Matematika gradua ikasi zuen, zertarako balio zuen argi izan ez arren. Gradua amaitu ondoren, hizkuntza-prozesamenduari buruzko masterra egin, eta hala iritsi zen itzulpen automatikoaren eta hizkuntza-eredu handien inguruko ikerketak egitera. Bide horretan egindako lanagatik, Gladys saria jasoko du gaur Harritxu Gete Ugartek, Vicomtech zentro teknologikoko ikertzaileak. Epaimahaiak bere ibilbidea aitortu du, euskararako erabiltzen diren itzultzaile neuronalen garapenean egin duen lanagatik eta lan horietan genero-ikuspegia txertatzeagatik.
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
Gladys saria irabazi duzu. Espero zenuen?
Ez. Egia da duela hiru urte-edo apuntatu nintzela. Hasieran ez neukan apuntatzeko asmorik ere, pentsatzen nuelako “nola emango didate sari hau niri?”. Gero ikusi nuen aurreko urteetako beste saritu batzuen ibilbidea zein zen, eta pentsatu nuen agian nirea ez zegoela hain urruti. Beti pentsatzen duzu saritua izango dela norbait egin duena sekulako zerbait, baina konturatu nintzen saria jaso zutenek agian bazutela nire antza. Orduan bidali nuen hautagaitza, baina ez zidaten saria eman. Hala ere, urtero badaezpada curriculuma berritzeko esaten zidaten. Berritu egin izan dut, baina orain ez nuen halakorik espero. Sorpresa hartu nuen deitu zidatenean.
Zer esan nahi du zuretzat horrelako sari bat jasotzeak?
Ikerketa munduan askotan lana egiten duzu, demagun, artikulu bat idazten duzula, eta badakizu zure lan berdina egiten duen jendeak irakurriko duela, baina pentsatzen duzu zure lana hor geratzen dela, ez doala inora gehiago. Horrelako sariekin konturatzen zara jendeak baloratu egiten duela egiten duzun lana.
Matematika gradua egin zenuen, baina itzultzaile neuronalen zein hizkuntza-eredu handien alorrean egiten duzu lan. Betidanik jakin izan duzu hori egin nahi zenuela?
Kasualitatea izan da. Nik matematika ikasi nuen karrerak zertarako balio zuen jakin gabe ere. Mundu guztiak galdetzen zidan ea irakasle izango ote nintzen, eta karrera amaitu nuenean oraindik ez nintzen galdera hori erantzuteko gai. Gradua amaitzean, elkarrizketak egin nituen enpresa batzuetan, baina ez ninduenez ezerk bereziki motibatzen, masterrak begiratzen hasi nintzen. Hizkuntza-prozesamenduari buruzko masterra topatu nuen, Donostian bertan, eta interesgarria egin zitzaidan, hizkuntzen mundua ere beti interesatu izan zaidalako. Nahi nuen zerbait praktikoagoa egin, eta horretan hasi nintzen kasualitatez; pila bat gustatu zitzaidan, eta tesia eta guzti egin dut azkenean.
Zertan datza zure tesiak, labur azalduta?
Itzulpen automatikoa egiten duzunean gaur egun oraindik ere arazo bat izaten da: esaldiz esaldi itzultzen da. Ondorioz, batzuetan testuingurua ez da berdin mantentzen. Saiatu gara itzulpenak egiteko gaur egun erabiltzen diren metodoak testuinguru zabalagoetara zabaltzen.
Adibidez, euskaratik gaztelaniara itzultzen duzunean asko nabaritzen da. ‘Bera’ hitza itzultzean zer esan nahi duzu, él edo ella? Testuingurua zabalagoa bada, erantzun zuzena zein den jakin dezakezu; beste batzuetan horrela ere ez duzu erantzuna jakingo, baina esaldiz esaldi egiten baduzu, askoz zailagoa da.
"Horrelako sariekin konturatzen zara jendeak baloratu egiten duela egiten duzun lana"
Genero-alborapenak landu dituzu zure ikerketetan. Aurkitu duzunaren adibiderik jar dezakezu?
Tipikoena: ‘mediku’ esaten baduzu, itzultzen du el médico. ‘Erizaina’ jartzen baduzu, la enfermera. Lanbideekin asko nabaritzen da. Gainera, konturatu ginen gehien gehienetan, hizkuntzaren arabera baina adibidez alemanera edo frantsesera itzultzean, itzultzen zuela ia ia dena maskulinoan, nahiz eta izan lanbide feminizatu bat.
Horrelakoak ekiditen saiatzen gara, baina oso zaila izaten da. Askotan galdetu didate, “baina zergatik ez dut jarriko la enfermera, datuetan hori agertzen bada?”. Egia da sistemak datuetan dagoena ikasten duela, eta agian nahi duzu hori —la enfermera— jarri, baina aprobetxatu egin behar dugu, gure lanaren eta teknologia hauen garapenaren bitartez, ez soilik islatzeko datuetan dagoena, baizik eta pixkanaka joerak aldatzen joateko.
Zergatik esango zenuke dela garrantzitsua hori lantzea?
Askotan ez zarelako akatsaz konturatzen. Zuk irakurtzen duzu testua eta ongi dagoela ematen du, baina orduan buelta pixka bat eman behar izaten diozu. Zergatik aukeratu du hitz hau eta ez beste hau? Horren harira, konturatu gara saiatu behar zarela hasieratik hori begiratzen, datuak aukeratzen dituzunean, geroago konpontzea zailagoa baita.
Hizkuntza teknologien arloan zein erronka nagusi ditu gaur egun euskarak?
Batez ere euskara bera erabiltzea. Nahiz eta euskara jakin eta jende euskalduna izan, teknologiari buruz hitz egiten hastean kostatzen zaizu euskaraz egitea. Nik neuk, adibidez, tesia ingelesez idatzi nuen. Tesiaren laburpena soilik idatzi behar izan nuen euskaraz, eta asko kostatu zitzaidan. Hori normalizatu egin behar da, zeren eta gainera hemen egiten da lan pila bat hizkuntzaren munduan; kongresuetan jende euskaldun pila bat topatzen duzu, hizkuntzalari asko daude, eta jendeak interes handia du… baina gero zaila da teknologiaren munduan euskara erabiltzea zure egunerokotasunean.
Hizkuntza teknologiek aukera berriak, positiboak, ekar ditzakete hizkuntzarentzat?
Bai, orain adibidez itzulpen automatikoarekin gertatzen da. Beti dago jendea pentsatzen duena teknologia horrek kentzen diela lana itzultzaileei. Adimen artifizialarekin hori gertatzen da, lehen eskuz egiten ziren lan batzuk jada ez daudela; baina era berean, itzultzaile automatikoagatik ez balitz gauza asko eta asko ez lirateke euskaraz jarriko. Adibidez, euskaraz ondo ez dakien pertsona batek webgune bat egiten badu, itzulpen automatikoak ematen dio aukera webgunea euskaraz jartzen saiatzeko. Lehen, ez luke itzultzaile bat kontratatuko hori egiteko. Arazoak ere sortzen ditu, gauza guztiak ez direlako zuzen itzultzen, baina uste dut lagungarria dela euskara jende gehiagorengana heltzeko.
"Kongresuetan jende euskaldun pila bat topatzen duzu, hizkuntzalari asko daude, eta jendeak interes handia du… baina gero zaila da teknologiaren munduan euskara erabiltzea zure egunerokotasunean"
Positiboki ikusten duzu, beraz?
Bai, betiere kontuz erabilita. Argi dago jende askok, esaterako institutuan, lan bat euskaraz idatzi beharrean, erdaraz idatzi eta guztia zuzenean itzultzeko erabiltzen duela teknologia. Orokorrean adimen artifizialarekin gertatzen ari dena, ezta? Oso potentea da eta aukera asko ematen ditu, baina modu berean, arrisku asko ere badakartza. Jakin behar da nola erabili.
Euskararen gaiarekin jarraituz, etorkizunera begira sektorean aldaketa gehiago izango direla uste duzu?
Ez dakit. Uste dut lan handia egiten ari dela sektorea. AArekin orain aldaketa pila bat egoten ari dira, eta uste dut lan asko egiten ari dela euskara bertan egoteko. Euskararen tamaina eta hiztun kopurua kontuan izanda, eredu onak dauzkagu jada euskaraz. Beraz, aldaketak egongo direla seguru, baina badirudi euskara saiatzen ari dela hor mantentzen, aldaketa horietan ere euskara sartzen.
Zure lana ez da ikerkuntzara mugatzen: dibulgazioan ere aritzen zara eta neska gazteentzako erreferente izateko lana egiten duzu Inspira STEAM programako mentorea gisa edota Emakumeak Zientzian ekimenean boluntario gisa parte hartuta. Zergatik iruditzen zaizu garrantzitsua hori egitea?
Orokorrean, ez soilik emakumeentzat, baizik eta jakiteko zientziarekin zer egin dezakezun. Esan dizudan moduan, ikasi nuen matematika gradua jakin gabe zertarako balio zuen… Eta gero neskekin noski, egoten naiz Lehen Hezkuntzako ikasleekin eta ez daukate inongo erreferenterik. Zientzialariren bat edo beste, Marie Curie… baina ez dira beraiekin identifikatzen.
Beti kontatzen dut adibide bat: galdetu izan diet ikasleei ea emakume matematikari gehiago dauden gaur egun edo lehen. Normalean “orain” esaten dute, berdintasun gehiago dagoelako, baina batzuk esan zidaten “lehen”. Zergatik? “Ikasi ditugun guztiak hilda daudelako”, erantzun zuten. Ez dituzte ezagutzen egungo emakume zientzialariak edo matematikariak, eta garrantzitsua da ikasleek haiek ikustea: konturatzea beraiek bezalakoak direla, edo beraien ama edo lehengusina bezalakoak; ikustea gustatzen zaiela denetarik egitea, eta ez soilik laborategi batean sartuta egotea.
"Itzultzaile automatikoagatik ez balitz gauza asko eta asko ez lirateke euskaraz jarriko"
Inoiz sentitu al duzu emakume izateak eraginik izan duela zure ibilbide profesionalean?
Gertatzen dena da askotan ez zarela konturatzen. Agian ez duzu aukeraren bat izan eta ez dakizu zergatik, agian izan daiteke emakume izateagatik, baina agian ez. Egia da oso gutxi gaudela. Gure taldean, itzulpen automatikoa egiten ari garen taldean, gara 5-6 pertsona, ni naiz emakume bakarra eta ez dira gehiago sartzen. Teknologiaren alorrean, hizkuntzan emakume gehiago daude, eta hala ere oso gutxi gara. Batzuetan agian ez dizute aukera bat kentzen, baina hasieratik kostatzen bazaizu taldean sartzea… Emakume asko agian ez dira animatzen ze pentsatzen duzu “talde honetan zer egingo dut nik?”.
Uste duzu egoera hori aldatzen ari dela edo aldatuko dela?
Badirudi ezetz. Urte askotan zehar, matematikan konkretuki, oso emakume gutxi izan dira. Gero hasi ziren gehiago egoten, baina orain oso modan jarri denez adimen artifiziala, datuen analisia eta abar, jendeak matematikako gradua prestigiotsutzat dauka, eta berriro ere emakume gutxiago daude. Gizonak ari dira sartzen gehiago emakumeak baino. Badirudi orain emakumeak ez direla ausartzen-edo; lehen pentsatzen zenez irakasle izateko balio zuela, orduan bai, emakume gehiago zeuden. Hor arazo bat dago, zeren bazirudien dena hobetzen zihoala eta azken aldian egoera aldatu da.
Oraintxe bertan zein proiektu duzu esku artean? Zertan zabiltza?
Orain ari gara batez ere itzulpen automatikoaren kalitatea neurtzeko sistemak sortzen. Hau da, zuk testu bat itzultzen duzunean, egon dadin sistema bat zeinak esaten dizun “kontuz, hau itzuli dut baina ez nago guztiz ziur, berrikusi behar duzu”. Hor lan handia dago orain, ez dugulako lortu horrelako sistema onik, ez euskararako, ez beste hizkuntzetarako.
"Orain oso modan jarri denez adimen artifiziala, datuen analisia eta abar, jendeak matematikako gradua prestigiotsutzat dauka, eta berriro ere emakume gutxiago daude"
Zein asmo duzu etorkizunerako? Zer ikertu nahi duzu?
Galdera ona. Orain batez ere itzulpen automatikoa, baina baita ere orokorrean hizkuntza eredu handiekin lan egin nahi dut. Eredu hauek jada balio dute itzultzeko eta beste gauza batzuetarako, etorkizuna hortik dator. Guztiok gabiltza ChatGPT dela eta bestea dela. Horrekin lan egin ahal izatea, euskararekin, eta eredu libreekin, ez enpresa handiek ematen dizkiguten ereduekin soilik.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta