• EKONOMIA
  • Hiru prestakuntza ibilbide jarriko dira martxan irailean Goierrin

Hiru prestakuntza ibilbide jarriko dira martxan irailean Goierrin

Laneratzea sustatzeko gastronomia, lorezaintza eta arreta soziosanitarioa landuko dira saioetan

Elkar EKIN programaren baitan antolatu dira prestakuntza saioak | Argazkia: Goieki
Elkar EKIN programaren baitan antolatu dira prestakuntza saioak | Argazkia: Goieki
2025eko irailaren 9a - 12:25

Goierrin laneratzea sustatzeko hiru proiektu jarriko dira martxan datozen hilabeteetan, Elkar EKIN Lanean programaren baitan: Sukaldatu Goierri, Zaindu Goierri eta Loratu Goierri. Horietako bat, Sukaldatu, ibilbide berria da, gastronomiara bideratutakoa; gainerako biak errepikatu egingo dira, aurrez izan duten arrakastaren ondorioz. “Errealitate sozioekonomikoaren eta lan-merkatuaren premien araberakoak” dira prestakuntza ibilbideak, Goierri eskualdeko lan-inklusio sareak (Goieki, Caritas Goierri, Sarea Fundazioa, Gurutze Gorria, Ede Fundazioa, Goierri Eskola, Prospektiker, Biok zerbitzuak eta udaletako gizarte langileak) diseinatutakoak, hain zuzen.

 

Hiru ibilbideak ezagutzera emateko aurkezpen saioak egingo dira Goiekiko bulegoetan, irailaren 9an, goizeko 10:00etan eta arratsaldeko 15:00etan. Parte hartu nahi dutenek hizkuntza eta matematikako proba txikia egin beharko dute, eta txanda eskatu beharko dute banakako elkarrizketa bat egiteko.

Sukaldatu Goierri

Lehenengo prestakuntza ibilbidea, Sukaldatu izenekoa, proiektu berria da, eta hainbat eragileren arteko elkarlanari esker egingo da. Ostalaritzaren sektoreko eragileen eskaerari erantzuna emateko sortu da Sukaldatu, profesional kualifikatuen eskasia antzeman baitzuten. Horregatik, parte hartzen duten ikasleek aukera izango dute Goierriko gastronomia eta eskualdeko baliabideak ezagutzeko, baita sukaldeko “oinarrizko konpetentzien” inguruko klase teoriko-praktikoak jasotzeko ere, Goiturren eta Goierri Eskolaren laguntzaz. Prestakuntza amaitzean, ikasleek elikagaien manipulazioaren titulua jasoko dute eta gutxienez 80 orduko praktikak egingo dituzte. Irailaren 23an jarriko da martxan programa.

 


Zaindu Goierri

Zaindu Goierrik gizarte-langileen eskaerari eman dio erantzuna 2024ko otsailetik 2025eko maiatzera bitartean. Izan ere, ibilbideari esker ikasleek mendekotasuna duten pertsonei etxean arreta soziosanitarioa emateko bigarren mailako ziurtagiri profesionala eskuratu dute. Ikastaroak izan dituen emaitza positiboaren ondorioz, irailaren 22an errepikatuko da berriro ere ibilbidea. Hala, 55 orduko formakuntza soziosanitarioa jasoko dute parte-hartzaileek CREKAN Elikadura eta Osasun Heziketaren eskutik, eta, jarraian, EDE Fundazioak gidatutako 60 orduko saioetan landuko dituzte konpetentzia soziolaboralak.

Loratu Goierri

Loratu Goierri ibilbidea ere beste behin errepikatuko da, hirugarren aldiz. Helburua lorategi, parke eta berdeguneen mantentze lanetan prestakuntza espezializatua eskaintzea da, Fraisoro Eskolaren eskutik, ikasleek funtsezko ezagutzak eta trebetasunak eskura ditzaten. Ibilbidea amaitzean 80 orduko praktikak egiteko aukera ere izaten dute parte-hartzaileek.