
Europako Inbertsio Bankuak (EIB) 1.600 milioi euro bideratuko ditu, Bizkaiko Golkoaren bitartez, Espainiako eta Frantziako estatuen arteko sistema elektrikoaren loturara. Hala, 2.800 megawattetik (MW) 5.000 MWra handituko da elektrizitatea trukatzeko gaitasuna.
Inelfe arduratuko da konexio elektrikoa hobetzeaz, eta 2028rako prest izatea aurreikusi dute. Gaineratu dutenez, interkonexioari esker energia hornidura garbiagoa izango da eta urtean 600.000 tona CO2 emisio saihestuko dira. Nadia Calviño EIBko presidenteak adierazi du akordioak “aldaketa handia” eragingo duela integrazio energetikoari dagokionez.
400 kilometroko luzera izango duen konexioak Cubnezaiseko (Frantzia) eta Gatikako (Bizkaia) korronte zuzeneko konbertsio-estazioak lotuko ditu. Azaldu dutenez, aintzat hartu dira irizpide teknikoak, sozialak, baita ingurumenekoak ere, eta horri esker, iberiar penintsulak gutxienez %15eko interkonexio elektrikoa lortzeko helburua beteko du 2030 urterako.
Agintariek proiektuaren garrantzia estrategikoa nabarmendu dute, ez soilik ingurumenean eta ekonomian izango duen eraginagatik, baizik eta Europaren autonomia energetikorako egingo den errefortzuagatik. “Oso garrantzitsua da, Espainiak eta Frantziak ekonomiaren deskarbonizazioan urrunago joateko duten determinazioa islatzen duelako”, adierazi du Marc Ferracci Frantziako Industria eta Energia ministroak. Bestalde, Miguel González Suela Espainiako Estatuko idazkariordeak akordioaren sinadura “Energiaren Batasuna eraikitzeko urrats erabakigarritzat” jo du.
Proiektua EIBk Klimaren Banku gisa duen estrategian kokatzen da. Izan ere, 2024an taldeak baieztatu zuen 31.000 milioi euro segurtasun energetikoa hobetzera bideratuko zituela. Espainiako Estatua izan zen finantzaketa gehien jaso zuen herrialdea, 5.000 euro baino gehiago bideratu baitzituzten trantsizio energetikorako proiektuetara; Frantzia izan zen bigarren herrialdea, 3.600 milioi eurorekin.
EIBren 1.600 milioi euroez gain, 578 milioi euro ere jasoko ditu proiektuak, “Europa Konektatu” programaren baitan.