Ekinbat! egitasmoak amaiera ekitaldia ospatu du gaur Zubieta Lanbide Eskolan, desabantaila egoeran dauden Gipuzkoako gazteen aukerak hobetzeko azken urte eta erdian egindako lana balioan jarriz. Proiektua Sorginlore, Ikaslan Gipuzkoa, Zabalduz-Batzen eta Ikertze elkarteek garatu dute, Kutxa Fundazioaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin. Ekitaldian ikus-entzunezko laburpena eman da eta parte hartu duten ikasle, hezitzaile eta komunitateko ordezkariek euren esperientzia partekatu dute.
Egitasmoa hiru arlotan banatu da. Gazteekinbat! proiektuan lau ikastetxetako 86 gaztek parte hartu dute, eta parte-hartze komunitarioko metodologiak hedatzeko prototipo bat eta hezitzaileentzako lau podcast sortu dira. Gazteek sortutako espazioak "seguruak" izan direla adierazi dute, harremanak sendotzeko eta euren ahotsa modu askean adierazteko aukera izan dutela nabarmenduz. Emakumeekinbat! proiektuak, berriz, 21 emakumeri lan munduratzea eta emantzipazioa lantzeko guneak eskaini dizkie, autoezagutzan eta konfiantzan sakontzeko aukera emanez.
Eragileekinbat! izeneko azken arloak emantzipaziorako gida bat sortu du, lau hizkuntzatan eta bederatzi erakunderen ekarpenekin. 150 ale fisiko argitaratu dira eta online ere eskuratu daiteke. Horrela, Ekinbat! proiektuak gazteen autonomia eta gizarteratzea errazteko tresna praktikoak utzi ditu bere ibilbidean.