
Emakume zuzendarien euskarazko filmen bilakaera euskal zinematografian izeneko azterlana ondu dute Esther Ferrer (Donostia, 1981) eta Maria Pilar Rodriguez (Donostia, 1964) ikerlariek. Adierazpen artistikoen arloan emakumeak jasandako diskriminazioa azaleratzen du liburuak, ikus-entzunezkoetan oso ekoizpen mugatua izan baitzuten emakumeek hamarkada askotan, finantza kostuetarako sarbidean izandako oztopoengatik, besteak beste. Ferrerek nabarmendu du 2000.hamarkadan inflexio puntu bat izan zela. Ordutik, nabarmen areagotu dira emakumeek zuzendutako euskarazko filmak, nahiz eta genero arrakala oraindik agerikoa izan.
Gizartearen arlo guztietan jasan du diskriminazioa emakumeak mendeetan zehar, baina, kasu honetan, adierazpen artistikoen arloan jasandakoa erakutsi duzue ikerketa honen bidez. Nolakoa izan da diskriminazio hori?
Adierazpen artistikoetan emakumeek berebiziko zailtasunak izan dituzte beraien ideiak aurrera eraman eta euren ahotsa ezagutzera emateko. Modu bikainean laburbiltzen du errealitate hori John Bergerek Ways of seeing liburuan: “Men act and women appear”, hau da, gizonezkoek ekin egiten dute eta emakumeak agertu egiten dira. Ikus-entzunezkoan ere ohikoa izan da estruktura hori, baina ez zen beti horrela izan. Zinemaren hastapenetan, azaleratzen ari zen praktika artistikoa zenean, emakumeek protagonismo eta botere handia zuten kameren aurrean zein atzean. Hala ere, soinuaren sarrerak zinema industria eta negozio bihurtu zuenean, zentsura sartzearekin batera, emakumeak laster kanporatuak eta baztertuak izan ziren. Euskal zinema nahiko berandu garatu zen beste herrialdeekin alderatuta, eta hasieratik pelikulen ekoizpenarekin lotutako ia etapa eta prozesu guztietan gizonezkoak nagusi ziren. Emakumeak gero eta gehiago diren arren, datuek argi frogatzen dute oraindik gutxiengoa direla.
Nola sortu zen ikerketa egiteko ideia?
María Pilar Rodríguez, Deustoko Unibertsitateko irakasle eta ikerlaria, aspalditik ari da arlo honetan lan sakona egiten, eta euskal zinemagileei buruzko hainbat artikulu eta liburu agitaratu ditu. Bereziki, 2022an koordinatu zuen Euskal emakume zinemagileak liburuan emakumeek egindako filmak aztertu zituen eta horrekin ikerketa berriei ekiteko atea zabaldu zuen: ildo horretatik jarraituz, hizkuntzari erreparatzeko aukera zegoela ikusi zuen, eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak antolatutako Berdintzen beketarako lan interesgarri bat egin genezakela bururatu zitzaion, beka horiek euskara eta genero berdintasunari buruzko ikerlanak egiteko dira eta.
Ni une hartan doktorego tesian ari nintzen lanean María Pilarren zuzendaritzapean, emakumeen aurkako indarkeriaria emakume zinemagileek zuzendutako filmetan aztertzen feminismoaren laugarren olatuaren eta #MeToo mugimenduaren testuinguruan. María Pilarrek eskabidea —eta lana— batera egitea proposatu zidan, eta Berdintzen 2024ko deialdiko beka bat lortu genuela jakinarazi ziguten momentuan hasi ginen lanean ikerketa aurrera eramateko. Lan honek emakume zinemagileek euskaraz edo euskara beste hizkuntza batzuekin konbinatuta estreinatu dituzten lanak aldarrikatu nahi ditu.
Emakume zuzendarien euskarazko filmen bilakaera euskal zinematografian du izenburua liburuak. Nolakoa izan da ikus-entzunezko ekoizpenen bilakaera hori hamarkadaz hamarkada?
Datuei erreparatzen badiegu, erraz ikusten da oso ekoizpen mugatua egon dela lehen hiru hamarkadetan: 1970 eta 1999 bitartean emakume zinemagileek guztira 44 film besterik ez zituzten egin edozein hizkuntzatan eta edozein genero eta formatutan, eta horietatik zazpi besterik ez ziren izan euskaraz edo euskaraz beste hizkuntzekin konbinatuta, hau da, %15,9. Esan dezakegu inflexio puntu bat ematen dela 2000ko hamarkadan, hamar urte horietan zinemagile horiek aurreko 30 urtetan bezainbeste film zuzentzen baitituzte edozein hizkuntzatan, eta 2010tik 2019arte egindako 45 filmetatik 15 izan ziren euskaraz (%33,33).
"1970 eta 1999 bitartean emakume zinemagileek guztira 44 film besterik ez zituzten egin edoizen hizkuntzatan eta edozein genero eta formatutan, eta horietatik zazpi besterik ez ziren izan euskaraz edo euskaraz beste hizkuntzekin konbinatuta, hau da, %15,9"
Baina, benetako aldaketa 2010 urtetik aurrera ematen da: orduan egiten dute emakumezko zuzendarien ekoizpenek jauzi kuantitatibo handia eta, 2020tik 2024ko uztailera arteko filmak soilik kontutan hartzen baditugu, euskarazko filmen ehunekoa %53koa da. Ondorio nagusia da emakume zinemagileek gero eta film gehiago zuzentzen dituztela, eta horien artean euskarazko filmen ehunekoa ia etengabe handituz joan dela. Dena den, ikerlanean azpimarratzen dugu egiten duguna ez dela zientzia zehatza: corpusa oso zabala da eta inoiz ez dira datu horiek jaso.
Euskal Herrian emakume batek zuzendutako lehen film luzea 1988an izan zela diozue liburuaren sarreran, Ana Diezen Ander eta Yul. Zergatik Euskal Herrian lehena hain berandu, beste herrialdeekin konparatuta?
Euskal emakumezkoen zinema berandu sortu zen, batetik, frankismoaren zapalkuntza bikoitzagatik, bestetik, industria propio eskasagatik eta genero-desberdintasun estrukturalengatik. Frantzia edo Espainia bezalako inguruko herrialdeetako zinematografiarekin alderatuta, Euskal Herrian 1989 arte itxaron behar zen emakume batek zuzendutako lehen filmak argia ikus zezan: Ana Díezen Ander eta Yul. Joan den mendeko hirurogeiko hamarkadan, Josefina Molina edo Agnès Varda bezalako zuzendariek beren lehen filmak estreinatu zituztela gogoratu besterik ez dago euskal zuzendari baten film baten estreinaldiaren atzerapena hautemateko. Euskal Herriak ez zuen berezko industria zinematografiko sendo bat XX. mendearen erdialdera arte. Gehienbat Madril eta Bartzelonan sortzen ziren filmak, eta bertan ere emakumeen parte-hartzea oso murritza zen.
1980ko hamarkadan hasi zen euskal zinemaren pizkundea, baina ordurako gizonak ziren nagusi zuzendaritza lanetan. Zinemako ikasketak eta teknika espezializatuak eskuratzeko aukera gutxi zegoen emakumeentzat. Horrez gain, emakumezko erreferente gutxi egoteak (eta ia ez egoteak) belaunaldi berriak moteltzen zituen. Zirkulu zinematografikoetan sarbidea egiteko sareak eta aukerak gizonezkoek kontrolatzen zituzten.
Finantza kostuak direla eta, emakumezkoek dokumentalak eta film laburrak egin dituzte film luzeak baino gehiago. Finantza kostuetara sarbidea zailagoa izan da emakumeentzat?
Dudarik gabe. Analisi kuantitatiboan argi eta garbi ikusi denez, dokumental asko eta fikziozko film luze gutxi daude, eta emakumezko zuzendari batzuek esplizituki aipatzen dute egoera hori. Zenbat eta garestiago proiektua, orduan eta zailtasun gehiago dituzte. Eta fikzioa askoz garestiagoa da produzitzeko, dokumentala edo animazioa baino. Zinemagileek elkarrizketetan azaltzen dute sektorearen emakumeekiko konfiantza falta haien ahalmena, jakinduria, profesionaltasuna, sinesgarritasuna edo lan-gaitasuna zalantzan jarriz adieraz daitekela, eta horrek eragin zuzena dauka lortzen duten aurrekontuetan.
Baina hau ez da guk orain igarri dugun gauza bat, aspalditik hainbat ikerketek modu sendoan frogatu duten errealitatea da. Europar eta nazioarteko erakundeek hainbat estrategia sustatu dituzte ikus-entzunezko industrian genero-berdintasuna lortzeko, baina diskriminazio egoera horrek gaur egunerarte dirau, eta oso poliki murrizten ari da. Zorionez "zeluloidezko sabaiaren" (Martha Lauzen-ek asmatutako terminoa kristalezko sabaiak ikus-entzunezko esparruan dituen berezitasunak identifikatzeko) irismena kuantitatiboki gogoz aztertzen da orain, joera desberdinak aztertzen dituzten txosten zehatzen bidez, eta horrek asko laguntzen du testuingurua eta sektorearen bilakaera ulertzen. Izaskun Arandia edo Iratxe Fresnedak elkarrizketan azaltzen duten moduan, datu horiek ezinbestekoak dira: horrela bakarrik ikus dezakegu emakumeen aurrekontuak handitzen doazen, genero-arrakala saihesteko neurriek funtzionatzen duten, ekoizpen exekutiboan eta lan teknikoetan emakumeen kopurua handitzen ari den…
"Zinemagileek elkarrizketetan azaltzen dute sektorearen emakumeekiko konfiantza falta haien ahalmena, jakinduria, profesionaltasuna, sinesgarritasuna edo lan-gaitasuna zalantzan jarriz adieraz daitekeela, eta horrek eragin zuzena dauka lortzen duten aurrekontuetan"
Finantzez harago, zein beste oztopo pairatu dituzte emakumeek euren sorkuntza lanak aurrera ateratzeko?
Adibideak anitzak dira. Zinemagileen esperientziak oso desberdinak dira, baina oztopoen sorburua komuna da, hau da, genero-desberdintasuna. Lara Izagirrek ondo azaltzen du genero-estereotipoak oso presente daudela pitchingetan, adibidez, edo emakumeek ama izateari uko egiten diotela zinema ekoizteko jardunaldiak, gaur egun planteatuta dauden moduan behintzat, ia bateraezinak direlako amatasunarekin. Pentsa, adibidez, edoskitze-baimenetan: bateraezinak izan daitezke errodajeekin. Beste alde batetik, zinemagileek beraien buruarengan duten konfiantza faltak lotura zuzena du zinemaren industria gizonen esparru historikoa izatearekin eta emakumeek izan duten erreferente faltarekin.
Zuzendariak eta haien filmetan parte hartu duten lantalde teknikoa ezagutarazi nahi izan dituzue liburuan, katalogo txiki bat sortuz . Zer helbururekin?
Lan honen helburu nagusia hau zen: euskal emakumeek zuzendutako film guztiei buruzko datuak biltzea, ondoren horietatik euskarazkoen eta ele bietakoen proportzioa aztertzeko. Baina kontuan hartu behar da hasieratik 47 film luze baino ez daudela emakumeek euskaraz edo euskaraz eta beste hizkuntza batean edo batzuetan zuzenduak. Horregatik garrantzitsua iruditzen zitzaigun datu-basean bildutako film luzeekin katalogo txiki bat egitea haien laburpenak, zuzendariak eta haietan parte hartu duen lantalde teknikoa ezagutarazteko, labur eta eskematikoki baino ez bada ere. Horretarako film bakoitzarekin fitxa bat prestatu genuen, eta fitxa guzti horiek erakusten dute euskal emakume zuzendariek euskararen aldeko apustua egin dutela.
Emakumeek zuzendutako euskarazko filmen presentzia areagotu da, baina genero-berdintasuna lortu al da? Zenbatekoa da gaur egun arrakala?
Zoritxarrez ez da genero-berdintasuna lortu, baina aurrepauso garrantzitsuak ematen ari direla azpimarratu dezakegu. Genero-arrakala zenbatzea oso zaila da diskriminazio multifaktoriala delako, eta, batez ere, adierazpideak neurtzea benetan konplexua —edo, praktikan, ezinezkoa— delako. Adituek erakutsi duten moduan, emakumeek, gizarte-talde gisa, sozializazio diferentzialeko prozesuekin sakon lotuta dauden zapalkuntza sistemiko eta estruktural jakin batzuk jasaten dituzte. Eta horiek hain errotuta daudenez gure gizartean, askotan zaila da arrakala bezala identifikatzea, hasteko, eta are zailagoa dinamika horien aurka egitea.
"Emakumeek sozializazio diferentzialeko prozesuekin sakon lotuta dauden zapalkuntza sistemiko eta estruktural jakin batzuk jasaten dituzte. Eta horiek hain errotuta daudenez gure gizartean, askotan zaila da arrakala bezala identifikatzea, hasteko, eta are zailago dinamika horien aurka egitea"
Elkarrizketak egin dizkiezue hainbat emakumezko zuzendariri. Zein zailtasun nagusi aipatu dizkizuete?
Aipatzen dituzten zailtasunak orokorrean ez daude hizkuntzarekin erlazionatuta, baina bai ordea genero-desberdintasunari eta sektorearen prekarizarioari lotuta. Azken hau arazo garrantzitsua da. Zinemagintzatik soilik bizitzea zaila dela diote zenbaitek, eta pelikulak egiteaz gain beste lan batzuk ere bilatu behar dituztela azpimarratzen dute. Lehen aipatu dudan bezala, beste zailtasun bat da euskal emakumeen erreferenterik ez izatea zinemaren arloan, edo oso gutxi izatea, zuzendari gehienak gizonezkoak zirelako. Ondorioz, dena ongi egin beharraren presioa sentitzen zutela diote, ahalik eta gehien ahalegintzeko presioa, beren lana serioski hartuko ez zuten beldurrez.
Ikerketatik ateratako bestelako zein ondorio nabarmenduko zenuke?
Ikerketa kuantitaiboak argi erakusten du euskal emakumeek euskaraz egindako filmen kopuruak gora egin duela. Baina baita diru publikoaren garrantzia eta erakundeek emakumeak zineman sustatzeko politika sendoak diseinatzeko beharra dagoela ere. Bestalde, hainbat belaunaldietako emakume zuzendariak ezagutaraztea beharrezkoa dela azpimarratu nahi nuke, neskentzat eta gazteentzat erreferente gisa jardun dezaten eta ikus dezaten haiek ere gai izan daitezkeela zinemaren eta artearen munduan aritzeko.
Ikerketa lan honen etekinetako bat izan da dekalogo bat egitea, proposamenak eta etorkizuneko ikerketa ildoak adierazita. Hor aipatzen dira, hala nola, kuota eta laguntza espezifikoen sistemarekin jarraitzea, emakumeen parte-hartzea eta euskarazko filmen sorkuntza bultzatzeko, edo (H)emen eta beste hainbat elkartek aurrera eramaten dituzten jardunbide egokiekin jarraitzea.