialaren mahaira baizik", azpimarratu du. 

Jakinarazi du "guztiekin hitz egiten" jarraituko duela Jaurlaritzak, langileen soldatak hobetzeko akordioak lortzeko ez ezik, "lehiakortasunaz, lan osasunaz edo belaunaldien arteko erreleboaz" hausnartzeko.