• EKONOMIA
  • Etxejabeentzako aseguru publiko bat bultzatuko du Jaurlaritzak

Etxejabeentzako aseguru publiko bat bultzatuko du Jaurlaritzak

Maizterrek eragindako egoerei eta kalte materialei aurre egin ahal izateko doako asegurua izango da. Alokairuaren merkatura ateratzeko zalantzak dituzten jabeei "segurtasuna" eman nahi dietela adierazi du Denis Itxasok

Denis Itxaso, gaur, Donostian, House Action topaketan | Argazkia: Irekia
Denis Itxaso, gaur, Donostian, House Action topaketan | Argazkia: Irekia
2025eko azaroaren 19a - 12:57
Eg. 2025eko azaroaren 20a - 14:54

Aloka+ izeneko programa jarri nahi du abian Eusko Jaurlaritzak, zeinak helburu izango duen gune tentsionatuetan erreferentziazko prezioen indizearen araberako alokairuak sustatzea. Zehazki, doako aseguru publiko bat eskainiko die Jaurlaritzak etxejabeei; hauek, ordaintzen ez duten maizterrek eragindako egoerei eta kalte materialei aurre egin ahal izateko.

 

Donostian egiten ari diren House Action nazioarteko lehen kongresuan baitan hitz egin du Denis Itxaso Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak, eta bertan eman du programa honen berri. Zehaztu du tentsio handiko eremuetan eta erreferentziazko prezioen indizearen arabera alokatzen duten etxejabeei soilik eskainiko zaiela asegurua.

Sailburuak azaldu duenez, Aloka+ekin "etxebizitza alokairuaren merkatura ateratzeko zalantzak dituzten jabeei segurtasuna eman nahi zaie". Alokairuaren prezioen igoera “murriztu, arindu eta geldiarazten” saiatzen ari direla argitu du, eta, aldi berean, jabeei “segurtasun-elementu berriak” eskaini nahi zaizkiela esan du.

 

Donostiako Tabakaleran egiten ari dira gaur House Action nazioarteko topaketa, eta 300 bat eragile elkartu dira bertan. 30 udalerritako ordezkariak eta nazioarteko adituak bildu dira, eta egungo etxebizitza krisiari aurre egiteko gogoetak plazaratzeko aukera izan dute. Itxasok gogoratu du etxebizitza “premia handiko ondasuna” dela, eta hori dela eta, bere prezioa mugatzeko “esku-hartu” beharra dagoela.

Era berean, nabarmendu du Jaurlariztaren Etxebizitza sailak aurrekontu "errekorra" izango duela 2026an, eta horri esker 3.669 etxebizitza eraikiko dituztela, 596 milioi euroko inbertsio metatuari esker. "Aurrekaririk gabeko apustua da, parke babestua indartzeko eta erantzun publikorako gaitasuna biderkatzeko", gaineratu du.

Zedarriaken proposamena "oso interesgarria"

Etxebizitza sailburuak Zedarriakek atzo aurkeztu zituen proposamenen gaineko balorazioa egin du. Hainbat enpresarik osatzen duten foro honek atzo plazaratu zuen arrisku-kapitaleko funts bat sortzea higiezinen ondarea likidezia bihurtzeko, etxea galdu gabe. Era berean, egungo parkea aktibatu eta eraldatu nahi du Zedarriakek, bost urtean 10.000 etxebizitza mobilizatuta, etxebizitza hutsak merkatura ateraz.

"Oso interesgarria da eta ospatu beharreko zerbait da sektore ekonomikoek arazoan esku-hartzea, orain arte ikusi baitugu etxebizitza eta haren eskasia klase ahulenen arazo gisa ikusten zela", azpimarratu du sailburuak. "Etxebizitzaren egungo krisia zerbait bada, klase ertain guztiei eragiten dien” afera dela, eta “ondorio ekonomiko larriak” dituela ere gehitu du.