EHUko Magisteritza fakultatean hartu gaitu Eider Rodriguez (Orereta, 1977) idazleak. Idaztea pasio hutsa da berarentzat, diruarekin nekez neur daitekeen zerbait. Baina liburuak idazteko denbora behar da, eta denbora izateko sostengu ekonomikoa. Hortxe sortzen da paradoxa: ezin da dirutan neurtu berak literaturari ateratzen dion etekina, baina aldi berean, ekonomiak erabat baldintzatzen du literatura.
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
Idazle eta irakaslea zara. Nolakoa da Eider Rodriguezen egun arrunt bat?
Nahiko ordenatu eta egituratua. Nik astean edukitzen ditut hiru bat egun klase, batez beste. Saiatzen naiz fakultateko lan gehiena bertan egiten, fakultateko egunetan, baina adibidez astelehenetan klasea daukadanean igandean prestatzen dut, etxean. Gainontzeko denboraren zati handi bat, guztia ez esateagatik, idazketari emana pasatzen dut, izan irakurtzen, oharrak hartzen edo dena delakoa. Klaserik izan ezean, normalean ordenagailu aurrean ematen dut eguna, eta klasea daukadanean ere saiatzen naiz arratsaldetan lan egiten.
Orain nobela batekin ari naizela, iruditzen zait ezinbestekoa dela astean gutxienez bost egunetan tarte bat eskaintzea nobelari, ez galtzeko erritmoa, lotura, klima. Gustatzen zait jarraitutasunarekin lan egitea, nobelan gertatzen ari den unibertso horretatik ez ateratzeko. Orduan, gutxi bada ere, egunero zerbait egiten saiatzen naiz; era berean saiatzen naiz nire burua behartzen bi egunez-edo gelditzera. Betidanik izan naiz oso ordenatua.
Nolakoa da bi rol horien arteko oreka?
Zaila da. Esango nuke literaturari eskainitako denbora eta energia emozionala handiagoa dela, zeren eta transbertsala da. Askotan klase tarteetan izaten dut lotura hori literaturarekin, pentsatzen egoten naizelako “hau irakurri nahi dut, hau irakurri beharko nuke, hau errepasatu…”, nahiz eta ez egon idazten. Beraz, uste dut denbora mental gehiago pasatzen dudala literaturari emana, baina bueno, ez da irakasle lanetik horren urruti ibiliko. Egia esan, ez nuen termino horietan pentsatu.
"Normalean idazten dudanean da zerbaitekin ezeroso sentitzen naizelako. Ezerosotasun hori diluitzeko edo gobernatzeko modu bat da idaztea"
Nobela batean lanean ari zarela diozu. Zein puntutan zaude orain?
Berridazketa prozesuan ari naiz, bigarren bertsioarekin. Aurrekoan irakurri nion Stephen Kingi lehenengo bertsioa izaten dela ateak eta leihoak itxita egitekoa, alegia, norberak bere buruarekin egiten duena, norbere nahi, uste eta desioekin. Bigarren bertsioa edo berridazketa izango litzateke ateak eta leihoak irekita egitekoa: jendeari sartzen utzi, ikusi, kontrastatu… Oraindik ez naiz fase horretara pasa. Bigarren berridazketan neuk bakarrik lan egin nahi dut, eta gero emango dut besteek irakurtzeko.

Zure obran gai ekonomikoak ez dira, beharbada, gai nagusiak, baina zeharka bada ere lantzen dituzu, protagonisten lan baldintzak edo egoera ekonomikoak aipatzean, kasu. Hori nahigabe gertatzen da, naturalki?
Nik uste nahasketa bat dela. Oso gaztetan, liburuak irakurtzen nituela, egon zen une bat non konturatu nintzen bazeudela pertsonaia mota batzuk eskapu egiten zidatenak irakurri ahala, konturatzen nintzelako nire kulturatik begiratuta ez zeukatela sustrai ekonomiko edo lan mundukorik, eta hori niretzako oso arrotza zen. Ni langile familia batetik nator. Nire inguruan jende guztia izan da langilea, eta bere bizitzako parterik handienak eman ditu gehienetan interesatzen ez zitzaion enpresa batentzat edo lan eremu batentzat lanean; alegia, ez norbere espiritua gizentzeko lanetan, bizimodua aurrera ateratzeko lanetan baizik. Ikusi dut horrek nola modulatzen duen pertsona, aldartea, eta kasu askotan nola hondatzen duen ere bai. Horregatik, niretzako lanaren eta ekonomiaren geruza oso garrantzitsua da. Adibidez, Paul Auster gustatzen zitzaidan, baina “zerbait falta zaio” esaten nuen. Horixe falta zitzaion.
Ni hasi nintzenean idazten eta pertsonaiak eraikitzen presente izan nuen zerbait izan zen lanean ikusi nahi nituela pertsonaiak. Agian ez zuten zertan lanean agertu behar, baina nik jakin behar nuen zertan joaten zitzaien bizitzaren hain ehuneko handia.
Gero ere badago jada naturala bilakatu den zerbait, normalizatu egin dena. Are, pertsonaiak eta istorioak idaztean, ezinbesteko bihurtu da lanaren, ekonomiaren osagaia, zertarako aukera uzten dien soldatak, azkenean, finean, horrek baldintzatzen dituelako gure bizitzak, gure tramak eta traumak.
Ekonomia feministaren ikuspuntutik ere irakurri dute zure obra, ordaindu gabeko zaintza lanak edota emakumeen lan baldintza prekarioak izan dituzulako hizpide. Eroso sentitzen zara gai horiek lantzen?
Normalean idazten dudanean da zerbaitekin ezeroso sentitzen naizelako. Ezerosotasun hori diluitzeko edo gobernatzeko modu bat da idaztea, beraz, idazte prozesuan segur aski eroso sentitzen naiz, baina abiapuntuan ezeroso. Prekarizatutako lan hauek, ordaindu gabeak, feminizatutakoak eta birfeminizatutak asko interesatzen zaizkit. Gai hori, birfeminizatutako lanena, niretzako garrantzitsua da. Askotan badirudi libratu garela lan batzuetaz, baina da gu baino zaurgarriagoa den emakume bat ari delako lan horiek egiten. Parte handi batean uste dut domestikotasunak akabatzen gaituela. Edo domestikotasunak domestikatzen gaituela.
Gai horiek guztiak lehenengo geruzara, edo nahiko presente dauden geruzetara ekartzea asko interesatzen zait, iruditzen zaidalako badagoela hor harrobitxo bat zeinean arakatu daitekeen eta gauza interesgarriak atera daitezkeen. Maitasunaren ingurukoak edo politikagintzaren ingurukoak badira ere, edo munduari buruzkoak. Azkenean nik idazten dudanean interesatzen zaidana da ulertzea zertan ari garen, nola ari garen, zergatik ari garen horretan eta non dauden egokiak iruditzen ez zaizkidan edo injustuak diren bizitzako eszena horiek. Zer gertatzen ari den hor. Gero ez diet irtenbiderik aurkitzen, baina behintzat ikusi egiten ditut.
"Badakit zenbat liburu saldu behar dituen idazle batek bere autonomo kuota ordaintzeko, eta badakit zientzia fikzioa dela ia ia. Hori konpondu daitekeela? Bai, noski"
Idazlearen lanbidea ez da ekonomikoki erraza izaten. Nola bizi duzu egoera hori?
Nik alde horretatik ez dut idazletzari dagokionez arazorik, nire soldata irakaskuntzatik hartzen dudalako. Eduki ditudan arazo guztiak administratiboak izan dira. Arazo izugarri handiak. Baina diruari loturikoak ez. Hori bai, desastre hutsa iruditzen zait idazletzaz bizi den idazlearen bizitza, zentzu guztietan. Idazle izateko dauden baldintza ekonomikoak tamalgarriak dira, erabat prekarizatua dagoen lana da. Autonomoetan altan eman beharraren politika desastre bat da bere horretan, baina baita idazle batentzat ere.
Ekonomiak erabat baldintzatzen du literatura, irakurtzen dugun literatura, irakurtzera ematen zaigun literatura, saritzen den literatura eta itzultzen dena. Erabat zeharkatuta dago baldintzapen ekonomikoengatik. Demagun oso ondo saltzea dela 5.000-6.000 ale saltzea euskaraz. Kopuru hori salduta, idazleak aterako lituzke, demagun, 10.000 euro. Hamar mila eurorekin zenbat denbora bizi daiteke pertsona bat? Zenbat hilabetez? Ados, horri gehitu irakurle talde batera joatea, izaten direla 100 eta 250 euro artean. Baina gero kendu gasolina, joan etorria, denbora… sarri laneko egun oso bat izaten da. Beraz, demagun sei hilabetez bizi daitekeela norbait 10.000 eurorekin. Justu, oso justu. Ezin ditut sei hilabetero idatzi sei mila ale salduko dituzten liburuak.
Horrek ekarriko du gutxi batzuk egitea literatura, eta hori ere kezkagarria da. Agian izango da luxu bat idaztea, edo uztartu beharko duzu beste lan batekin. Horrek profesionaltasun eza dakar. Denbora gehiago beharko duzu zabaltzeko zure hegalak idazle gisa, edo egingo duzu literatur mota bat zeina bideratuta dagoen saltzera, asko saldu behar duzulako diru pixka bat ateratzeko. Hori kontuan izanda, sei mila ale salduko dituzula, normalean ez dela gertatzen, idazle batek mila aletik behera saldu ohi dituelako. Orduan, pentsa zenbat denbora eskaini behar zaion liburu bati. Denbora neurtzen badugu dirutan, zenbat balio du idazle baten orduak? Huskeria bat. Ez dago gure mendebalde zibilizatu honetan okerrago ordainduta dagoen lanposturik.

Konpondu daiteke egoera hori?
Nik uste dut baietz. Uste dut har daitezkeela erabakiak, bai Gizarte Segurantzari, bai Ogasunari, baita noski kultura eta arteari loturikoak. Frantzian, eta ez bakarrik Frantzian, badauzkate estatutu berezi batzuk kultura bultzatzeko. Ez zait iruditzen hain zaila izan behar denik. Makina-erremintan hain trebeak bagara, honetan ere asmatuko genuke nola egin idazle baten alderdi finantzarioa errazteko. Idazleak ekarpen bat egiten du, baina nola neurtzen da ekarpen hori? Nik ez dakit nola neurtzen den, baina badakit zenbat liburu saldu behar dituen idazle batek bere autonomo kuota ordaintzeko, eta badakit zientzia fikzioa dela ia ia. Hori konpondu daitekeela? Bai, noski.
Frantziako estatutu horiek aipatzean zerri egiten diozu erreferentzia?
Bada, alde batetik dago artistaren estatutua deiturikoa. Ni Hendaian bizi naiz, baina ez naiz hor sartzen, irakaslea naizelako. Baina demagun, musikariek egiten duten emanaldi bat ez bada ixa saiora iristen, ba Estatuak kubritzen du falta dena, adibidez. Zinemagintzan ere sekulako laguntzak daude Frantzian. Zinema frantsesa zergatik da hain ona? Edukiko dute tradizioa eta nahi duzun guztia, baina egitura oso bat dago hori laguntzeko: lantaldeak sortzen dituzte pertsona batek idatzitako gidoia zuzentzeko, eta hori ordaindu egiten da. Hamaika buelta ematen zaizkio, eta egitura oso bat dago behatzen duena egoki egiten ari den edo ez. Dirulaguntzak ere ematen dira proiektuak aurrera eramateko, eta gero bermatzen dute pelikulen ehuneko bat frantses zineman egindakoa izatea.
Kontua da dirua hor jartzea. Eskaini beharrean aurrekontuaren zero koma bosta kulturari, eskaintzea gehiago. Egin daiteke, noski egin daitekeela, borondate kontua da. Iruditzen zait gainera askotan ez dela aintzat hartzen industriatxo bat osatzen dugula, zeinari ez zaion batere garrantzirik ematen, baina ikuspegi ekonomikotik iruditzen zait bideragarria dela. Ez soilik karitatez egin beharrekoa, baizik eta uste dut fruituak emango lituzkeela, fruitu ekonomikoak.
"Arazoa izan zen beka jasotzeko lehen faktura pasa nienean isunak jarri zizkidatela, atzera begirako izaerarekin. Ez dut oroitzen zenbatekoa, baina guztira 20.000 eta 25.000 artekoa"
Hor dago 70.000 euroko Xabier Lete beka, Eusko Jaurlaritzak eta BBVA Fundazioak sustatutakoa, zuk 2024an irabazi zenuena. Beste sari eta beka batzuen aldean, diru asko da. Horrelako sari gehiago ematea izan daiteke aukera bat?
Nik uste dut sariak ongietorriak direla. Nire kasuan oso ongietorria izan zen Xabier Lete beka, baina kontua ez da sariei buruzkoa. Arazoa egiturazkoa da, egitura da konpondu beharrekoa, eta hor jarri behar dira indarrak. Erraztu egin behar zaio bidea idazle, musikari edota antzerkigile izan nahi duenari. Are gehiago, nolabaiteko herrialdea osatzen baldin badugu, Euskal Herri bat osatzen baldin badugu, euskal horren oinarrian kultura dago. Hori kentzen duzunean, ez gara. Hori ahaztu egiten zaigu, eta horregatik niretzako egitura da konpondu beharrekoa.
Bekari dagokionez, horrexegatik aurkeztu nintzen, diru asko zelako niretzat. Pentsatu nuen bi urtez egon nintekeela klaserik eman gabe, idazteari emana. Ia berrogeita hamar urterekin eskatu nuen beka, eta ordura arte ez nuen inoiz eduki horretarako aukerarik. Zorte handia izan nuen eta eman egin zidaten. Gero ikusi nuen bi urteena ezin zela egin, urtebetez soilik egin zitekeela, eta halaxe egon nintzen.
Diru pila bat da, bai, baina nire kasuan arazo handiak eduki nituen. Hutsune handi bat sumatzen dut hor, Gizarte Segurantzari loturikoa. Izan ere, nire kasuan arazoa izan zen beka jasotzeko lehen faktura pasa nienean isunak jarri zizkidatela, atzera begirako izaerarekin. Ez dut oroitzen zenbatekoa, baina guztira 20.000 eta 25.000 artekoa. Eta hori eta gero linbo fiskal batean geratu nintzen, autonomoetan altan ezin emanda eta bekaren bigarren zatia kobratu ezinda.
Isunak autonomoetan alta eman gabe egoteagatik?
Bai. Faktura hori aurkeztu nuenean ikusi zuten ez nengoela autonomoetan alta emanda. Nik ezin nuen alta emanda egon, irakasle naizelako EHUn. Helegitea jarri nuen, baina hamar eguneko epea gaindituta zegoenez, ez nuen aukerarik izan ezer egiteko. Nork dauka hamar egunetan helegite bat aurkezteko bizkortasuna eta baliabideak? Arazo horren oinarrian uste dut badagoela ere interes falta idazleen jardunarekiko.
Hala ere, oso eskertuta nago bekarekin. 2024ko urritik 2025eko urrira, urtebetez, horri emana izan naiz, eta sekulako esperientzia izan da horrela idaztea. Zure kezka, ardura eta betebehar bakarra hori izatea urtebetez… niretzako fantasia bat da.

Idazleentzako bekak eta sariak: aitortza sinbolikoak dira ala tresna baliagarriak?
Sinbolikoak. Oro har, beketan ematen den diru kopurua barregarria da. Sei mila euroko beka bat, hamar mila eurokoa, hamabost mila eurokoa. Horri kendu kendu beharrekoak. Zenbat diru geratzen zaizu? Zenbat hilabete dituzu lanerako? Oso eskasa da. Idazteak bere patxada eskatzen du, dokumentazio lana, irakurketa denbora, idazteko eta berridazteko denbora… Liburu bat ez da hiru hilabetetan idazten, denbora behar da. Horregatik ere uste dut eman zuela horrenbesteko zeresana BBVAren bekak; 70.000 euro dira, oso ongi dago, baina gero kontuak egiten dituzu eta… Kontua da zerrekin konparatzen den.
"'Los destellos' filmean uste dut pagatu zizkidatela guztira 10.000 euro, gidoi tratamenduagatik 5.000 eta egile eskubideengatik 5.000"
Zure Bihotz handiegia liburuko ipuin homonimoa zinemara eraman zuen Pilar Palomerok, 'Los destellos' izenburupean. Kasu horretan, nolakoa izan zen egile eskubideen kudeaketa?
Deitu egin zidan Fernando Bovairak, produktoreak. Bihotz handiegia liburua irakurri zuen, gazteleraz. Esan zidan liburuan bazegoela mood bat, uste dut hitz hori erabili zuela, zeina berak eraman nahi zuen pelikula batera, eta esan zidan niri gidoia enkargatu nahi zidala. Ezetz esan nion, ezin nuelako hori uztartu nire idazle eta irakasle lanekin, baina hitz egiten jarraitu genuen. Idatzi gabeko ideia konkretu bat zuen buruan, eta nik proposatu nion jada nik idatzitako istorioa hartzea, gidoia bilakatuta. Bihotz handiegiako lehenengo ipuina, hain zuzen. Eta horrela, kontratu bat egin genuen, agente baten bidez.
Behin adosten denean liburu batean oinarritutako pelikula egingo dela, kontratuaren araberakoa da idazleak filmaren gainean duen kontrola?
Bai, hori da. Kontratuan jartzen du zein den egilearen parte hartzea, edo zenbaterainokoa izan daitekeen bere presentzia, bai kredituetan, bai gidoian esku-hartze garaian. Nire kasuan gidoi tratamendu bat egiteko eskatu zidaten eta hala egin nuen, baina gero Pilar Palomerok goitik behera idatzi zuen gidoia. Zalantza batzuk argitzeko besterik ez genuen hitz egin, baina ez zen nire esku hartzerik egon. Nik gidoi ofiziala ez nuen behin ere ikusi, baina oso tratu ona eduki dut Pilarrekin, bai pelikulako jendearekin, bai produkzio-etxeekin.
Nik idatzitako gidoi tratamendua ez zuten inoiz erabili. Ekoiztetxeak esan zidan Pilarrek ez zuela ikusi nahi baldintzatua ez izateko. Handik urteetara Pilar ezagutu nuen eta gaia aipatu nion, baina berak esan zidan ez zuela inoiz jakin tratamendu hori existitzen zenik. Ez dakigu prozesuan zer gertatu zen.
Pelikularen arrakastaren baitan zuk ehuneko bat jasotzen duzu?
Bai, ehuneko bat jasotzen duzu, baina gai oso konplikatua da. Filmean uste dut pagatu zizkidatela guztira 10.000 euro, gidoi tratamenduagatik 5.000 eta egile eskubideengatik 5.000.
"Behin egin nuen kalkulua: nik nire liburu bat itzultzeagatik irabazten dut gehiago, mila liburu salduta baino [...] Eta edonola ere, itzultzeagatik kobratzen dena miseria bat da"
Zuk zeuk itzuli izan dituzu zure liburuak, eta beste batzuek ere itzuli dizkizute. Irabaziak nola banatzen dira kasu bakoitzean?
Demagun nik liburu bat publikatzen dudala Susan, euskaraz. Susa da Euskal Herrian, eta esango nuke munduan, gehien pagatzen duen argitaletxea egile eskubideei dagokionez, %12 edo %12,5, ez naiz gogoratzen. Gainontzeko argitaletxeek %10 inguru ordaintzen dute, kasurik onenetan, nahiz eta Euskal Herrian nahiko egonkortuta dagoen zifra izan. Hasi berria bazara edo argitaletxeek ikusten baldin badute zuri mesede egiten ari direla, agian ezer ere ez.
Liburu hori itzuli egiten badizu argitaletxeak, demagun gaztelerara, pagatuko dizute %6 edo %7 inguru. Zergatik? Suposatzen delako itzulpenean gastatuko den dirua argitaletxeak bere patrikatik jarri behar duela, eta zati hori idazleari kentzen diote. Orduan, nire liburua itzuliko balute, egile eskubideengatik hori jasoko nuke, %6-%7.
Norberak bere liburu propioa itzultzen duenean gauza bera da: ehuneko %6-%7 hori ordaintzen dizute eta gero pagatzen dizute itzulpena bera. Behin egin nuen kalkulua: nik nire liburu bat itzultzeagatik irabazten dut gehiago, mila liburu salduta baino, gutxi gorabehera. Eta edonola ere, itzultzeagatik kobratzen dena miseria bat da. Oso, oso lan gogorra da. Itzultzaile izateko espezializazio handia behar da, izugarri handia; edonor ezin da itzultzaile izan, oso jende gutxik egin dezakeen lana da, baina espezializazio hori ez da gero dirutan ikusten. Oso lan prekarioa da.

Amaitzen joateko. Osasuntsu dago euskarazko literaturaren sektorea?
Sektorea esango nuke ezetz. Jendeak produzitzen duena asko interesatzen ari zait azken urteetan, baina ez nuke esango sektorea indartsu edo osasuntsu dagoenik. Industria ez, baina sorkuntza bai.
Zein da idazle gisa diruaren gainean izan duzun ikaskuntzarik handiena?
Nire pasioak zer ikusi gutxi daukala diruarekin. Ezin dela ordaindu diruz nik egiten dudana. Esan nahi dudana da nire pasioak niri ekartzen didan etekina, edo nik idazletzari ateratzen diodan etekina, ezin dela diruz ordaindu. Baina noski, hori pentsa dezaket eta horretan geldi naiteke beste soldata bat daukadalako.
"Azken urteetan, nire ustez gero eta nabarmenago, literatura atseginagoa publikatzen da. Editore bati entzun nion hori gertatzen dela Word-a Excel-agatik aldatu dutelako"
Zenbat dauka literaturak ekonomiatik?
Literaturak ekonomiatik asko du. Idazle batek ez du modu isolatuan idazten, erabat baldintzatuta dago: zer ari den argitaratzen, zer irakurri duen bere haurtzaroan, bere gaztaroan, eta bere helduaroan; zer irakurtzen ari den orain, nondik doazen modak, zer dioen agendak... Hori dena baldintzatuta dago kanon batengatik, eta kanon horren atzean patroi bat dago beti. Patroi hori pixka bat mugi daiteke garaiaren arabera, baina guk irakurri dugu batez ere gizonezkoek idatzitako literatura. Itzulpenari dagokionez ere, irakurri dugun gehiena, kanon gehiena, hizkuntza hegemonikoetan sorturikoa da. Beraz pentsa, zein puntutaraino gauden baldintzatuta.
Horri erantsi azken urteetan, nire ustez gero eta nabarmenago, literatura atseginagoa publikatzen dela. Editore bati entzun nion hori gertatzen dela Word-a Excel-agatik aldatu dutelako. Ez da edozer gauza argitaratzen, eta sentsazioa daukat 18, 22 eta 25 urte nituenean irakurtzen nuela literatura exijenteagoa gaur egun irakurtzen dudana baino. Hori ez da idazleen kontua soilik. Kontua da zer idatzi behar duzun argitaratua izateko. Argitaratua izateko idatzi behar duzu gutxienez ixa saltzen den liburu bat. Beraz, guztiz baldintzatuta dago, erabat, eta inportantea ez ezik, hil ala bizikoa ere bada diru kontuez hitz egitea, baita literaturari lotuta ere.
Eta ekonomiak literaturatik?
Pentsatzen dut literatura txarretik eduki dezakeela. Literatura txarrak potolokeriak erabiltzen ditu askotan, puztutako hitzak. Gero, hitz horiek ulertzen dituzunean, konturatzen zara ez dutela ezer esaten. Ekonomiak ere hori egiten du pixka bat, termino potoloak erabili, baina azpian dagoena askotan guztiz injustua den gestioa izaten da.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta