• EKONOMIA
  • Etxeko langileentzako hitzarmen bat ezartzearen alde egin du Eusko Legebiltzarrak

Etxeko langileentzako hitzarmen bat ezartzearen alde egin du Eusko Legebiltzarrak

EH Bilduk aurkeztutako proposamenak EAJren, PSEren eta Sumarren babesa jaso du, eta ELAk Lan Sailari eskatu dio erabakia lehenbailehen gauzatzeko

Argazkia: ELA
Argazkia: ELA
2026ko urriaren 23a - 13:21
Eg. 2026ko urriaren 23a - 13:21

Eusko Legebiltzarrak etxeko eta zaintza langileentzako erreferentziazko hitzarmen bat ezartzearen alde egin du, EH Bilduk aurkeztutako legez besteko proposamenari EAJren, PSEren eta Sumarren babesa eman ostean. Ekimenak etxe-enplegatzaileen elkarte bat sortzeko urratsak egitea planteatzen du, sektoreko hitzarmen kolektiboa negoziatu ahal izateko. Hori lortu bitartean, indarrean dagoen beste hitzarmen bat sektore horri aplikatzea proposatzen du.

 

ELAk bi urte baino gehiago daramatza neurri hori eskatzen. Sindikatuak Bizkaiko etxez etxeko zerbitzuaren hitzarmen kolektiboa hartu nahi du erreferentziatzat, eta orain Lan Sailari eskatu dio proposamena gauzatzeko. Horretarako, Langileen Estatutuaren 92. artikulua aplikatzea planteatu du; horrek aukera ematen du indarrean dagoen hitzarmen baten ondorioak patronalik ez duen sektore batera zabaltzeko.

Sindikatuaren arabera, etxeko eta zaintza langileek oraindik ez dituzte gainerako langileen eskubide berak, eta ez dute negoziazio kolektiborako eskubiderik. Sektorea emakumeek eta migratutako pertsonek osatzen dute nagusiki, eta ELAk uste du hitzarmen kolektibo bat izateak haien lan-baldintzak hobetzen eta soldata-arrakala murrizten lagunduko lukeela.

 

ELAk salatu du zaintza-sistemaren pribatizazioak eta prekaritateak eragina dutela langileen baldintzetan. Sindikatuaren esanetan, familia askok ez dituzte zaintza-beharrak zerbitzu publikoen bidez asetzeko aukerak, eta etxeko langileak kontratatu behar izaten dituzte. Horregatik, Lan Sailari eskatu dio sektorearen lan-baldintzak hobetzeko neurriak har ditzala.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain