• EKONOMIA
  • Etxebizitza asko eta bizi-proiektu gutxi

Etxebizitza asko eta bizi-proiektu gutxi

Gure lurraldeko etxebizitzaren egoera ulertzeko hainbat gako

Etxebizitza, emergentzia soziala | Argazkia: utzitakoa
Etxebizitza, emergentzia soziala | Argazkia: utzitakoa
ula eta pautxo txikitu gabe
Irakaslea / Arkitekto-doktorea eta EHUko irakaslea
2026ko ekainaren 29a - 05:30

Etxebizitzaren prezioa eskuragarri ez izatea arazo larria bihurtu da. Gizartean geroz eta desoreka handiagoa sortzen ari da eta sostenga ezina den egoera baten mugara iristen ari gara, lehertzeko zorian. Herri baten oinarrizko uztarririk gabe geratzen ari gara, eta herria erortzen ari zaigu gainean. Francoren garaitik hona etxearen jabegoa izatea ohikoa egin zaigu, “alokairuan bizitzea dirua galtzea delako”. Baina azken urteetan etxebizitzen prezioek hain gora jo dute, ezen alokairuaren aldeko joera berri bat sortzen ari dela. 

 
Behar zaitugu!

Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.

Une honetan etxe bat erostea eta alokairua ordaintzea hain da zaila (prezioagatik, hipoteka eskuratzeko baldintzengatik, alokairu luzeko etxe kopuru txikiagatik), gazteen emantzipazio eta bizi-proiektuetan eragiten ari dela, baina baita langileen lan-proiektuetan ere. Badira hiri eta herri batzuk, non alokairu eta etxeen salmenta prezioak hain diren eskura ezinak, ez dela posible lan edo bizi proiekturik garatzea. Ondorioak dira lan eta bizitokien arteko distantzia luzeak egin behar direla, pisuak konpartitu behar direla, edota guraso izateko proiektuak atzeratzen direla. Egoera horrek gizartea ahultzen eta osasuna kaltetzen du, eta gastu publikoa areagotzen du. Beraz, etxe-politikak egitea inbertsio bezala ikus genezake. Inbertsio horrekin guztiok irabazten dugu.

Bestalde, gizartearen eraikuntzaren oinarrietan dago posible egin behar dela herritar orok bere bizi-proiektua egitea eta bere gaitasunak garatu ahal izatea, ondoren gizarteari eskaintzeko, leku-bizigarri bat eginez. Gizarte guztiak modu duin batean bizi, eta bakoitzak duen alde bikainena eskainiz. 

 

Nola iritsi gara honaino: etxebizitza-higiezinen politika ekonomikoak

Etxebizitza arazoaren muinean dago etxebizitzak inbertsioa egiteko erabiltzen ditugula. Eta azken hamarkadan gertatzen ari den fenomeno berria da, etxebizitza inbertsio-produkturik eraginkorrena bilakatu dela, inbertsio-funtsen produkturik desiragarriena bihurtu arte. Ekonomia politika globalak bultzatu dira horrela izan dadin. Sortu dugun ekonomia ereduan, dirua bi moduren bitartez lor dezakegu: modu aktiboan, industrian, bai zerbitzuak, bai produktuak sortuz; eta modu pasiboan, finantzen munduan. Bigarrena, eta zehazki higiezinen espekulazioa, hainbeste bultzatu da, industria muskulua ahuldu egin dela. Dirua duen eta inbertitu nahi duen gizarte-klaseak industrian edo beste ekonomia sektoreetan aterako duen etekina epe laburrera begira, etxebizitzen bitartez lortuko duena baino gutxiago izango da, eta gainera arrisku handiagorekin. Bide horretatik, hiri asko erakargarriak egin dira hiri-politikek turismora begira prestatu dituztelako. Etxeak erosi eta turismoak behar duen epe laburreko alokairuan jartzearekin lortzen den errentagarritasunak ez du parekorik. Eta ahoz aho zabaldu da: higiezinen merkatuan inbertsore handiak eta maila desberdinetako errentadunak eta edukitzaileak daude. Denak pastelaren zati bat hartzeko diru-gosearekin.

Etxebizitza produktu bilakatzerakoan deshumanizatu egiten da, baina egoera horrek ez ditu kezkatzen higiezinen inbertsoreak; irabazpide handiko objektu batean pentsatzen dute, eta beraz, berdin zaie gizarteak pairatuko duena. Negozioa egiteko etxebizitzak metatzen ari dira, etxebizitzen prezioekin nahi dutena egin arte. Emaitza: batzuk geroz eta aberatsago egiten dira, eta besteak geroz eta gehiago txirotu. Batzuek etxea bizitzeko behar dute, eta besteek etxea inbertsioa egiteko erabiltzen dute. Gizarte arrakala bat. Eta horrek gizartearen desoreka suposatzen du, guztion kalterako dena, eta luzera begira, kaltegarria baita etengabe aberastu nahi dutenentzat ere. 

Beste ekonomia sektoreetan zenbat eta ekoizpen handiago izan, orduan eta merkeagoa izango da produktua. Baina etxebizitzen ekonomia bestelakoa da

Datu fidagarriak eskuratzeko zailtasuna etxebizitzaren arazoari traba egiten dion ezaugarri bat da. Baina eskuratu diren datuek diote etxebizitzen pilaketa dutenen bi heren errentadunak direla eta beste herena inbertsoreak (Burón, 2025). Estatuaren politika desberdinek posible egin dute boomer deritzon belaunaldiak lan proiektu bat abiatzearen truk etxebizitza bat jabegoan izatea, eta aurrezkiekin bigarren etxebizitza bat eskuratzeko aukera izatea, inbertsioarekin jubilazioa ordaindu ahal izateko. Egoera hori mahaigaineratzen denean, belaunaldien arteko gatazka antzu bat sortzen da: helduek gazteak epaitzen dituzte hedonista, kontsumitzaile eta nagiak direla esanez. Gazteek, berriz, salatzen diete errentadunei diru-gosea besterik ez dutela. Belaunaldien arteko harremana besterik ez daude kaltetzen. Ez da auzi moral gisa ulertu behar; ulertu behar da arazo kolektibo baten aurrean gaudela eta, beraz, soluzioak kolektiboa behar duela izan.

Bestalde, higiezinen merkatuak ezaugarri propioak ditu, ez baitu besteek bezala funtzionatzen. Beste ekonomia sektoreetan zenbat eta ekoizpen handiago izan, orduan eta merkeagoa izango da produktua. Baina etxebizitzen ekonomia bestelakoa da. Autoen salmentarekin gertatzen da, baina etxeekin ez. Etxebizitza lurzoru bati lotua da, ezin da mugitu, eta oinarrizko behar bat denez, prezioak ez du mugarik; igoera mugagabea izan daiteke, erosleak duen erosteko gaitasunaren araberakoa. Etxearen negozioa ez da irabazi-negozio mugatua, baizik eta merkatu “librean” mugagabeko negozio ustiatzailea. Horregatik, etxeen erosle askok etxeak erosi eta hutsik mantentzen dituzte, prezioa igotzeko zain (espekulatzen). Etxea dagoen zonaldea berroneratzen bada inbertsio publikoen bidez, etxeak balioa handituko du inolako inbertsiorik egin gabe. Negozio bikaina! Hirigintza eta hiri-politika orkestratua sortu dugu higiezinen merkatu espekulatiboaren zerbitzurako eta erosteko gaitasuna dutenentzat. 

Etxebizitzaren arazoari aurre egiteko bideak

2026. urtean daukagun etxebizitzaren korapiloa konplexua da, faktore askok eragiten dutelako merkatuaren baldintzetan. Arazoa ikusteko leiho desberdinetatik begiratu behar dugu: historia, kultura, hezkuntza, finantzaketa sistema, etxebizitza-politikak, legedia, ingurumena, industria... Gainera, lurralde bakoitzak bere ezaugarri propioak ditu, kasuistika zehatzekin. Adibidez, Balear irletako egoera eta Nafarroakoa arras desberdinak dira, higiezinen merkatu neurrigabea finantzaketa eta arautegi orokor berdinen baitan egon arren. Martxan jarritako politika publikoek egiten dute desberdintasun nagusiena.

Prezioen igoera amaigabea eten egin behar da. Baina ebazpena ez da erraza eta ez da akzio bakar batekin konponduko. Pentsa genezake arazoa dela etxebizitza gutxi dagoela eta gehiago eraiki behar dugula. Hori burutu da Espainiar Estatuan azken hamarkadetan. Etxebizitza kopuruak bere historiako zenbateko altuena lortu du, eta hala ere, ez du etxebizitzaren prezioan beheranzko joerarik ekarri. Hau da, frogatuta dago soluzioa ez dela bide horretatik etorriko, eta aldaketarako mekanismo gehiago jarri behar direla martxan.

Helburu kolektiboa izan beharko litzateke merkatua arautu eta mugatzea, merkatu bizi bat sortuz. Denetarik egon daiteke merkatuan: prezio eskuragarrian diren etxeak, tasatuak, babes ofizialekoak, luxuzkoak, etxe handiak eta txikiak, publikoak, pribatuak, publiko-pribatuak, kooperatiban, komunitatean, jabegoan, jabego konpartituan, erabilera-lagapenean, alokairuzko prezio mugatuan, alokairu sozialean, merkatuko alokairuan... Etxe-eredu desberdin horien proportzioa lurralde bakoitzak definitu beharko du aukera eta ezaugarri propioen arabera, etxebizitza-parkearen nolakotasun bat diseinatuta. Euskal Herriko lurraldean prezio mugatuko alokairuak sortu eta izaera iraunkorrekoak (bizi proiektu bat sortzeko adinako epean) izatea arazoaren hasiera izan beharko luke (Fernandez de Betoño, 2025). 

Deskribatutako egoera desiragarria lortzea ez da merkea izango. Denbora beharko du, programa eta neurri desberdin asko batera eta elkarrekin hartzea ekarriko du, gizartearen banaketa bat eragingo du, hartutako etxebizitza-politikek lau urteko hauteskunde-epea gainditu beharko dute, eta, oro har, alderdi politikoen nazio-adostasun bat eskatuko du. Arazoan parte hartzen duten guztien artean ados jarri beharko dute eta horretarako alderdi politikoen irizpideak alboratu beharko dira ezinbestean. Negoziaketa mahaian eseri behar dira: enpresariak, bankariak, administrazioak, aktibistak eta sindikatuak. Eta bertan alokairu guztiak erabakiko dira, bai publikoak eta bai pribatuak, eta errentarien eskubideak bermatuko dira alokairu prozesu osoan. 

2026. urtean daukagun etxebizitzaren korapiloa konplexua da, faktore askok eragiten dutelako merkatuaren baldintzetan: historiak, kulturak, hezkuntzak, finantzaketa sistemak, etxebizitza-politikek, legediak, ingurumenak, industriak...

Esan bezala, hainbat programa egin beharko dira, batzuk epe laburrera begira, eta beste batzuk epe ertain eta luzera. Emantzipatze-garaian dagoen belaunaldiari erantzun bat emateko gastu publiko handia beharko da eta, aldi berean eta paraleloan, luzera begirako parke publiko, iraunkor eta eskuragarria sortzen hasi beharko da, alokairuari leku handiagoa emanez. Horretarako, administrazio publikoak tresna askotarikoak ditu eskuragarri: eraikinak erosi eta birgaitu, hutsik dauden etxebizitzak alokairu-merkatuan jartzeko programak abian jarri, lur publikoa eskuratu etxebizitzak eraikitzeko (gutxi batzuk) eta erabilera lagapenerako egoera juridikoak ahalbidetu. Beste herrialdeetan praktikan jarritakoak frogatu beharko dira: laguntza fiskalak eman alokairua prezio eskuragarrian jartzen duenarentzat, edota eremu berezietan salmenta eta alokairu prezioak mugatu. Ekintza horien guztien emaitza epe laburrean baloratu beharko du lurralde bakoitzak, neurriek merkatuan izandako ondorioen arabera, ekintza-pakete berria diseinatzeko.

Jakin badakigu sistema publikoak bakarrik ezin diola aurre egin aurrean dugun krisiari, eta horretarako sistema pribatua behar duela. Elkarrekintza publiko-pribatua landu beharko da, betiere interes publikoaren aldeko proiektuak bultzatzeko eta, akaso, irabazi-mugatuko enpresekin elkarlana sustatuta, modu sinbiotikoan, neurrizko errentagarritasun baten pean lan eginez. Bidea egiteko aukerak daude etxebizitza gehiago eraikitzeaz haratago, eta premiazkoa da. 

-

Artikulu honen idazketarako erreferentziazko liburu hauek erabili dira:

  • Javier Burón. El problema de la vivienda. Cómo desactivar la bomba de relojería que amenaza con colapsar España. Arpa editores, 2025.
  • Unai Fernández de Betoño Sáenz de Lacuesta. Etxearen korapiloa nola askatu. Etxebizitza-politika justurako gakoak. Udako Euskal Unibertsitatea, 2025.
  • Jaime Gil. Generación inquilina. Un nuevo paradigma de vivienda para acabar con la desigualdad. Capitán Swing, 2026.
  • Jaime Palomeras. El secuestro de la vivienda. Por qué es tan difícil tener casa y cómo esto puede romper la sociedad. Booket, 2025.