2026. urterako SMI gutxieneko soldata %3,1 igotzea proposatu du gaur Espainiako Gobernuak; hots, hilean 1.221 eurokoa hamalau ordainsaritan banatuta. Joaquin Perez Rey Lan Estatu idazkaria CCOO eta UGT sindikatuekin eta patronalarekin bildu da SMIaren eguneratzeari buruz eztabaidatzeko, eta bertan egin die proposamena gizarte eragileei.
Proposamenak gutxieneko soldata 1.184 euro gordinetik 1.221 euro gordinera igotzea ekarriko luke, hau da, 37 euro gehiago hilean. Perez Reyren arabera, igoera honekin SMIa irabazten dutenek errenta zerga ordaintzetik salbuetsita jarraituko dute. Lan Estatu Idazkariak nabarmendu du elkarrizketa "zintzoa eta eraikitzailea" izan dutela eta bai patronalak bai sindikatuek proposamena aztertzeko konpromisoa hartu dutela.
Nolanahi ere, CEOEren babesa lortzea zaila izango du Madrilek, izan ere, patronalak %1,5eko igoera proposatu du 2026erako. CCOOk eta UGTk, berriz, %7,5 handitzea proposatu zuten.
Hego Euskal Herriaren kasuan, azken hilabeteetan sindikatuek lanbide arteko gutxieneko soldata propioa aldarrikatu dute. ELAk, LABek, ESK, Steilas, Hiru eta Etxaldek herri ekinaldi legegile bat aurkeztu zuten Eusko Legebiltzarrean, baina ez zen aurrera atera. Nafarroan ere foru gobernuak eta CEN patronalak ez dute begi onez ikusi sindikatuen proposamena.
Egun, Espainiako SMIa herrialdeko batez besteko soldataren %60tik gora dago, nazioarteko erakundeek aholkatzen duten gisan. Aitzitik, Hego Euskal Herriko batez besteko soldata Espainiakoa baino handiagoa da, eta sindikatuek iritzi diote gutxieneko soldata propio bat beharrezkoa dela. Hala, sindikatu abertzaleek SMI propio baten aldeko greba orokorra dute deituta martxoaren 17rako.