Espainian gobernu berria: erronka ekonomikoak Hego Euskal Herrira begira

Gizarte Segurantzaren kudeaketaren transferentzia, Next Generation funtsak edota Europako arau fiskal berriak dira gurean eragin handiena izan dezaketen auziak

Argazkia: Moncloa Argazkia: Moncloa

Espainiako gobernua eratuta, exekutiba berriak dilindan dauden auziei aurre egiteko garaia du. Tartean, erronka ekonomikoak ez dira gutxi izango. Pedro Sanchezek hala iritzi diola dirudi, gobernuaren egitura berrian ekonomia saila indartu baitu, hiru presidenteorde izatetik laura igaroz. Yolanda Diazek Enplegu eta Ekonomia sozialeko ministro izaten jarraituko du, Nadia Calviñok Ekonomia, Enpresa eta Merkataritzakoa eta Teresa Riberak Gai Ekonomiko eta Trantsizio Digitalekoa. Horiekin batera, Maria Jesus Montero Ogasun ministroa gehitu da hirukotera.

Ekonomia kontuetan, pasa den legegintzaldian baino zailtasun gehiago aurkitzea kostako zaio gobernu berriari, pandemia, inflazioa edota Ukrainako gerrak erabat ezegonkortu baitute nazioarteko ekonomia. Ostera, inflazioa jaisteko erronkari eta interes tasa altuek etxebizitza merkatuan duten eraginari aurre egin beharko dio, besteak beste. Edonola ere, Espainiako gobernuaren erronken artean, badira Hego Euskal Herriari zuzenean eragingo diotenak.

Gizarte Segurantzaren kudeaketa EAEn: kutxa bakarra ez da apurtuko

Gernikako Estatutua sortu zenetik transferitzeke dagoen eskumena da Gizarte Segurantzaren kudeaketa. EAJk eta PSOEk, Pedro Sanchezen inbestidura ahalbidetzeko, estatutuan transferitzeke dauden eskumenak hurrengo bi urteetan EAEra ekartzeko konpromisoa adostu dute, eta harrabotsa sortu du, zehazki, Gizarte Segurantzaren trasferentziak izan dezakeen eraginak.

Horren harira, ez dirudi kasualitatea Sanchezek Elma Saiz nafarra izendatu izanda Gizarte Segurantza eta Migrazio ministro. Orain arte, Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun saileko kontseilaria izan da Saiz, eta bere gain egongo da afera honen kudeaketa. Behin kargua hartuta, Gizarte Segurantzaren kutxa bakarra bermatuta dagoela adierazi eta administrazioen arteko elkarrizketaren eta lurralde egituraren alde azaldu da politikari nafarra. Hainbat zurrumurruri kontra eginez, Gizarte Segurantzaren sisteman ez dela inolako hausturarik aurreikusten esan du.

EAEri ez lioke onurarik egingo Gizarte Segurantza sistema propio bat izateak, defizitarioa izango litzatekeelako

Saiz nafarra izanik, Itun Ekonomikoaren nondik norakoak ondo ezagutzen ditu, eta EAJko hainbat ahotsek autogobernua indartzeko errazagoa izan daitekeela adierazi dute. Bingen Zupiria Jaurlaritzako bozeramaileak Estatutuaren garapen osoa "ahalik eta modu egokienean eta ahalik eta denbora laburrenean" betetzea espero duela adierazi du, Andoni Ortuzarrek ere estatutuan Gizarte Segurantzaren eskumena EAEri dagokiola argi azaltzen dela nabarmendu du, eta orain arte Espainiako gobernu guztiek transferentzia gauzatzeko oztopoak jarri dituztela gogoratu du.

Gizarte Segurantzaren eskumena bera baino, haren kudeaketa gauzatzeko ahalmena da EAEk hurrengo bi urteotan jaso dezakeena. Espainiako Konstituzioak bermatzen duen kutxa bakarraren printzipioa ez da hautsiko, eta sistema bakarra mantendu litzateke estatu osoan. Kasik estatuko erkidego guztiek defizita dute pentsio sisteman, hau da, kotizazioen diru sarrerak pentsio gastuak baino txikiagoak dira, eta EAE eta Nafarroa ez dira salbuespenak. Hortaz, EAEri ez lioke onurarik egingo sistema propio bat izateak, defizitarioa izango litzatekeelako. Eskumenaren transferentzia zer baldintzetan egingo den argitzeke dago, baina gauzatzen bada haren kudeaketa izango da tranferituko dena, hau da, kotizazioen bilketa eta ordainketak euskal lurretan egitea.

Next Generation funtsen kudeaketa

Pedro Sanchezen gobernu berriaren beste erronka ekonomiko handietako bat Europako Next Generation funtsen Ekonomia Suspertzeko eta Eraldatzeko Proiektu Estrategikoen (ESEPE) kudeaketa izango da. Ekonomia berrindartzeko diru laguntzetan 2026 baino lehenago 163.000 milioi euro banatzea aurreikusita zeuden. Espainiak, oraingoz, 37.000 milioi jaso ditu, eta 2024an 25.600 milioi, 2025an 44.600 milioi eta 2026an 44.300 milioi jasotzea aurreikusten da. Bruselak, denera, espainiar estatuari 93.540 milioi euroren diru laguntzak onartu dizkio.

Urkullu lehendakariak ESEPEen diruaren % 26 baino ez dela bideratu salatu zuen orain gutxi, eta Azpiazu sailburuordeak ere funtsen kudeaketarako estatuarekin kogobernantzarik ez egotea deitoratu zuen, euskal enpresek diru laguntza horiek galdu ditzaketela ohartaraziz. Hego Euskal Herrian oraingoz 1.544 milioi euro jaso dira Next Generation funtsetatik.

Hego Euskal Herrian oraingoz 1.544 milioi euro jaso dira Next Generation funtsetatik

Dena den, diru laguntza hauek banatzerako orduan baldintzak leunduko direla dirudi, eta Espainiako gobernuak Jordi Hereu industria ministro berria du hauek kudeatzeko. Hurrengo ESEPE garratzitsuenak, eta euskal enpresa ehunean eragina izango dutenak ibilgailu elektrikoarena eta deskarbonizazioarena dira. Azken honetan, 1.400 milioi euro itzuli beharrik gabeko diru laguntzak izango dira, eta 1.700 milioi euro mailegu bidez emango dira.

Etxebizitzaren krisiari aurre egiteko, ESEPEak ere baliatu ditzake Isabel Rodriguez etxebizitza ministro berriak. 1.000 milioi euroko finantzaketa lerroa du alokairu sozialeko etxebizitzetara bideratzeko. Horietatik, 60 milioi baino gehiago Hego Euskal Herriari dagozkio, 48,6 milioi EAEri eta 13,8 Nafarroari, denera 1.248 etxebizitzetarako.

Gobernuak bankuak baliatu nahi ditu hurrengo urteetako diru laguntza guztiak banatzeko. Krediturako Institutu Ofizialaren (ICO) bidez bideratuko dira 40.000 milioi euro, eta Europako Inbertsiotarako Bankuak autonomien erresilientziarako funtserako 20.000 milioi euro esleituko ditu.

Europako arau fiskal berriak

Erreforma fiskal oso bat ere aurrera atera nahi du Espainiako Gobernuak, eta zergen diru bilketa Europako Batasuneko beste herrialdeen mailan ezarri nahi du. Fiskalitateari dagokionez, ordea, egoera konplexuan aurkitzen da Europa. Izan ere, pandemia garaian EBk zor eta defizit helburuak malgutu bazituen ere, orain berriz zorroztu ditzake, eta aurrekontu egonkortasuna eta finantza iraunkotasunaren inguruko akordio berri bat adostu beharra dute. Defizita BPGaren %3 eta zorraren %60 izatea da helburua, eta Europako Batzordearen azken aurreikuspenen arabera, Espainiako defizita 2024an %3,2ra murriztea espero dute.

Testuinguru honetan, euskal foru ogasunen berezitasunak kontuan hartu behar dira, Itun Ekonomikoaren baitan. Ikusteke dago Batzorde Mistoak zer erabaki hartzen dituen, baina lurralde historikoen ezaugarriak kontuan hartuz gero, EAEk bere neurri propioak hartuko ditu, EBko araudia errespetatuz betiere.

EBk zor eta defizit helburuak malgutu bazituen ere, orain berriz zorroztu ditzake

Beraz, Europaren arau fiskal berriak laister iritsiko eguneratuko dira, Europako ekonomia moteltze fase batean aurkitzen den unean. Hori gutxi balitz, Europako Banku Zentralak ez du baztertzen beste interes tasen igoera bat. Gogoratu pasa den urrian, hamar aldiz interes tasak igo ostean, gorakada eten zuela, %4,5ean mantenduz.

Gutxieneko soldata gordinaren igoera

50.000 euskaldun ingururi eragin dakioke gutxieneko soldata gordinaren igoerak. Yolanda Diazek hurrengo urterako gutxienez %3,8 igotzeko asmoa duela iragarri du. Dena den, CEOE patronala aurreratu egin da eta egungo 1.080 eurotik %3ko igoera egitea proposatu du 2024rako, hau da, 14 ordainketako 1.112,4 euroko soldata hilean. 2025erako, beste %3 igotzea proposatu du, soldata 1.146 eurotan kokatuz.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK