• EKONOMIA
  • Harrobia zaintzea, traineruari eustea

Harrobia zaintzea, traineruari eustea

Duela urte batzuk 25 haur inguru zituzten Hondarribian; iaz, berriz, 16. Hala ere, elkarteak harrobiaren aldeko inbertsioari eusten dio

Argazkia: Hondarribiako Arraun Elkartea
Argazkia: Hondarribiako Arraun Elkartea
Maite Reizabal Arregi
EnpresaBIDEAko kazetaria
2026ko abuztuaren 18a - 05:30
Eg. 2026ko abuztuaren 18a - 08:42

Lehen arraunkada, lehen entrenamendua, lehen estropada. Arraunlari baten ibilbidea ikastola garaian bertan has daiteke, kimuetatik hasi eta seniorretara iritsi arte. Urte batzuetan, kategoriak, entrenamenduak eta estropadak tarteko, haurra arraunlari bihurtzen joaten da. Hondarribiko Arraun Elkartean ondo baino hobeto ezagutzen dute prozesu hori, eta horri buruz aritu da EnpresaBIDEA Edorta Kanpandegi gerentearekin.

 
Behar zaitugu!

Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.

Arraunlari izateko lehen urratsak

Gipuzkoan, ezin dute estropadetan lehiatu kimu mailako arraunlariek, hau da, 10 eta 11 urte dituzten umeek. Lehen eta bigarren mailako kimuak dira, LH5 eta LH6ko ikasleak, eta entrenatzeko aukera baduten arren, debekatuta dute lehiaketetan parte hartzea. Horregatik, Hondarribiko Arraun Elkarteak LH6n jartzen du arreta berezia; izan ere, ikasturte hori amaitzean, umeak kimuak izatetik haurren kategoriakoak izatera igarotzen dira, eta estropadetan parte hartzen has daitezke.

Horrenbestez, maiatza iristen denean, LH6ko umeak arraun elkartera joaten dira. Arraun elkarteak herriko zazpi ikastetxeekin egiten du elkarlana, eta orotara 200 ume inguru hurbiltzen dira elkartera, izan soinketa orduan edo ikastetxeek horretarako propio prestatutako egunetan.

 

Elkartean bi saio egiten dituzte ikasleek. Lehen egunean, taldea bitan banatzen da: erdiak saio praktikoagoa egiten du eta arraun egitera joaten da, horretarako berariaz prestatutako hastapenetarako traineru batekin; gelaren beste erdiak elkartea ezagutzen du saio teorikoago baten bitartez, arraun modalitate desberdinei buruz ikasten dute, eta ergometroa zein fosoa [igerileku baten antzeko azpiegitura da, lehorrean egonda ere teknika lantzeko aukera ematen duena] erabiltzen dituzte. Bigarren saioan, taldeek rolak trukatzen dituzte.

Maiatzean egindako bi saio horien ostean, ikastetxeek zenbait ikastaro motz eskaintzen dituzte ekainean, ikasleek bela, surfa edo arrauna egin dezaten. Arraun elkarteak ere parte hartzen du bost egun inguruko proposamen horietan. Ondoren, arraunean jarraitu nahi dutenentzat beste ate bat irekitzen da: elkarteak berak antolatzen dituen udako ikastaroak. Hamabost egunekoak izaten dira, bi uztailean eta beste bi abuztuan.

Ordurako izaten da arrauna oso gustuko duela jabetu den ikaslerik. Ikastolan hasi, udako ikastaroak egin eta, azkenean, iritsi da: irailean denboraldi berriari ekiten zaio. Ordurako, duela hilabete batzuk kimua zena haurren kategoriara igaro da, hots, lehiaketetan parte har dezake. 

Gazte arraunlari gero eta gutxiago

Arraun elkarteek esfortzu handia egin arren gazteak kirolera erakartzeko, gero eta gutxiago dira haurren kategorian jokatzera iristen direnak; horrek zuzenean eragiten du hurrengo urteetako taldeetan (gazteetan, kadeteetan zein seniorretan). Hondarribiko Arraun Elkartean azken urteetan beheranzko joera hori sumatu dute, baina argi dute arazoa ez dela beraiena bakarrik: beste elkarteetan ere gauza bera gertatzen ari da. 

