• EKONOMIA
  • Ekonomia zirkularrari buruzko doako prestakuntza eskainiko zaie enpresei Beterri-Buruntzan

Ekonomia zirkularrari buruzko doako prestakuntza eskainiko zaie enpresei Beterri-Buruntzan

Enpresei parte hartzeko deia egin die Beterri-Buruntza Mankomunitateak, euren zirkulartasun diagnostiko eta ekintza-plan propioa gara ditzaten

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
2026ko urriaren 8a - 12:10
Eg. 2026ko urriaren 8a - 12:21

15 enpresek aukera izango dute, doan, ekonomia zirkularrak eskaintzen dituen aukerak identifikatzeko eta zirkulartasun diagnostiko indibidualizatua egiteko, baita etorkizunerako ekintza-plana garatzeko ere. Egitasmoak BB Zirkularra du izena, eta Beterri-Buruntza Mankomunitateak abiatu du helburu izanik konpainien lehiakortasuna bultatzea.

 

Ekimenean parte hartzen duten enpresek laguntza pertsonalizatua jasoko dute, besteak beste, euren materialen, baliabideen eta hondakinen kudeaketa aztertzeko, baita merkatuaren eta bezeroen eskaerak identifikatzeko ere. "Hala, enpresak bere egoera zein den ezagutu eta hobekuntzarako lehentasunak identifikatu ahal izango ditu", azaldu du Mankomunitateak. Behin parte hartzaileen diagnostikoa eginda, ekintza-plan praktikoa garatuko dute, hartu beharreko neurrien artean lehentasunak identifikatu eta neurri horiek gauzatzeko epeak zehazteko. Araudiari buruzko zein neurriak gauzatzeko finantzaketa eta dirulaguntza-aukerei buruzko gaiak ere jorratuko dira programan.

Lanketa indibidualaz gain, azaroaren amaieran hiru mahai sektorial ere antolatuko dira, konpainiek lankidetzarako aukerak azter ditzaten. Lehenengo mahaia metal-mekanika eta makina-erremintaren ingurukoa izango da; bigarrena nekazaritza elikagaien eta sagardoaren ingurukoa; eta azkena energia, logistika eta ontzien gainekoa.

 

Gauzak horrela, Andoaingo, Astigarragako, Hernaniko, Lasarte-Oriako, Urnietako eta Usurbilgo enpresei dei egin die Mankomunitateak, ekimenean parte har dezaten. Bereziki industria-enpresentzat (edo industriari zerbitzuak eskaintzen dizkietenentzat) pentsatuta dagoela ere zehaztu dute. Antolatzaileek kontuan hartu dute enpresek denbora falta izaten dutela horrelako egitasmoetan parte hartzeko; horrenbestez, saio bakoitzaren iraupena 90 minutukoa izatea erabaki dute, eta ordutegia enpresekin adostea aurreikusten da. Osotara, parte-hartzaileek 6-8 ordu besterik ez dizkiote eskaini beharko egitasmoari. Parte hartu nahi duten enpresak Beterri-Buruntza Mankomunitateko Enpresa Sailarekin jarri beharko dira harremanetan. 

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain