Energia berriztagarrien aldeko geroz eta aldarri gehiago haizatu arren, munduak erregai fosilen eraginpean jarraitzen du oraindik. Gaur-gaurkoz, energia osoaren %80 iturri fosiletatik dator (petrolioa 25%, ikatza %30 eta gasa %25), eta, gainera, sortzen den energia horretatik guztitik %33 besterik ez da erabilgarri izaten; hots, %67 bidean galtzen da.
Energia berriztagarriak xurgatzeko gaitasun handia du elektrizitateak, eta planeta berdeago baterako bidean, geroz eta pisu gehiago hartu behar duela nabarmendu zuten atzoko BECen eginiko Enlit Europe nazioarteko topaketan. Orainaldia dagoeneko elektrikoa dela zioen Barakaldoko eraikinaren kanpoaldeko publizitate kartelak, baina datuek ez dute hori adierazten. Egun guztizko energia eskariaren %21-23 da soilik elektrikoa. Etorkizunak, baina, behar du izan elektrikoa, eta 2050erako helburua da energiaren %55-%60 halakoa izatea, erregai fosilekiko urte askotako mendekotasuna arintzeko asmoz.
Egun guztizko energia eskariaren %21-23 da soilik elektrikoa. Etorkizunak, baina, behar du izan elektrikoa
“Elektrizitatea da azpiegitura ororen bizkarrezurra”, adierazi zuen atzo Melton Chang Schneider Electric multinazionaleko ordezkariak. Bere esanetan, mundu osoan energiaren %50 eta %90 elektrifikatzeko potentziala dago. “Elektrizitatea lehiakorra da, eta horretan inbertitzeak deskarbonizazioaz haragoko abantailak dakartza”.
2022an Frankfurten (Alemania), 2023an Parisen (Frantzia), iaz Milanen (Italia); aurten Euskal Herrian egin da nazioarteko azokaren edizio berria. Changen gisan, mundu osoko aditu, enpresetako ordezkari eta sektoreko eragileak batu ziren atzo BECen, eta bertan izango dira bihar arte. Antolatzaileen arabera, 140 herrialdeko 700 bat erakusketari izango dira, energia sektore jasangarriago baterako euren produktu eta soluzioak aurkezten, eta orotara 15.000 bat aditu bertaratzea espero dute.
Paddy Young Enliteko zuzendariak ireki zuen atzoko ekitaldi instituzionala, eta nabarmendu zuen trantsizio energetikoa ingurumen erronka soilik ez, “erronka estrategikoa” ere badela, “Europaren etorkizuna jokoan” dagoelarik. Nazioarteko topaketak Euskal Herria hautatzea ez dela ausazkoa argitu zuen: “industria lurralde bat energia garbien lurralde bihurtzea lortu du Euskal Herriak. Bilbon egin nahi genuela argi genuen, eta jardunaldi hau Europako energia berdeen garapenean katalizatzaile izatea nahi dugu”.
Melton Chang (Schneider Electric): “Elektrizitatea lehiakorra da, eta horretan inbertitzeak deskarbonizazioaz haragoko abantailak dakartza”
Enliteko zuzendariarekin batera, Mikel Jauregi Jaurlaritzako Industria sailburua eta Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia izan ziren. Jauregik Mario Draghiren txostena ekarri zuen gogora, Europa kontinente bezala, energiaren sektorean puntako herrialdeen atzetik dagoela eta mundu mailan paper garrantzitsua izateko esnatu beharra duela ohartaraziz. “Sare eta azpiegitura hobeak behar ditugu berrindustrializazioari aurre egiteko”, zehaztu zuen.
Pradales lehendakaria ez zen bertan izan, baina grabatutako bideo baten bidez adierazi zuen industriak deskarbonizatzen jarraitu behar duela, betiere lehiakortasuna galdu gabe.
Europak esnatu beharra du
Schneider Electric multinazional frantziarra eta Iberdrola dira azokaren babesle nagusiak. Schneider Electric mundu mailako energia enpresa handienetako bat da, 100 herrialde baino gehiagotan ditu negozioak eta 135.000 langile baino gehiago ditu. Energia azpiegituren elektrifikazioaz arduratzen da, besteak beste. Changek elektrifikazio “masiboaren” beharra nabarmendu zuen atzo, energia sektorea indartzeko “palanka indartsuena” dela argudiatuta.
Argindarraren eskaria geroz eta handiago da munduan, eta datozen urteetan joera horrek ez du etenik izango. Teknologia berriek eta adimen artifizialak energia sare indartsu bat behar dute atzetik, eta horren erakusle Changek azaldu zuen hemendik urte batzuetara datu zentroetako energia eskaria hirukoiztu egingo dela.
“Energia sareak egonkorrak izateko diseinatuta daude, ez malguak izateko”, zioen. Hori dela eta, sare ugari ez daude egokituta etorkizuneko eskariei aurre egiteko, 40 urte baino gehiago dituztelako eta ez dutelako egun behar den teknologia eta digitalizazio maila. Horren aurrean, hiru ekintza zerrendatu zituen adituak: azpiegituren digitalizazioa eta tresna adimendunen ezarpena; ahalik eta datu gehien biltzea eta energia berriztagarriei hazteko aukera ematea.
Agustin Delgado Martin (Iberdrola): “Txina aurretik doa, eta badakite erregai fosilek mendekotasuna sortzen dutela. Inbertsioa handitu behar dugu sare elektrikoan eta energiaren biltegiratzean”
Agustin Delgado Martin Iberdrolako zuzendari teknologikoak aitortu zuen elektrifikazioa motel ari dela gauzatzen Europan, eta Txinaren aldean, asko dagoela egiteko. “Txinan bi autotik bat elektrikoa da. Europar Batasunean saldutako autoen %30 dira soilik elektrikoak. Kostuak apaltzen ari dira, baina pizgarriak beharrezkoak dira oraindik”, adierazi zuen.
Delgadoren hitzetan, etorkizunean ez da “petrolio herrialdeez” hitz egingo, baizik eta “herrialde elektrikoez”. “Txina aurretik doa, eta badakite erregai fosilek mendekotasuna sortzen dutela. Inbertsioa handitu behar dugu sare elektrikoan eta energiaren biltegiratzean”.
Elektrifikazioa, nagusiki ibilgailuetan eta bero-ponpetan gauzatu dela gogoratu zuen Iberdrolakoak, eta neurri horiek hartu dituzten lurraldeetan erregai fosilen inportazioa apaldu egin dela, baita hornikuntza kostuak murriztu ere.
Octopus Energy energia konpainiako fundatzaile Greg Jacksonen txanda etorri zen ostean, zeinak azpimarratu zuen Txina ez dagoela aurretik ekoizpen kostu merkeagoak dituelako, baizik eta "sekulako" inbertsioa egin dutelako elektrifikazioan. Bada, bere ustetan, Europak energia sistema eraginkor eta sendo bat eraiki ahal izateko deszentralizaziora jo behar du.

Eskariari erantzuteko argindar gehiago
Mario Ruiz-Tagle Espainiako Iberdrolako zuzendari exekutiboa ere izan zen atzoko topaketan. Iberdrolak Euskal Herriarekin duen konpromisoa berretsi nahi izan zuen, urtero EAEn 3.500 milioi euroko inbertsioa egiten dutela esanez. Iberdrolak mundua elektrifikatzea duela zeregin ere esan zuen, elektrizikazioa “geldiezina” dela argituz. “Bizi, mugitu, ekoiztu eta komunikatzerakoan elementu komun bat behar dugu: energia. Eskaria handitzen ari da, elektrizitate gehiago behar dugu, garbia eta lehiakorra dena, tokiko iturrietatik aterara, eta osagai fosil eta fenomeno geopolitikoetatik hain zaurgarria ez dena”, azaldu zuen.
Mario Ruiz-Tagle (Iberdrola): "Eskaria handitzen ari da, elektrizitate gehiago behar dugu, garbia eta lehiakorra dena, tokiko iturrietatik aterara, eta osagai fosil eta fenomeno geopolitikoetatik hain zaurgarria ez dena”
Iaz %4 handitu zen elektrizitatearen mundu mailako eskaria, eta 2035erako eskaria %50 handitzea aurreikusten du Iberdrolak. Horrek, digitalizazioa eta adimen artifizialaren bidez, sare eta biltegiak berriak eraiki eta sare zaharrak berritzea eskatuko du. Horretarako, energia konpainiak etorkizunean 21.000 milioi euroko inbertsioak egitea aurreikusten du: “biltegiratze sistemek rol funtsezkoa jokatuko dute energiaren eskaintza eta eskariaren orekan”, zioen Ruiz Taglek.
Horrekin batera, energia politika “argi eta egonkorrak” eskatu zituen, inbertsioen prozesuak “arintzeko” aukera ematen dien arau esparru batean.