• EKONOMIA
  • EAEko zerga-bilketa %5,1 haziko da 2026an, eta %6,2 datorren urtean

EAEko zerga-bilketa %5,1 haziko da 2026an, eta %6,2 datorren urtean

Foru-aldundiek 21.365 milioi euro biltzea aurreikusi dute aurten, eta 22.682 milioi euro 2027an

Gaur bildu da Herri-Dirubideen Euskal Kontseilua | Argazkia: Irekia
Gaur bildu da Herri-Dirubideen Euskal Kontseilua | Argazkia: Irekia
2026ko urriaren 15a - 15:58
Eg. 2026ko urriaren 15a - 15:59

Zergen bitartez uste baino gehiago bilduko du Eusko Jaurlaritzak 2026. urtean. Gaur elkartu da Herri-Dirubideen Euskal Kontseilua, eta zehaztu dute zerga itunduen bidez 2026an 21.365 milioi euro bilduko dituztela, aurreikusitakoa baino %1,1 gehiago eta 2025eko itxieran baino %5,1 gehiago. Zehazki, zerga mota bakoitzaren arabera honako kopuru hauek eskuratuko dira: 8.473 milioi PFEZren bidez, 8.143 milioi BEZaren bidez, 1.654 milioi Sozietateen gaineko Zergaren bidez, 1.464 milioi Zerga Berezien bidez —alkohola, hidrokarburoak, tabakoa, elektrizitatea eta ikatza biltzen ditu, besteak beste— eta 1.630 milioi euro gainontzeko zergen bitartez. 

 

Datorren urtera begira, zerga-bilketa %6,2 haztea aurreikusi dute, guztira 22.682 milioi euro bilduta. Horrek esan nahi du 2027an 2026ko itxieran —aurreikusitakoa— baino 1.317 milioi euro gehiago jasoko direla. Aurreikuspen horren oinarrian BPG nominalaren %4,7ko hazkundea eta BEZaren bidezko diru-sarrera gehigarriak egongo lirateke.

Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako Foru Aldundiek egin beharreko ekarpenei buruzko datuak ere argitaratu dituzte. Zehatz-mehatz, Foru Aldundiek 15.125 milio euroko ekarpena egin beharko diete erakunde komunei, baina ez neurri berean: ekarpen handiena (%50,37) Bizkaiak egingo du, 7.618 milioi eurorekin, eta txikiena Arabak (%16,11), 1.436 milioi eurorekin; Gipuzkoak egingo duen ekarpena %33,52koa izango da, alegia, 5.069 milioi eurokoa. 

 
Argazkia: Irekia
Argazkia: Irekia

Egokitzapenerako Funts Orokorrari dagokionez (lurraldeen arteko zerga-bilketaren desorekak zuzentzeko funtsa), aurreikuspena da 203 milioi eurokoa izatea. Eusko Jaurlaritzari dagokio finantzaketaren %70,81, eta gainerakoa honela banatuko da: %14,70 Bizkaiak, %9,79 Gipuzkoak eta %4,70 Arabak. Funtsaren banaketa egitean, aldiz, onuradunak Araba eta Gipuzkoa izango dira: hurrenez hurren 137,6 milioi euro eta 65,6 milioi euro dagozkie.

Azkenik, mendekotasuna duten pertsonei arreta emateko sistemaren finantzaketari buruzko eredu berria aztertu dute bilkuran. 2026ko uztailaren 9an eginiko akordioaren ondorioz, Espainiako Gobernuak mendekotasunaren arloan EAEn ematen duen finantzaketa esparrua aldatu egin da, eta horri erantzuteko, erakundeen arteko lantaldea sortzea erabaki dute. Lantalde horrek egungo egoera aztertu eta finantzaketa erakundeen artean banatzeko eredu eguneratu bat proposatuko du. Eredu berria adostu arte, gaur egungo banaketa-maila mantenduko da. 

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain