
“Industriak ematen dizkigun lanpostuak ez dizkigute beste sektoreek ematen. Kalitatezko enplegua sortzen du”, adierazi zuen Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuak atzo goizean. Ideia hori ardatz harturik Jaurlaritzak azken bederatzi hilabeteak eman ditu industria plana garatzen, eta atzo aurkeztu zuen Arteche konpainiaren egoitzan, Mungian (Bizkaia). Plan “transbertsala” eta “dinamikoa” izango da, eta Jaurlaritzak 3.900 milioi euroko inbertsioa egingo du, aurreko lau urteetan baino %50 gehiago. Industria, Trantsizio Energetikoa eta Jasangarritasunaren sailak 2.100 milioi euro jarriko ditu, beste 1.200 milioi euro pasa den martxoan iragarritako Euskal Finantza Aliantzak eta gainerako 600 milioi euroak Eusko Jaurlaritzaren beste sail batzuek. Horrekin batera, Jaurlaritzak aurreikusten du erakunde pribatuek 12.000 milioi euro mobilizatzea datozen lau urteetan. Hortaz, guztira, 15.900 milioi euroko inbertsioa egingo da industria indartzeko.
“Gure herriaren apusturik handiena da seguruenik”, nabarmendu zuen Imanol Pradalesek planaren aurkezpenean. Hiru gako zehaztu zituen lehendakariak: industriak bizi duen une historikoa, EAEren eredu sozioekonomikoa eta azken 40 urteetan jorratutako industria politika. Testuinguru hau kontuan hartuta, "arriskatzeko garaia" dela aldarrikatu zuen, eta EAE Europako berrindustrializazioan erreferentziazko lurraldea izateko, industria defendatzetik erasora igarotzeko unea dela.
Hori bai, industria planak diru gehiago, baina programa gutxiago izango ditu. “Gauza gutxiago izango ditugu, baina potenteagoak”, zehaztu zuen Jauregik. %50 murriztu dute programa kopurua, eta hogei proiektu estrategiko "eraldatzaile" proposatu dituzte. Industria ehuna indartzeko urratsak "sinplifikatu" dituzte, sailburuaren esanetan, eta horren harira, planak desburokratizazioa ekarriko du. Izan ere, industriarako inbertsioa planak aurrera ateratzeko epea %30 murriztea espero du Jaurlaritzak. "Europarekin etengabeko hartu-emanean egon gara. EBk deskarbonizazioa, berrikuntza, autonomia estrategiko eta desburokratizazioa ardatz dituen berrindustrializazioa planarekin erabat lerrokatuta dago gure proposamena".
Industria gehiago, industria hobea, emisioa gutxiago
2030ra begirako industria plana hiru ardatz estrategikotan banatuta dago: industria gehiago, industria hobea eta isuri gutxiago.
EAEko BPGaren %24 da industria; sektorearekin lotutako bestelako azpisektoreak kontuaz hartuz gero, %40 litzateke. Industria gehiago leloarekin, Jaurlaritzak industriak EAEko ekonomian duen pisua areagotu nahi du. “Europak berrindustrializatu behar badu, Euskadik are gehiago egin behar du, herri industriala baikara”, azaldu zuen Jauregik. Horretarako, zenbat gako zerrendatu dituzte industria planean: "trakzio enpresak errotzea, ete industrialen tamaina handitzea, sektore estrategikoetako balio-kateak osatzea, atzerriko inbertsioa erakartzea eta enpresen nazioartekotzea sendotzea merkatu estrategikoetan".
Mikel Jauregi: “Europak berrindustrializatu behar badu, Euskadik are gehiago egin behar du, herri industriala baikara”
Berrikuntzaren aldeko apustua ere azpimarratu zuen Jauregik atzoko ekitaldian. Egun EAEko BPGaren %2,17 bideratzen da berrikuntza inbertsiora, eta Jaurlaritzak helburu du 2030erako inbertsioa %3ra igotzea. Industria hobea berrikuntzaren aldeko apustua egitean datza, eta planean honako helburu hauek zehaztu dituzte: "enpresen teknologia maila berritzailea handitzea, adimen artifizialaren eta zibersegurtasunaren ezarpena bultzatzea, azpiegitura fisiko eta digital aurreratuak sustatzea, industriara talentu berria erakartzea eta garatzea eta kudeaketa aurreratua eta jasangarria sustatzea".
Isuri gutxiago lortzeko, aldiz, Jaurlaritzak industria planean helburu gisa ezarri du industria jardueraren deskarbonizatzea, ekonomia zirkularreko industria aukera berriak garatzea, berezko energia berriztagarrien sorrera sustatzea, sare elektrikaren gaitasuna eta malgutasuna areagotzea eta klima aldaketara egokitzea sustatzea. "EAEko energia berriztagarriaren %7a soilik sortzen dugu hemen. Oso gutxi da hori, Europako batezbestekoaren azpitik gaude, eta sare hori indartu behar dugu", zioen industria sailburuak.
Industria-sektore estrategikoak
Euskal Autonomia Erkidegoko industria-sektoreak hiru kategoriatan sailkatu ditu Jaurlaritzaren industria planak, eta kategoria horiek zehaztuko dute inbertsioak zein azpisektoretara bideratu. Irabazi izeneko kategorian, egungo industria-sektore traktoreak identifikatu dituzte, EAEko BPGari eta enpleguari egiten dioten ekarpenagatik edota sortzen duten enplegu kalitateagatik. Horiek dira, hain zuzen, automobilgintzako osagaien sektorea, mugikortasun jasangarria, fabrikazio aurreratua, energia eta metalurgia. Horietara bideratuko da datozen urteetako inbertsio zati handi bat.
Bigarren kategoriak Hazi du izena, eta bertan traktore izateko potentziala duten industria-sektoreak zehaztu ditu planak (sektore aeroespaziala, biosanitarioa, soluzio digital aurreratuak ––zibersegurtasuna edota adimen artifiziala–– , sare adimendunak eta biltegiratzea eta erregai berriztagarriak). "Sektore horiek ez dira traktoreak, baina hazkunde aukera handiak dituzte", Jauregiren hitzetan. Izan ere, intentsitate teknologiko handia eta gaitasun zientifiko-teknologikoak eskatzen dituzten sektoreak dira, eta Jaurlaritzaren arabera, Europa Batzordearen lehentasunezko sektoreak dira. Beraz, aurreikusten dute datozen urteetan nazioarteko merkatuan hazteko ahalmen handia izatea.

Hirugarren eta azken kategorian (Jauzi), beste edozein sektoretako enpresak kokatu ditu Jaurlaritzak, betiere proiektu eraldatzaileak proposatzen badituzte. Merkatuan jauzi kualitatiboa eman dezaketen enpresak dira, teknologian, berrikuntzan, nazioarteko proiekzioan eta jasangarritasunean oinarriturik. "Plana dinamikoa da, eta aldian-aldian berrikusiko dugu, sektoreek izan duten bilakaeraren eta eskura dugun informazioaren arabera", Jauregiren hitzetan.
Hogei proiektu "eraldatzaile"
Industria planak proposatutako hogei proiektu estrategikoak jarri nahi izan zituen balioan Industria sailburuak, bere esanetan, proiektu "eraldatzaile" horiek baitira plana bereizgarri egiten dutenak. Ekimen publiko-pribatu bidez gauzatuko dira. Hamar proiektuen gidaritza Eusko Jaurlaritzak izango du eta beste hamarretan erakunde pribatuek. "Elkarlana areagotu nahi dugu, beste maila batera eraman".
90. hamarkadan abiatutako "klusterren politika aitzindaria" gogoratu zuen Jauregik, zeinak lankidetza-publiko pribatua eraldatu zuen. Oraingoan, ordea, industria sektorearen erronkak aurrekaririk gabekoak direla irizten dio Jaurlaritzak eta estrategikotzat dituen sektoreetan burutuko dituen hainbat proiektu azaldu ditu industria planean. Horietako bat litzateke 2026rako ESG ebaluazio-sistema bat garatzea eta ezartzea, enpresa txiki eta ertainen jasangarritasuna eta lehiakortasuna bermatzeko edota Grid4 Industry elektrifikazio sektoreko enpresen aliantza bat sortzea, sare elektrikoa modernizatu ahal izateko.
Era berean, emakumearen presentzia industrian areagotzeko "kontzientziazio-kanpaina" abiarazi nahi du Jaurlaritzak, eta 2027an, robotikako soluzio aurreratuen zentro bat sortu nahi du.
"Lurzoru industrial berrietarako 2.850.000 metro karratu berri eskaini nahi ditu Jaurlaritzak eta 2028rako 5.000.000 metro karratu gehitu nahi ditu parke teknologikoetan"
Klima aldaketa ere aintzat hartzen du planak eta proiektu estrategikoetako bat esparru horretara bideratutako dago. Jaurlaritzak proposatzen du 2028ra bitartean bost jarduera erakusle garatzea, zeinak Climate change adaptation living lab izena izango duen. Halaber, lurzoru industrial berrietarako 2.850.000 metro karratu berri eskaini nahi dituzte eta 2028rako parke teknologikoetan 5.000.000 metro karratu gehitzeko asmoa dute.
Aeronautika sektorean enpresa lankidetzarako akordioa egin nahi du Jaurlaritzak, hegazkinentzako motorrak eta teknologiak garatzeko, eta 2032rako industria deskarbonizatzeko azpiegiturak garatzeko asmoa du. Oraingoz, 20 proiektu estrategiko aurreikusten ditu industria planak baina kopurua handitu daitekeela argitu zuen sailburuak. "Batzuk ondo atera daitezke eta beste batzuk gaizki, baina apustua egin behar dugu".