Hamar urte beteko ditu aurten Emakumeak Zientzian egitasmoak, zeina otsailaren 3tik 11ra bitartean egingo den. Proiektuaren hastapenetatik, helburua argia izan da: zientzia arloetan emakumeen parte-hartzea bultzatzea, “gizartearekin lotura estuagoa duen zientzia irekiago eta bidezkoago baten alde” eginez.
Hamarkada ospatzeko, Marea bizia gara leloa aukeratu dute antolatzaileek, eta EAE osoan zehar egingo diren 70 jarduera baino gehiagoko programa prestatu dute, 34 erakunderekin lankidetzan. Lehenengo egunean, ohi moduan, 'Atzoko eta gaurko emakume zientzialariak' ekimena egingo da, non zenbait ikerketa-arlotako emakume zientzialari biltzen diren.
Ondorengo egunetan, hamarnaka jarduera egingo dira orotariko publikoarentzat: komunitate zientifikoarentzat mahai-ingurua egingo da goi-mailako hizlariekin (Petra Rudolf eta Silvia Rueda Pascual, kasu), familientzat ibilbide dibulgatiboa prestatuko da Donostiako historia geologikoari buruz, eta, antolatzaileek jakinarazi dutenez, zenbait jarduera izango dira 55 urtetik gorako emakumeei bereziki zuzendutakoak.
Donostian emango zaio amaiera programazioari, otsailaren 11n, Aquariumean; bertan, gogoeta-prozesu baten ondoren eginiko manifestu edo ekintza plan bat partekatuko dute, zeinak Emakumeak Zientzian proiektuaren etorkizuneko pausoak markatuko dituen. Programazio osoa argitaratu dute antolatzaileek, eta jakinarazi dute jardueretan izena eman daitekeela jada.