Datuek horixe berresten dute: Hondarribian duela urte batzuk 25 haur inguruko taldeak zituzten; ondoren, 20 ingurura jaitsi ziren, eta iaz 16 haurrekin aritu ziren. Haatik, beste elkarte batzuekin alderatuta zortedunak direla esan daiteke, ez baita ohikoa horrenbeste haur izatea. Batzuek hamar, zortzi edo lau haur baino ez dituzte. “Hala ere, ez gara konformatzen”, azaldu du Kanpandegik, "haurren kategorian hasten den belaunaldiak baldintzatuko dituelako ondorengo kategoriak". Hondarribian ia 30 gazteko taldeak izan dituzte kadeteetan, eta 28 ingurukoak gazteetan. Baina haurren taldean 15 pertsonen bueltan ibiltzen badira eta joerak urte batzuk irauten badu, hiru edo lau urte barru kopuru hori nabarmen txikiagoa izan daiteke.

Entrenatzaileen ordainsariak, materiala erosi eta mantentzea, zodiak ontzien gasolina, bidaiak, autobusak, arropa-gastuen zati bat... Elkarteak badaki gazteen arraun taldeak ez direla ekonomikoki errentagarriak

Beheranzko joera horren atzean badira zenbait arrazoi: gazteentzako kirol eskaintza inoiz baino oparoagoa da, eta aldi berean gero eta gazte gutxiago daude. “Bada beste arrazoi bat: gizartea aldatu egin da”, azpimarratu du elkarteko gerenteak. Zergatik dio hori? Bada, arraunak eskatzen duen konpromisoagatik. Haurren kategorian astean zehar bi entrenamendu egiten dituzte, eta larunbat zein igandeetan uretara ateratzen dira arraun egitera. “Gurasoek nahi dute euren seme-alabek kirola egitea, baina esaten diezunean lau egun direla astean, asteburuak barne, pentsatzen dute arrauna agian gehiegi dela”, dio Kanpandegik. Horri, gainera, denboraldiaren luzera gehitu behar zaio: beste kirol askotan maiatza edo ekaina inguruan amaitzen dira lehiaketak, baina arraunean urritik irailera luzatzen da denboraldia, uda tartean dela. “Ikusleentzat zoragarria da, baina arraunlari gaixoek ez dute deskantsurako astirik”, azaldu du Kanpandegik. Horregatik, elkartean denboraldia aurreratzearen aldeko aldarria egiten hasi dira, abuztuaren erdialderako amaitu eta gazteek gutxienez hilabete bat izan dezaten deskantsurako.

Gauzak horrela, elkartearen erronka handienetako bat da gazteak erakartzea. Kanpandegik argi du: arrauna probatzen duen gehiengo handiak, arrauna egiten jarraitzen du. “Behin haurren mailara iristen direnean, ohikoa izaten da kirola gustuko izatea, gazteek talde polita sortzea eta arrauna egiten jarraitzea”, baieztatu du. Gazteei, eta batik bat, gurasoei ateak irekitzea da, hortaz, arraun elkarteak egun duen erronkarik zailena.

Seniorretara igarotzea

17-18 urterekin beste jauzi handi bat iristen da: gazte mailatik seniorretara igarotzea. Ikasketek zaildu egin dezakete bidea, unibertsitatera joan edo ikasketak herritik kanpo egin behar baitituzte askok eta askok. Gainera, ordura arte beren adinekoekin aritu ondoren, aldaketa handia izan ohi da gazteentzat senior mailan 35 urte inguruko arraunlariekin entrenatzera igarotzea. Hondarribiko gizonezkoen taldean, aurten, hamar gazte igaroko dira seniorretara, eta Kanpandegirentzat “altxorra” da kopuru hori. B traineru bat ere badute, gazte horiek A trainerura iritsi aurretik formatzen jarraitzeko aukera izan dezaten.

Emakumezkoen kasuan, ordea, jauzia are zailagoa da. Txikitatik neska gutxiago izaten dira mutilak baino, eta seniorretara iristeko bidean kopurua mantentzea kostatu egiten zaie. Gizonezkoek B traineruaren babesa badute ere, emakumezkoetan ez dute halakorik, eta A trainerua osatzea bera da erronka. “Azkenean, ez daude horrenbeste emakumezko arraunlari kategoria guztietan aritzeko”, ohartarazi du Kanpandegik. 

Kanpandegi: “Harro sentitzen gara, ikusten dituzulako haurren kategorian hasi ziren neskak seniorretan banderak irabazten. Badakigu horretan inbertitu egin behar dela, inbertitu eta inbertitu”

Harrobia ez da doakoa

Arraunlari gazte baten kuota 35 eurokoa da hilean, bederatzi hilabetez. Lehen urtean, gainera, arropa eta ekipamendua erosteko 120 euro jartzen dituzte bai elkarteak, bai gurasoek. Osasun-azterketak, berriz, 15 euroko kostua du alde bakoitzarentzat. Hortik aurrera, estropadetako bidaiak, autobusak, ostatua eta gainerako gastuak elkarteak hartzen ditu bere gain. “Nik ez dakit esaten gazte bat elkartera iristen den lehen alditik urte bukaerara arte zein gastu suposatzen duen elkartearentzat, baina ziur beraiek ordaintzen dutena baino askoz gehiago dela”, baieztatu du gerenteak.

Arrauna ez da, gainera, kirol merkea. Entrenatzaileez gain, gazte talde batek ontzi bat baino gehiago behar ditu, pertsona batentzako, birentzako, laurentzako zein zortzirentzako prestatuak, besteak beste, eta entrenatzaileek zodiak ontziak baliatzen dituzte entrenamendua gainbegiratzeko. Horri guztiari materialaren prezio garestia eta mantentze-lanak gehitu behar zaizkio. “Arraun txoro batek 500 euro balio ditu, eta batzuetan puskatu egiten dira… izugarria da”, onartu du Kanpandegik. Estropadetara joateak ere denbora eta dirua eskatzen du: ontziak desmuntatu, bi atoi handitan garraiatu eta helmugara iristean berriro muntatu behar dituzte. Estropada amaitzean berriro ere prozesu bera egin behar da, alderantziz.

Gastuak ez dira hor amaitzen. Entrenatzaileen ordainsariak, materiala erosi eta mantentzea, zodiak ontzien gasolina, bidaiak, autobusak, arropa-gastuen zati bat... Elkarteak badaki gazteen arraun taldeak ez direla ekonomikoki errentagarriak. “Defizitarioa da guztiz, baina gu hor ez gara sartzen; hori da gure politika”, dio gerenteak. Inbertsioa, haren esanetan, etorkizunera begira egiten dute. Horren adibide da duela bi igande Hondarribian jokatutako traineru-estropada: gizonezkoen taldeak bigarren postua eskuratu zuen eta emakumezkoek irabazi egin zuten. Kanpandegi harro sentitzen da: “Harro sentitzen gara, ikusten dituzulako haurren kategorian hasi ziren neskak seniorretan banderak irabazten. Badakigu horretan inbertitu egin behar dela, inbertitu eta inbertitu”.

Kanpandegi: “Elkartearen diru-sarreren %60 eta %70 artean babesleetatik iristen zaigu"

Gastuak kubritzeko diru-iturriak 

Inbertsio horri eusteko, elkarteak hainbat diru-iturri ditu. Udalaren urteroko dirulaguntza “garrantzitsua” dela baieztatu du gerenteak, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzak ere jasotzen dituzte. Aitzitik, Kanpandegik nabarmendu du azken urteetan dirulaguntzak urritzen ari direla, kostuak handitzen ari diren arren. Elkarteak 1.500 bazkide inguru ere baditu, eta horiek sostengu ekonomikoa emanda ere, elkartearen finantzaketaren zatirik handiena babesleei esker eskuratzen dute: “Elkartearen diru-sarreren %60 eta %70 artean babesleetatik iristen zaigu. Haiek dute elkarteko zama guztia”, aitortu du Kanpandegik.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain