Azaroaren 11n, asteazkenean, greba orokorra egingo dute Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan, etxebizitza eskubidea bermatzeko eta langileen pobretzeari aurre egiteko. ELA, LAB, ESK eta Steilas sindikatuek, besteak beste, egin dute deialdia, etxebizitza sindikatuen eta beste hainbat eragileren babesarekin. Egun berean greba egingo dute Espainiako Estatuan ere, baina Euskal Herriko sindikatuek deialdi propioa antolatu dute, bertako erakundeei eta patronalari zuzenduta.
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
Urriaren 13an erregistratu zuten azaroaren 11ko greba orokorra ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarearekin eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistarekin batera. Hamar egun geroago, urriaren 22an, deialdi bateratua aurkeztu zuten, etxebizitza eskubidea bermatzeko, espekulazioari aurre egiteko eta langileen pobretzea salatzeko.
Espainiako Estatuan, berriz, CCOO, UGT eta beste hainbat sindikatuk egin zuten azaroaren 11rako greba deialdia. Euskal Herriko sindikatuek egun berarekin bat egitea erabaki zuten, baina beren deialdi eta aldarrikapen propioak antolatu zituzten. Hala, deitzaileen hitzetan, “Euskal Herritik eta Euskal Herrirako greba” izango da.
Etxebizitza-krisia eta lan-prekaritatea, grebaren arrazoi nagusiak
Sindikatu deitzaileek etxebizitzaren arazoa jarri dute grebaren erdigunean. Ez dira kezkatuta dauden bakarrak: Lehendakaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak egindako azken Soziometroaren arabera, Euskal Herriko herritarren %72k etxebizitza jo du arazo nagusitzat, hots, aurreko inkestan baino hamabi puntu gehiago. Horrenbestez, etxebizitza gizartearen kezka nagusietako bat dela erakusten du inkestak.
Sindikatuen aburuz, etxebizitza eskubide izatetik langileriaren pobretzea eragiten duen tresna izatera igaro da, higiezinen negozioak eta espekulazioak herritarren bizitzen kontura aberasten jarraitzen duten bitartean. Lan eremuan ere patronalek “langileen prekarizazioa betikotzen” dutela salatu dute.
Deitzaileen hitzetan, “Euskal Herritik eta Euskal Herrirako greba” izango da
Egoera horren aurrean, Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari, udalei eta Confebask zein CEN patronalei zuzendu diete greba. Sindikatuek salatu dutenez, erakunde publikoek eta patronalek ez dute neurri nahikorik hartzen etxebizitzaren arazoari aurre egiteko. Are gehiago, haien arabera, EAJ eta UPN higiezinen patronalaren interesekin lerratu dira Madrilen, eta langileen prekarizazioan sakontzen duten neurriak ezartzen jarraitzen dute. Deitzaileek pribilegiatuen, errentismoaren, negozioaren eta kapitalaren interesen aldeko agenda ere kritikatu dute.
Zer eskatzen dute sindikatuek?
Gauzak horrela, grebaren helburua etxebizitza eskubidea pertsona guztientzat bermatzea eta etxebizitzarekin egiten den espekulazioa amaitzea da. Pobretzearen eta errentismoaren aurka egiteaz gain, soldata duinak ere aldarrikatuko dituzte. Sindikatuen arabera, etxebizitzaren auzia gai publikoa izan behar da, osasungintza eta hezkuntza diren bezala.
Helburu horiek lortzeko, hainbat neurri eskatu dizkiete administrazioei. Besteak beste, jardun espekulatiboa debekatzea eta espekulatzaileen ondasunak desjabetzea proposatu dute, baita etxebizitzak langileen beharren arabera antolatzea ere. Etxegabetze guztiak etetea, merkatuan esku hartuz etxebizitzen prezioak jaistea, alokairu-kontratu mugagabeak ezartzea eta funts putreak desjabetu eta Euskal Herritik kanporatzea ere eskatu dute. Horrez gain, etxebizitza publikoen parkea defendatu eta handitzearen alde egin dute.
Lan arloan, berriz, Euskal Herriko testuingurura egokitutako soldata duinak aldarrikatu dituzte, gutxienez hileko 1.500 eurokoak. Martxoaren 17ko greban ere egin zuten eskaera hori.
Arratsaldean, berriz, 70 mobilizazio baino gehiago egingo dituzte Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan eta beste hainbat herritan
Mobilizazioak Hego Euskal Herrian
Greba eguneko mobilizazio nagusiak eguerdian egingo dituzte, Euskal Herriko hiriburuetan eta Eibarren. Hona hemen iragarritako deialdiak:
- Eibar: 12:00etan, Untzaga plazatik.
- Bilbo: 12:30ean, Arriaga plazatik.
- Donostia: 12:30ean, Pio XII.a plazatik.
- Gasteiz: 12:30ean, Bilbo plazatik.
- Iruñea: 12:30ean, Gazteluko plazatik.
- Tutera: 12:30ean, Foruen plazatik.
Arratsaldean, berriz, 70 mobilizazio baino gehiago egingo dituzte Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan eta beste hainbat herritan. Hiriburuetako manifestazioak 18:00etan abiatuko dira: Bilbon, Plaza Eliptikotik; Donostian, Bulebarretik; Gasteizen, Andre Maria Zuriaren plazatik; eta Iruñean, Baluartetik.
Horrez gain, eskualde eta herri ugaritan ere deitu dituzte mobilizazioak. Etxebizitza sindikatuek, gehiengo sindikalak eta herri mugimenduko hainbat eragilek herritarrak deitu dituzte grebarekin bat egitera eta arratsaldeko protestetan parte hartzera.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta