Greba Feminista Orokorra: nola heldu gara honaino?

Euskal Herriko Mugimendu Feministak antolatuta, Greba Feminista Orokorra egingo da gaur Hego Euskal Herrian lehenbizikoz. 2018 eta 2019an egin ziren aurreko grebak, baina aldarri feministak XX. mendetik datoz

Argazkia: Europa Press Argazkia: Europa Press

Greba Feminista Orokorra egingo da gaur lehenbizikoz Hego Euskal Herrian. Zaintza eskubide kolektiboaren alde lelopean Euskal Herriko Mugimendu Feministak, ELA, LAB, Steilas, ESK, EHNE, Etxalde eta CGT sindikatuen babesarekin Hego Euskal Herriko sektore oro deitu du grebara, izan langile, pentsiodun edota ikasleak, eta mobilizazioak antolatu dituzte lurraldeko hainbat udalerrietan.

Mugimendu feministak zaintzaren afera jarri nahi izan du aurtengo mobilizazioen erdigunean. Zaintza lanak feminizatuta eta prekarizatuta gogorarazteaz harago, egungo zaintza sistema pribatua irauli, eta sistema publikoa indartzearen aldeko aldarria egingo dute. 2018an eta 2019an egindako greba feministen ostean dator gaurkoa. Baina, kasu honetan, “orokorra” abizena erantsi behar zaio, Hego Euskal Herrian 1979tik egingo den 26. greba orokorra, hain zuzen.

Hala, goizean goiz piketeak antolatu dituzte, eguerdi aldera hainbat ekintza egingo dira, eta arratsaldean manifestazioen txanda izango da. Bilbokoa Jesusen Bihotzatik abiatuko da 17:30etan. Donostiako Antiguako tuneletik, Gasteizkoa San Anton plazatik eta Iruñeako Antoniuttitik irtengo dira arratsaldeko 18tan.

Euskal Herriko mugimendu feministaren jatorria

Aurtengo martxoaren 8ko mobilizazioen harira antolatu du mugimendu feministak gaurko greba orokorra, eta azken urteotan egindako grebei hartuko die lekukoa. Martxoaren 8ko grebaren ondotik, iragarri zuten zaintza hizpide izango zuen greba orokor bat deitzeko asmoa. Aitzitik, Euskal Herriko mugimendu feministak 1960ko hamarkadaz geroztik dihardu askotariko ekintza, jardunaldia eta mobilizazioak antolatzen. Garai hartan, feminismoak Ipar euskal Herrian hartu zuen batik bat indarra, 68ko ikasle mugimenduaren baitan emakume askok gizonekin batera hartu baitzituzten kaleak. Lapurdin eman zen Euskal Herriko mugimendu feministaren abiapuntua, Hego Euskal Herrian, frankismoa dela eta, aldarrikapen hauek zapalduak izaten zirelarik.

Lehen topaketa eta jardunaldi feministak 1977an egin ziren Hego Euskal Herrian

Lehen topaketa eta jardunaldi feministak 1977an egin ziren Hego Euskal Herrian. XX. mendeko azken bi hamarkadetan zenbait aurrerapen izan ziren, besteak beste, 1981ean dibortzio eskubidea onartu zen eta 1985ean baldintzapeko abortuan lege erreforma egin zen. Bere sorreratik, Euskal Herriko Mugimendu Feministak bost jardunaldi feminista antolatu ditu urte guzti hauetan, azkena 2019an egin zuten Durangon.

Islandiarrak, greba feministen aintzindari

Nazioarteko greba feministei dagokienez, lehenengoa edo entzutetsuena akaso 1975 urriaren 24ean Islandiako emakumeek egin zutena izan liteke. Soldata arrakala salatzearren, herrialdeko emakumeen %90k beren lanpostua utzi zuten 24 orduz, lana uzteak ekonomian eragin zezakeen kaltea erakusteko asmoz. Redstockings izeneko antolakunde feministaren egitasmoa izan zen. Egun hartan, arratsaldeko 14:30tan, lan egunaren %65 egiten zuten unean, –gizonen soldataren %65 zen emakumeena– 25.000 emakumek Reykiavikeko kaleak hartu zituzten.

Kasik hiru hamarkada beranduago hasi ziren munduko hainbat herrialdeetan nazioarteko greba orokorra egiten, 2000. urtean, hain zuzen ere, eta gerora, martxoaren 8ko Emakumeen Nazioarteko Egunarekin jarraipena izan du.

1975ean, soldata arrakala salatzearren, Islandiako emakumeen %90k beren lanpostua utzi zuten 24 orduz

1977an Nazioa Batuen Erakundeak (NBE) izendatu zuen Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna martxoaren 8a. Aitzitik, bere jatorria mende XIX. mende bukaera eta XX. mende hasierako mugimendu feministetan du. Clara Zetkin alemaniar politikari komunistak 1910ean, Kopenhagen egindako Nazioarteko Emakume Sozialisten bigarren konferentzian proposatu zuen emakume langilearen nazioarteko eguna ospatzea. Jada Estatu Batuetan otsaila amaieran egiten zen Women´s day egunean inspiratu zen Zetkin. Hala, Emakume Langileen Nazioarteko lehen eguna 1911ko martxoaren 19an egin zen Danimarkan, Alemanian, Austrian eta Suitzan. Euskal Herrian 1977an ospatu zen lehen aldiz egun hau, Bilbon egin zen manifestazio batekin.

Zaintza erdigunean

Orduko aldarrietatik gaurkoetara aldaketak eman dira, sufragio unibertsala esaterako, baina, beste beste eskaera batzuk, tamalez, indarrean diraute, soldata arrakalarena kasu. Gaurko greban ostera, zaintza izango da erdigunean, emakumeek kasik erabat bere gain hartu duten jarduera.

2019an, Hego Euskal herrian egindako martxoaren 8ko greba esaterako bost ardatzetan antolatu zen: pentsioak, ikasleak, zaintza, enplegua eta kontsumo greba feminista

Azken urteotan egindako greba feministetan zaintzaren afera mahaigaineratu nahi izan da. 2018an nazioarteko lanuzte eguna egin zen, eta 2019an, Hego Euskal herrian egindako martxoaren 8ko greba esaterako bost ardatzetan antolatu zen: pentsioak, ikasleak, zaintza, enplegua eta kontsumo greba feminista. Espainiako estatuko greban ere zaintza izan zen, kontsumoa, hezkuntza eta lanarekin batera aldarri nagusietako bat.

Gaurkoak badu berezitasuna, hortaz. Gaur ez baita martxoaren 8a eta genero arrakalaren gainerako auziak alboratu gabe; zaintza du erdigunean, orokorra abizenarekin.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK