Industria sektorea atzeraldi arriskuan ikusten du Tamara Yagüe Confebaskeko presidenteak, baina uste du oraindik goizegi dela Ekialde Hurbilean hedatu den gerrak EAEko ehun ekonomikoan izango duen eragina neurtzeko. Datorren martxoaren 17an Hego Euskal Herriko sindikatuek deitutako greba orokorra "politikoa" dela adierazi du, izan ere, bere esanetan, Confebaskek ez du zilegitasunik lanbide arteko gutxieneko soldata (LGS) negoziatzeko.
Ekialde Hurbilean hedatu den gerrak petrolioaren eta bestelako energia iturrien gorakada ekarri dute. Zer nolako inpaktua izan dezake horrek enpresetan?
Ondorioak ezberdinak izango dira sektore bakoitzean, eta horren harira Industriaren Defentsarako bilerara deitu gaitu lehendakariak aste honetan. Enpresa batzuk kaltetuagoak izango dira, hainbat delegazio dituztelako Ekialde Ertainean, baina egia da ondorio orokor batzuk ere izango direla, gerraren iraupenaren araberakoak betiere. Inflazioaren gorakada etorriko da, energia kostuen igoerak eraginda, erregai fosilengatik —gasolina eta gasa— batik bat. Beraz, industria elektrointentsiboan kalte handiak eragingo ditu. Eragina izango du ekoizpen eta soldata kostuetan, eta hornikuntza kateetan ere. Ondorioak kezkagarriak dira, eta espero dugu gerra lehenbailehen amaitzea.
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
Gerrak luzatzeko itxura du baina.
Aste honetan Trumpek kontrakoa esan zuen eta petrolioaren prezioa bat-batean jaitsi egin zen. Gero ez dakit beste zerbait esango ote duen. Ez dakizkit zeintzuk diren bere aurreikuspenak, baina ayatolah berriaren izendapena ez da izan Trumpen gustukoa, beraz, ikusi beharko da.
Irango gerraz harago, Estatu Batuen eta Txinaren arteko merkataritza tentsioak Europako ekonomiaren lehiakortasuna eta, era berean, Euskal Herriarena baldintzatu du azken urtean. Euskal enpresen esportazioei eragin die, besteak beste. Nola ikusten duzu egoera hau?
Munduko merkataritzaren joko-arauak aldatu direla esaten aritu gara azkenaldian. Nik uste dut borroka bat dagoela Txina eta AEBren artean munduko merkataritzaren nagusitasuna bereganatzeko, eta Europari eragiten dio horrek. Ez da soilik AEBk makina-erreminta eta energia sektoretako esportatzaile nagusi gisa duen garrantziagatik, baita guretzako merkatu esportatzaile nagusi diren Alemania eta Frantziari zuzenean kalte egin dielako ere. Domino efektu bat ematen da.
Iaz, eraikuntza eta zerbitzuen sektoreari, logistika eta turismoa batez ere, esker hazi zen gure ekonomia, eta aurtengo aurreikuspenak ere halakoak dira. Industria, aldiz, geldirik dago. Egia da sektore guztiek ez dutela portaera bera, siderurgia eta makina-erreminta, automozioarekin lotura duten heinean, askoz eragin negatiboagoa izaten ari dira. Beste sektore batzuk, energiarena, esaterako, egoera hobean dira. Zuhurtzia izan behar dugu, une kritiko batean gaude eta industriaren hazkundea bermatzeko lan egin behar dugu, gure ongizatearen oinarria baita.
2026rako %2,1eko ekonomia hazkundea aurreikusi zenuten. Azken gertaerak ikusita, aurreikuspen hori mantentzen al duzue?
Egoeraren arabera, %1,7 eta %2,6 arteko hazkundea aurreikusi genuen, eta oraindik goizegi da gure aurreikuspena aldatzeko. Ikusiko dugu egoera geopolitiko honek zer eragin izango duen, izan ere, aipatu dugu inflazioari, ekoizpen eta soldata kostuei eta hornikuntza kateari eragin diezaiokeela. Dena ondo aztertu beharra dugu.
"Fiskalitatean inbertitzeko garaia da, ez diru gutxiago biltzeko, baizik eta diru hori hobeto biltzeko"
Industriaren geldotasuna aipatu duzu. Orain gutxi ere esan zenuen atzeralditik gertu egon daitekeela eta hurrengo hilabeteak gako izago zirela. Bada, gerra berri bat azaldu zaigu.
Kezkatuta gaude. Probintzietako gure erakundeek (Cebek, Adegi eta SEA) eginiko inkestetan aurreikusten genuen geldialdi hori. Ikusiko dugu zer nolako bilakaera duen eta ea nola gauden hilabete barru. Lehen esan bezala, gatazkaren iraupenak baldintzatuko du dena. Aste honetan bertan Nazioarteko Diru Funtseko zuzendari nagusiak adierazi du edozertarako prest egon behar dugula.

Industria krisiari aurre egiteko, inbertsio pribatua erakartzea al da konponbidea?
Uste dut hainbat alderdi landu behar ditugula. Euskadik abantaila konpetitibo bat du gainerako autonomia erkidegoen eta beste herrialde batzuen aldean: bere oinarri industriala. Gure BPGa industrian oinarritzen da, eta Draghi eta Lettaren txostenek zioten bezala, gehiago industrializatzea izan beharko luke helburua. Azkar egin behar dugu, denbora aurka baitugu.
Horretarako, industria errotu behar dugu, eta uste dut Jaurlaritza urratsak ematen ari dela Industria Aliantzaren bidez. Inbertsioa ez du soilik egiten ohiko ereduen bidez, finantza aliantza berriak bilatzen ari da diru pribatua lortzeko enpresa munduko inbertsiogileen bidez. Industria horietan inbertitzearekin ados gaude, betiere industria horiek bideragarriak badira, eta horien inguruan zerbitzu osagarriak sortzen badira. Era berean, bermatu behar dugu enpresen erabakiguneak hemen izatea, horrek erraztuko baitu horien errotzea.
Industria horiek, gainera, atzerrira atera behar dute, inbertitzera, euren enpresa ehuna indartzera. Eta, era berean, lan egin behar dugu atzerriko inbertsioak hona etor daitezen, ez soilik industria ehuna handitzeko, baita berrikuntza indartzeko ere. Kanpoko inbertsio berritzaileak behar ditugu, Europa hegoaldean berrikuntza polo bat sortzeko, eta Euskadik polo horren erreferentzietako bat izan behar du. Horretarako, ordea, ez dugu soilik inbertsioetan zentratu behar. Erakargarriak izateko Itun Ekonomikoa baliatu behar dugu. Fiskalitatean inbertitzeko garaia da, ez diru gutxiago biltzeko, baizik eta diru hori hobeto biltzeko. Aste honetan jakin dugu bateria fabrika txinatarren proiektua Nafarroara joan dela Europako funtsak direla eta. Horrek lanpostu pila bat sortuko ditu eta inguruan ekonomia sortuko du.
Tubos Reunidosen enplegu erregulazio espedientearen gaineko kontsulta aldia gaur arte luzatu da. Greban dira langileak. Zuek diozue greba ez dela gatazkari irtenbidea emateko modu onena.
Gatazkari buruz eman dut iritzia behin baino gehiagotan. Horrelako egoera bat ez da desiragarria, ez soilik langileen kaleratzeengatik, Euskadin urte askoz errotuta dagoen industria bat ere galtzen delako. Enpresaren bideragarritasunaren alde lan egin behar da, eta gustatuko litzaidake hori lortzeko inbertsore publiko eta pribatuak lortzea.
Gatazkaren gainerako tirabirak ez dakizkit. Nik uste dut langile bakoitzak proiektuari eta bere bideragarritasunari buruzko hausnarketa egin behar duela. Ezin dut besterik esan. Badakit Trapagaran eta Legutioko ELAren artean iritzi desberdinak daudela, baina uste dut langile bakoitzak hartu behar duela erabakia.
"Askotan esan dut gutxieneko soldata ez dela Euskadiren problematika"
Tubos Reunidosez gain, azken urtean industria sektoreko hainbat enpresetan eman dira itxierak eta langileen kaleratzeak. Maderas de Llodion, Guardian Glassen, Papresan, Metal Groupen... kezkatzen al zaituzte egoera horiek?
Enpresa bakoitzaren xehetasunetan ez naiz sartuko, bakoitzak bere berezitasunak izango baititu, baina esango nuke pandemiaz geroztik urte zailak bizitzen ari garela. Segur aski, zerikusi handia izango du enpresa bakoitzak garatu duen estrategiarekin eta bere garaian hartutako erabakiekin. Inork ez zuen pandemia aurreikusi, ezta Ukrainako gerra edota muga-zergak ere. Nik uste dut ikusten ari garena egungo industriaren errealitatea dela, eta lan egin behar dugula ehun ekonomiko-industrial hori egonkortzeko.
Nabarmendu nahiko nuke gure ongizate ekonomikoa beste autonomia erkidego eta Alemania bezalako herrialdeen oso gainetik dagoela. Hori babestu behar dugu, bokazio enpresariala babestu behar dugu, eta enpresaren errekonozimenduaren alde lan egin, ez besteek esan diezaguten zein ondo egiten ditugun gauzak, baizik eta bokazioak sortzen jarraitu behar dugulako biharko egunean hemen industria egon dadin.
Datorren martxoaren 17rako greba orokorra deitu dute ELA, LAB, Steilas, ESK, Etxalde eta Hiru sindikatuek, gutxieneko soldata propio baten alde. Zer iruditzen zaizu?
Ni oso harrituta nago. Niretzat gobernuaren aurkako greba politiko bat da. Izan ere, Confebaskek egun ez du zilegitasunik lanbide arteko gutxieneko soldata negoziatzeko, eta hala berretsi du EAEko Auzitegi Nagusiak. Beraz, sindikatuek, guk negoziatzeko aukerarik ez dugula dakiten unetik, ulertzen dugu greba gobernuaren aurka egiten dutela. Guk ez dugu besterik esateko horren inguruan.
Greba ostean, sindikatuek zuekin biltzeko asmoa azaldu dute. Bilduko al zarete?
Hau betikoa da. Bileraz bilera betikoaz hitz egiteko. Gai konplikatua da guretzat. Askotan esan dut gutxieneko soldata ez dela Euskadiren problematika. Uste dut arduratsuagoak izan behar garela eta jakin une bakoitzean non egon.

Polemikaz harago, sindikatuek 1.500 euroko gutxieneko soldata eskatzen dute. Kopuru hori ezartzea ez duzue bideragarria ikusten?
Gutxieneko soldatak 30.000 langileri eragiten die, eta horietatik 25.000 etxeko langileak dira. Dagoeneko baditugu ezarrita gutxieneko soldatak sindikatuekin negoziatzen diren lan hitzarmen guztietan, sektore bakoitzaren ezaugarriak kontuan hartzen direlarik. Ez da gauza bera ostalaritza sektoreko gutxieneko soldata edo industria sektorekoa. Uste dut gauza batzuk ezin direla orokortu.
Kasu honetan, kolektibo txiki batetaz ari gara. Ez dut esaten garrantzitsua ez denik, baina guk ezin dugu etxeko langileen zerbitzua negoziatu.
Lan hitzarmenei dagokienez, maximo historikoetan gaude eta gutxieneko soldatak %67ko igoera izan du azken urteetan. Jakina, gehiago ordaindu daiteke, baina badakigu horrek eragina izango duela ekonomian. Uste dugu orain ez dela lehentasunezkoa, guretzako garrantzitsuagoak diren beste gai batzuk lantzen ari gara.
"Ez da gauza bera ostalaritza sektoreko gutxieneko soldata edo industria sektorekoa. Uste dut gauza batzuk ezin direla orokortu"
Absentismoa izango da gai horietako bat.
Guretzako garrantzitsuena enpresaren lehiakortasuna da. Sindikatuek gutxieneko soldataz hitz egiten dute, eta guk ez diogu uko egin horri buruz hitz egiteari. Hitzarmenetako gutxieneko soldatari buruz diot, ez lanbide arteko gutxieneko soldatari buruz. Ez diogu elkarrizketari uko egin, dioguna da gauzek orden bat behar dutela, eta enpresa batek gehiago ordain dezakeela lehiakorragoa bada. Beraz, hitz egin dezagun lan hitzarmeneko gutxieneko soldataz lehiakortasunaz hitz egiten dugun aldi berean. Eta lehiakortasun horren barruan enpresei kalte handia egin dien puntuetako bat absentismo adierazleak dira, batez ere, gaixotasun arruntagatiko behin-behineko desgaitasunarena. Azter dezagun dena batera eta irits gaitezen akordio batera.
Soldatek kezkatzen gaituzte, baina batez ere lehiakortasunak arduratzen gaitu. Lehiakortasun horrek soldata altuagoak baimentzen baditu, igoko ditugu soldatak, baina faktore guztiez hitz egin behar dugu. Gure proposamena hasieratik izan da Gizarte Elkarrizketarako Mahaia, gobernuak ere asko baitu esateko.
Enpresen lehiakortasuna duzuela helburu esan duzu; konpainiak ere kexu dira lan kostuen igoera dela eta.
Lan kostua soldata kostuez haragoa doa, eta enpresa munduaren kezka nagusienetako bat da. Absentismoa, lan kostuak eta langile kualifikatu falta dira gure hiru kezka nagusiak, bizi dugun ziurgabetasun ekonomikoaz gain, jakina. Nik uste dut ez garela kontziente lan kostuen zenbaterainoko igoera jasaten ari diren enpresak.
Asko harritzen nau garrantzia handia ematen zaiola soldatei eta KPIaren araberako igoerei, eta ez dela fokua jartzen PFEZaren deflatatzean. Azkenean, langileak diru gutxiago irabazten du PFEZa dela eta, eta horrek ez du polemika sortzen. Funtsean, inflazioaren igoera bermatzen badugu, baina PFEZren taulak ez badira deflatatzen, gobernuarentzat izango da soldata igoeraren zati bat.
Kostuen alde hori geroz eta handiagoa da. Gizarte Segurantzarako kostuak handitu dira, geroz eta lan baimen gehiago ematen dira heriotza dela edota paliatiboen zainketa dela, eta hori guztia enpresak bere gain hartu behar du. Agian Estatuak bermatu beharko lituzke gizartearen beharrizan horiek guztiak. Asko hitz egiten da ordutegien erregistroaz, bekadunen estatutuaz... Madriletik datorren diskurtsoa da, eta iradokitzen du enpresak iruzurra egiten duela eta esplotatzailea dela.

Fiskalitatea lehen aipatu duzu lehiakortasunerako giltzarri gisa. Zein neurri uste duzu direla premiazkoak gaur-gaurkoz?
Egungo gobernua sortzear zegoenean, 15 zerga neurri biltzen zituen proposamena bidali genien alderdi politiko guztiei. Neurri horietatik industriaren deskarbonizaziorako kenkaria hartu zuen kontuan. Neurri egokia da, izan ere, trantsizioa dela eta enpresek bat-bateko deskarbonizazio eta elektrifikazioa gauzatu behar dute produktibitatea eta lehiakortasuna galdu gabe.
Gazteen enplegurako eta enpresen errotzerako laguntzak eta inbertsioak sustatzeko neurri fiskalak ere proposatu genituen. Oraintxe bertan oso garrantzitsua da industria-inbertsioak sustatzeko neurriak indartzea.
"Hitz egin dezagun lan hitzarmeneko gutxieneko soldataz lehiakortasunaz hitz egiten dugun aldi berean"
Langile kualifikatuen falta zuen kezka nagusienetako bat dela ere esan duzu eta enpresek behin eta berriz nabarmendu dute arazo hori.
Nik uste dut gai horretan berandu goazela. Herrialde mailako estrategia bat behar dugu talentua erakartzeko. Jatorrian egindako kontratazioak erraztu behar dira eta egungo oztopoak ezabatu kanpoko jendea ekartzeko. Horrez gain, talentua hemen geratzea lortu behar dugu, eta talentu hori industria eta enpresak behar dituzten premietara bideratu. Hori guztia ezin da bakarrik egin, denok batera egin behar dugu, Eusko Jaurlaritzaren gidaritzapean.
Izan ere, arazoa ez da soilik gurea; mundu osoan gertatzen ari da. Zerbait bereizgarria egin behar dugu eta uste dut Euskadi markak jendea erakarri dezakeela. Inbertsioak lortu ostean, ekoizpen kateek ezin dute erdizka egon ez garelako gai esku artean dugun ekoizpen guztia erabiltzeko.