• EKONOMIA
  • Davos, munduko ekonomiaren lapikoa

Davos, munduko ekonomiaren lapikoa

Bost egunez munduko agintari eta enpresaburu (ia) guztiak Suitzako Davos herrian bildu dira. Ekonomiaren ildo nagusiak aztertzeko gailurraz gain, negozio iturri ere bada

Davos, Suitza. Argazkia: iStock
Davos, Suitza. Argazkia: iStock
niko cuenca 2022
Analista ekonomikoa. EnpresaBIDEAko aholkularia
2022eko maiatzaren 30a
Eg. 2022eko maiatzaren 30a

Bost egun baino ez dira izan, denbora nahikoa urtean behin munduko ekonomiaren hiriburu bilakatzeko. Suitzako Davos herriak eraldaketa ugari izan ditu. 1853an mediku alemaniar batek ebatzi zuen bertako mikroklima egokia zela tuberkulosia eta biriketako beste gaixotasun batzuk tratatzeko. Herria, orduan, sendategi, hotel, bainuetxe eta ostatuen gune bihurtu zen. Tuberkulosia eta bertan sendatzen ziren bestelako gaixotasunen aurkako sendagaiak aurkitu zirenean erietxeetako jarduerak gutxituz joan ziren. Herriak negozio berriak deskubritu zituen. Neguko kirolak modan jarri ziren eta Davos erreferentziako eski-gune bihurtu zen.

 

1971an Klaus M. Schwab ekonomia irakasle alemaniarrari Suitzako herria enpresa-munduaren topagune izatea bururatu zitzaion, korporazioen kudeaketa moduak eztabaidatu eta hobetzeko. Bi urte geroago, mundua astinduko zuen petrolioaren lehen krisi handia etorri zen eta, lehen aldiz, topagunera agintari politikoak gonbidatzea erabaki zuen. Topaketa ekonomiko horien izaera politikoak garrantzia irabazi zuen urteek aurrera egin ahala. 1987an izena aldatu zioten topaguneari, eta hortik aurrera World Economic Forum (WEF) izango zen.

Antolatzailea irabazi asmorik gabeko fundazioa bada ere, negozio iturri izatea leporatu dute hainbatek

Topaketak garrantzia hartu zuen, eta Schwabek hura antolatzeko fundazioa eratu zuen. Irabazi asmorik gabeko fundazioa bada ere, negozio iturri izatea leporatu diote hainbatek. Schwabek 963.000 euro irabazten ditu urtero Davoseko foroa antolatzeagatik. Eragin handiko pertsona da, eta horrek korporazio handietako administrazio kontseiluetako kide izatea ahalbidetu dio. Negozio iturria, beraz, berarentzat eta bere sendiarentzat.

 

Foroak gobernantza publikoaren alorrean diskurtso oso argia dauka. Gobernuak baino, egungo egitura ekonomikoko eragile nagusiak enpresak direla aldarrikatzen du. Hala, lankidetza publiko-pribatuaren defendatzaile sutsua da foroa, eta horrek kritika ugari ekarri dizkio. Kritikak kritika, argi dago Davoseko World Economic Foruma munduko negozioak "egosten" diren lapiko handia bilakatu dela.

Herrialde nagusien gailurretan ez bezala, Davoseko Foroan ez da erabaki zehatzik hartzen. Jarduera-ildoak baino ez dira planteatzen eta, horregatik, marketin hutsa izatea ere leporatzen diote. Aurten konpromiso zehatz batzuk egon dira. Europako Akordio Berderako munduko enpresaburu nagusien ekintza-taldeak, esaterako, trantsizio berdea azkartzeko manifestua sinatu zuen. Ikea, ABB, Basf, Coca Cola, Deutsche Bank eta Mastercard konpainietako buruak daude sinatzaileen artean, eta Ignacio Sanchez Galán Iberdrolako burua ere bai. Izan ere, Davosen bertan enpresa bizkaitarrak 3.000 milioi euroko inbertsioa iragarri zuen hidrogeno berdearen teknologia sustatzeko. Iberdrola ez da izan Euskal Herriarekin lotutako parte-hartze bakarra. Carlos Torres BBVAko burua eta Josu Jon Imaz Repsoleko kontseilari ordezkaria ere bertan izan dira. 

Marketina egiteko tokia

Akordio zehatzak izan badaitezke ere, Suitzako topaketa harremanak egiteko gunea da nagusiki, eta marketina egiteko tokia ere bai, politikari eta agintarien artean batez ere. Pedro Sánchez Espainiako Gobernuko presidenteak ekitaldiz jositako agenda eraman zuen Davosera. Hamabost ekitaldi izan zituen egun berean. Konferentzia aretoan hitzaldia eman zuen, publiko aldetik oso arrakastatsua izan ez bazen ere, eta sakoneko erabaki ekonomikoak plazaratu zituen. Erdieroale eta mikrotxipak ekoizteko 12.000 milioi euroko inbertsioa iragarri zuen, Europako Next Generation funtsen kontura. Gainera, mikrotxipen alorreko enpresaburu nagusiekin biltzeko aukera izan zuen. Ameriketako Estatu Batuetako Intel, Qualcomm, Micron eta Ciscoko arduradunekin izan zen Espainian inbertitzearen onurak saltzeko. Hori gutxi balitz, estatu mailako enpresa nagusien buruekin ere bildu zen. Repsol, BBVA, Naturguy, Ferrovial, Telefónica eta Iberdrolako buruekin ordu erdiz solastu zuen ekonomiaren nondik norakoen inguruan. Filtrazioen arabera Sánchezek enpresaburuei ekonomia nola ikusten zuten galdetu omen zien.

Espainiako industria, merkataritza eta turismoko ministroa, Reyes Maroto, ere Davosen izan zen. ITP Aero enpresari buruz hitz egin zuen. ArcelorMittal enpresako kontseilari delegatuarekin akordioa sinatu zuen konpainia horrek Asturiasen duen lantegiaren deskarbonizazioaren inguruan. Nadia Calviño, ekonomia ministroa eta presidenteordea, aldiz, ez zen Davosera joan. Ekonomia foroa izanda, Calviño joatea espero zen, baina Espainiako Gobernuko kideen arteko lehia politikoa dela eta, ez zen joan.

Aurtengo leloa: "Historia inflexio-puntu batean: gobernu-politikak eta enpresa-estrategiak"

Pandemiak bi urtez foroa birtuala izatea behartu ostean, aurten aurrez-aurreko topaketak bueltatu dira. Urtaroa, baina, aldatu egin da. Neguko paisaiak atzera utzi, eta udaberrikoak izan dira nagusi. Aurtengo leloak ingurune geopolitiko eta ekonomikoaren sakontasuna agerian utzi du: "Historia inflexio-puntu batean: gobernu-politikak eta enpresa-estrategiak". Ukrainako gerrak eta larrialdi klimatikoei heldu nahi izan dio aurten Davosek.

Tentsio geopolitikoen eragina

Tentsio geopolitikoek esangura handia izan dute. Ukrainako inbasioak topagunearen bide orria erabat baldintzatu du. Aurreko urteetan Errusiako ordezkarien bilgunea zen 'Errusiako etxeari' izena aldatu diote. Eta izana ere bai. Ukrainako gerrako indarkeria islatu nahian aurten 'Errusiako gerra-krimenen etxea' deitu diote. Sobiet Batasuna desagertu zenetik, lehen aldia da Errusia ez dela foroan izan. Ukrainarekiko babesa erakutsi nahi izan du foroak. Volodymyr Zelensky presidente ukrainarrak pantaila baten bitartez parte hartu zuen foroaren inaugurazio saioan. Munduko politika- eta enpresa-eliteari  Errusiaren inbasioa zigortzeko zigor berriak ezartzeko eskatu zion. Gerraosteaz ere hitz egin zuen. Ukraina berreraikitzeko planak baditu buruan, eta badaki dirua beharko duela. Zelensky ez zen izan Ukrainako egoeraz mintzatu zen bakarra. AEBeko estatu idazkaria izandako Henry Kissingerrek ere gerra izan zuen hizpide. 98 urte dauzka, eta bideo konferentzia bitartez hartu zuen parte. Bake akordio batera heltzeko Ukrainak lurraldearen zati bati amore emateko aukera aipatu zuen. Kritika ugari bildu zuen. George Soros inbertsiogile ezagunak hirugarren mundu gerraren aurrean izan gintezkeela aipatu zuen. Soros Txinari buruz ere aritu zen Davosen. Bi herrialdeak gizarte demokratikoentzako mehatxurik handienak direla esan zuen, teknologia digitalen garapen azkarrari esker, batez ere adimen artifiziala. Europa eta Ameriketako Estatu Batuen Asiako produktu teknologikoekiko menpekotasuna agerian utzi dute, bai pandemiak, bai egungo egoera geopolitikoak. Hala, burujabe izateko urratsak ematen ari dira. Pedro Sanchezek mikrotxipen teknologian iragarritako inbertsioa ildo horretan ulertu beharra dago. 

Teknologiaren menpekotasunaz harago, Europa buru belarri dabil menpekotasun energetikoa murrizteko eta hori ere jorratu zuten. Errusiatik datorren gasari alternatibak topatzea ez da erraza. Itsasontziz ekarri beharko da gasa, eta Pedro Sanchezek Espainia konponbide gisa aurkeztu zuen. Gas likidotua lurruntzeko instalazio asko ditu Espainiak, eta hori saldu nahi izan du Davosen.

Gerrak elikagaien merkatuetan izango dituen ondorioak ere izan dituzte Davosen hizpide. Mundu mailako erakunde guztiek, Putini blokeatutako lehengaien merkatua irekitzeko eskatu diote, eta datorren urtean nazioarte mailan egongo den elikagaien krisiaz ohartarazi zuten. Gauzak horrela, gosete handiak espero dira, batez ere herrialde txiroenetan

Aurten parte-hartzaileek globalizazioaren bukaera izan dute hizpide

Topagunea 2020an egin zen aurrez aurre azkenekoz, pandemia aurretik. Donald Trump AEBko presidente ohia eta Greta Thunberg ekintzaile ekologista protagonista izan ziren. Urte horretan Davosek bere manifestua birmoldatu zuen, eta mundu jasangarriago eta inklusiboago baten beharra nabarmendu zuen. Bi urte pasa dira, eta dena aldatu da. Globalizazioaren bukaera izan da hizpide. Parte-hartzaileak hizkuntza baikorra izaten saiatu dira, baina epe laburreko aurreikuspenak egitera ez dira ausartu. Foroak zituen helburu nagusiei erantzun bateraturik ez zaie eman. Inflazio altuaren arriskua inoiz baino biziago dago, batez ere Txinako portuen blokeoa ikusita. Gerraren ondorioak hedatu egingo dira hilabete luzez, eta ingurumenari ez zaio konponbiderik bilatu. Munduko ekonomiaren lapikoa borborka dabil. Davos da lapiko horretan negozioak egosteko topagunea. Konpromiso publiko gutxi kozinatu ditu Davosek. Isilpeko negozio hitzarmenei dakogiekenez, agian emaitza oparagoa izan da.