ELAk eskatu du Eusko Jaurlaritzaren 2027ko aurrekontuek sektore publikoko langileen lan-baldintzak hobetu eta zerbitzu publikoak indartzeko neurriak jasotzea. Besteak beste, langile guztien soldatak %7 igotzea eta 2026ko KPIaren igoera gehitzea proposatu du, baita lanaldia astean 32 ordura murriztea ere. Sindikatuak salatu du egungo aurrekontu-politikak kapitalaren interesak jartzen dituela herritarren beharren gainetik.
Sindikatuak aurkeztutako txostenaren arabera, Eusko Jaurlaritzaren mendeko sektore publikoko langileen %43 behin-behinekoak dira. Osakidetzan, 22.000 langile baino gehiago daude egoera horretan, plantillaren erdia gutxi gorabehera; Hezkuntzan, berriz, 19.000 baino gehiago dira, langileen %51. Horri gehitu dio 2010etik 2026ra soldatek %14,15 egin dutela gora, inflazioa %32,3 igo den bitartean. Ondorioz, langile publikoek erosteko ahalmenaren %18,15 galdu dutela kalkulatu du sindikatuak.
ELAk salatu du zerbitzu publikoen pribatizazioaren ondorioz 100.000 langile ari direla eremu pribatizatuetan lanean, eta horietan lan-baldintzak eta zerbitzuen kalitatea okertzen direla. Sindikatuaren iritziz, osasungintzan eta hezkuntzan inbertsioa ez da behar adina handitzen, nahiz eta herritarren beharrak gero eta handiagoak izan. Horregatik, zerbitzu publikoetan hutsik dauden lanpostuak betetzea eta behin-behinekotasuna %8tik gorakoa den sektoreetan enplegua egonkortzeko prozesuak abiatzea eskatu du.
Finantzaketari dagokionez, ELAk erreforma fiskala eskatu du, enpresen mozkinengatik, aberastasunagatik eta errenta altuengatik ordaintzen diren zergak handitzeko. Sindikatuak gogorarazi du EAEko presio fiskala BPGaren %31,7koa dela, Europar Batasunekoa %40,4koa den bitartean, eta Europako batez bestekora iritsiz gero administrazioek urtean 7.500 milioi euro gehiago bilduko lituzketela. Halaber, Eusko Jaurlaritzari eskatu dio langile publikoen lan-baldintzak hemen erabakitzea eta urriaren 20an egingo den Mahai Orokorrean sindikatuen proposamenak negoziatzea.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta