Damututa eta noraezean

Igor Calzada irakasle eta ikerlariak dio Erresuma Batua EBn geratu izan balitz, herrialdearen ekonomia %6 baino gehiago handituko zatekeela. Zor publiko handiak eta ekonomia hazkunde ahulak zailtasunak ekarri dizkio gobernu laboristari promestutako erreformak finantzatzeko

'London city'ak mundu mailako finantza merkatu nagusiena izaten jarraitzen du | Argazkia: iStock
'London city'ak mundu mailako finantza merkatu nagusiena izaten jarraitzen du | Argazkia: iStock
Joanes Marquet Lopetegi
EnpresaBIDEAko kazetaria
2026ko ekainaren 25a - 05:30
Eg. 2026ko ekainaren 25a - 08:14

Hamar urte igaro dira Erresuma Batuak Europako Batasunari dibortzioa eskatu eta bizitza berri bati ekin zionetik. Hamar urte beste herrialdeekin harremanak indartu, barne egiturak birmoldatu eta errealitate berrira egokitzeko. Besteak beste, subiranotasuna areagotu nahi zuen, baina hamarkada bat igarota, ez du halakorik erdietsi, eta herritarren %60 baino gehiagok iritzi dio erabaki okerra izan zela EBtik aldentzea. Ekonomia aditu askok ere hala diote. Igor Calzada EHUko politika publikoko irakasle eta Ikerbasque eta Cardiffeko unibertsitateko ikerlari nagusiak ere uste du britainiar gehienak damu direla, baina ez du uste Brexita askok aurreikusten zuten “katastrofea” izan denik. “Subiranotasuna berreskuratzearen promesa hori ez da gauzatu. Herritarra damutu da, nahiz eta Europar sentimendua ez duten inoiz izan eta sekula ez den lehentasun bat izango”.

 

Brexitaren damua eta EBrekiko atxikimendu ezaren sentimendu kontraesankor horretan, Erresuma Batuaren argazki makroekonomikoa Europako herrialde boteretsuen gisakoa da: hazkunde ekonomiko motela (%0,6koa urteko lehen hiruhilekoan, Ingalaterrako Bankuaren arabera) eta inflazio handia. Era berean, etxebizitza krisia, erosahalmenaren galera edota zenbait sektoretan (nekazaritzan, eraikuntzan edota ostalaritzan) enplegu falta dira herrialdeko erronka ekonomiko nagusienetako batzuk.

“2016an, libraren balioa 1,3an zegoen eta hamar urte beranduago 1,15era jatsi da. Beraz, mantendu egin da gutxi gorabehera. BPGan, berriz, %6 eta %8 arteko galera izan du herrialdeak”, azaldu du Calzadak. Hau da, analisi ekonomiko gehienek ondorioztatu dute Erresuma Batuaren ekonomiaren hazkundea handiagoa zatekeela azken hamar urteetan EBren barruan egon izan balitz.

 

Igor Calzada: “Merkatuak ez du porrot egin, baina jaso du halako zartako bat, horrelako eraldaketa batek ondorioak dituelako”

Finantza adituen arabera, beherakada hori batik bat Brexitaren osteko lehen urteetan eman zen, finantza merkatuetan areagotu zen ziurgabetasunaren poderioz. 2021ean Europako merkatu bakarretik ateratzeak, burokrazia areagotuta eta aduana kontrolak zorroztuta, hesia jarri zion inportazio eta esportazioen jarioari, eta dibortzioaren aurretik Erresuma Batuak izandako hazkunde ekonomikoaren erritmoari galga ezarri zitzaion. “Merkatuak ez du porrot egin, baina jaso du halako zartako bat, horrelako eraldaketa batek ondorioak dituelako”, dio EHUko irakasleak.

"Gerturatze pragmatiko bat"

Calzadaren hitzetan, Erresuma Batuak “birposizionamendu geopolitiko” bat gauzatu du Brexitaren bidez, eta Japonia, Australia, Zeelanda Berria, Singapur eta beste zenbait herrialde estrategikorekin sendotu ditu harremanak. Paradoxikoa dirudien arren, EBrekin zenbait arlotan ere harremanak estutu ditu: “Starmerrekin EBrekiko gerturatze pragmatiko bat gertatu da. Adimen artifizialean, zibersegurtasunean, ikerketa zientifikoan, mugikortasun akademikoan, energian edota erregulazio teknologikoan indartu egin da lankidetza.”, zehaztu du. Gauzak horrela, EB Erresuma Batuaren bazkide komertzial nagusia da oraindik ere.

Londongo cityak ere mundu mailako merkatu finantzario nagusi izaten segitzen du, nahiz eta finantza sektore batzuk Dublinera, Amsterdamera, Parisera edota Frankfurtera lekualdatu diren. “Finantza deribatuen negozioak izan du nolabaiteko lekualdaketa. Inbertsio banka, araudi erregulatzailea, kapital merkatua, banka korporatiboa edota funtsena mugitu egin dira. Baina, JP Morgan, Goldman Sachs, Morgan Stanley, baita Bank of America ere mantendu egin dira Londresen”, gehitu du ikertzaileak.

Igor Calzada: “Finantza deribatuen negozioak izan du nolabaiteko lekualdaketa. Inbertsio banka, araudi erregulatzailea, kapital merkatua, banka korporatiboa edota funtsera mugitu egin dira"

Fintech delako teknologia finantzarioa ere Ingalaterrako hiriburuan mantendu da. Hori bai, hainbat aseguru-etxek Dublinen, Luxenburgon edota Bruselan ireki dituzte filialak. "Alegia, Londresek segitzen du globala izaten, baina nolabait esateko Europako finantza gune zentrala izateari utzi dio".

London cityan hiriko burtsa edota Ingalaterrako Bankua aurki daitezke, beste finantza erakunde askoren artean. Ingalaterrako Bankuak, EBZk ez bezala, bere horretan utzi zituen interes tasak ekainean eginiko azken bileran. “Herrialdeko inflazioa %2,8an dago eta bankuak aurreikusten du %3ra igotzea. Ekonomiaren hazkundea nahiko ahula izaten ari da, baina baliteke abuztuan tasak zertxobait igotzea. Dena den, nik ez dut aldaketa handirik aurreikusten”, dio Calzadak. Egun %3,75ean dira herrialdeko interes tasak.

Agindutako erreformak gauzatzeko dirurik gabe

Brexitaren hamargarren urteurreneko aste berean eman du dimisioa Keir Starmer lehen ministro laboristak, eta ez da kasualitatea bi gertakariek denboran bat egin izana, azken hamar urteetan sei lehen ministro izan baititu Erresuma Batuak. Starmerren agintaldia orain bi urte abiatu zen, 2024ko uztailean, hauteskundeetan gehiengo oso historikoa lortu eta kontserbadoreen 14 urteko agintaldi bolada eten zuenean.

Gordon Brownen garaitik (2007-2010) ez zen alderdi laboristako inor Erresuma Batuaren gobernatzaile izan. Aldaketaren aldarriarekin ailegatu zen Starmer, eta, besteak beste, etxebizitza publikoak indartzeko politika eta herritarren erosahalmena berreskuratzea agindu zuen. Bi urteren ondoren, baina, herritarrek promesa haiek ez betetzea leporatzen diote, eta alderdi laboristaren barruan ere presioak jasan ditu, duela hilabete pasa udal hauteskundeetan izandako emaitza kaskarrek bultzatuta.

“Starmerrek agindutako aldaketak ez dira eman finantza arazo larriak dituztelako. Zor publikoa altua da, eta auto-inposatutako arau fiskal batzuk ezarri ditu gobernuak, zorpetzea eta gastua mugatu dutenak. Presio handia dago zerbitzu publikoen inguruan: etxebizitza, osasuna edota azpiegituretan, eta finantza merkatuarekiko dependentzia nabarmena da”, argitu du EHUko irakasleak.

“Starmerrek agindutako aldaketak ez dira eman finantza arazo larriak dituztelako. Zor publikoa altua da, eta auto-inposatutako arau fiskal batzuk ezarri ditu gobernuak"

Promestutako gizarte-erreforma horiek ezin bete dira, herrialdearen egungo ekonomiaren hazkundea ez delako nahikoa aldaketa horiek finantzatu ahal izateko. Starmerren ondorengoak arazo berari egin beharko dio aurre. Andy Burham Manchesterreko alkate ohia da hura ordezkatzeko faboritoa, zeina nahiko kritiko azaldu den zerga arau murriztaileen inguruan, orain gutxiko adierazpen batzuetan iradoki baitzuen gobernua "zorpetuta" zegoela herrialdeko bonuen merkatuan.

Calzadak ez du uste Burhamen etorrerak ekonomian aldaketa handia ekarriko duenik; bai, ordea, herrialdearen lurraldetasunean: “Londres zentroa izanik, tokiko ekonomian oinarritu daiteke Burnham, Manchesterreko alkate izan baita. Eskatuko du deszentralizazio fiskala, eskualdeen autonomia eta lurralde garapen polizentrikoa". Alegia, "deszentralizazio mugimendu nabarmena" datorrela uste du.

Tokian tokikorako norabide horrek, baina, zuzen-zuzenean egiten du tupust gorakada betean den ultraeskuinaren asmoekin, zeinak erresumaren deszentralizazioa mugatu eta boterea Ingalaterran metatu nahi duen, Nigel Faragen boto emaileen gehiengoa bertan baitago.

Atzera bueltatzerik ez

Herritarren damua, ekonomiaren hazkunde ahula eta ezegonkortasun politikoa agerikoak badira ere, ez dirudi epe motzean Erresuma Batuak atzerako bidea hartuko duenik. “Oraindik ez da halakorik gertatuko, baina baliteke gradualki Europako Batasunera bueltatzea. Ez da hain erraza, erreforma ugari egin beharko lirateke”, dio Calzadak.

Haustura hura gertatu gertatu zen; aitzitik, EHUko irakaslearen hitzetan, "horrek ez du esan nahi zubi guztiak apurtu direnik”. Erresuma Batua Europarekin lotzen duen puskatu gabeko zubi horiei eutsi die Starmerrek azken bi urteetan, eta orain hamarkada bat eraitsitakoak berreraikitzen aritu da. Horretan ahaleginduko da orain Burnham, ultraeskuinak zubiak suntsitzeko garabia olioztatzen duen bitartean.