• EKONOMIA
  • Traineruen koloreak estaltzen dituzten markak

Traineruen koloreak estaltzen dituzten markak

Euskal Herriko enpresa askok beren irudia dute itsatsita traineruetan. Babesleak dira arraun kluben diru-iturri nagusietako bat

Kaikuren trainerua estropada batean | Argazkia: iStock
Kaikuren trainerua estropada batean | Argazkia: iStock
Joanes Marquet Lopetegi
EnpresaBIDEAko kazetaria
2026ko abuztuaren 11 - 05:30

Ama Guadalupekoan Pasquier edo Orsa edota San Nikolasen Orialki edo Iraupen. Telebistan estropadak urte luzez ikusi dituenak ondo identifikatuak izango ditu zenbait marka hainbat ontzirekin. Izan ere, arraun klubentzat babesletzak eskainitako diru-sarrerak ezinbestekoak dira, lehenik, biziraun, eta, ondoren, itsasoan lehiatzeko. Zaila da neurtzea kluben aurrekontuen zenbateko ehunekoa biltzen duen babesletzaren zatiak, klub bakoitzaren egoera ezaugarriak ez baitira berak; dirulaguntza publikoak edota bazkideen kuotak aldatu egiten dira talde batetik bestera, baina normalean %40 eta %70 artean izan ohi dira.

 
Behar zaitugu!

Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.

Punta-puntako klubek, hau da, egun lehen mailan ari direnek, urtean 500.000 euro baino gehiagoko aurrekontua izan ohi dute. Bazkide kuotek aurrekontuaren %5 eta %15 artean biltzen dute. Beste %5 eta %15 estropadetako sari, merchandising eta bestelako diru-sarrereratik datoz, eta %20-%40 inguru erakunde publikoetatik, udaletxe eta aldundi eta bestelakoetatik. Hori bai, klub txikiagoetan diru-publikoaren pisua handiagoa izan ohi da.

Mundu mailako kirol handienetan (futbola, saskibaloia, txirrindularitza…) ez bezala, arraunean klubek ez dituzte diru-sarrerak jasotzen telebista eskubideengatik. ETBk eskaini ohi ditu estropadak zuzenean, eta modu horretan, ikusgarritasuna eskaintzen dio kirolari, baina baita hura babesten duten marka eta enpresei ere.

 

Punta-puntako klubek urtean 500.000 euro baino gehiagoko aurrekontua izan ohi dute

Arraunaren atzean diren zifra ekonomikoak azaleratzea ez da erraza. Egunkari honek saiakera egin du hainbat talderekin hitz egiteko, eta datuok xehetu ahal izateko, baina ez da izan halakoak partekatzeko prest izan den klubik. Dena den, lehen mailan diren taldeen gutxi gorabeherako aurrekontuak baturik, sei milioi euro inguru mobilizatzen dituzte klubek. Horri, gainera, ligaren antolaketa, telebista-ekoizpena, sariak, estropaden logistika, tokiko babesleak eta estropadek herrietan sortzen duten eragin ekonomikoa (ostalaritza, esaterako) gehitu beharko litzaioke.

TKE ligako babesletzak

TKE Traineru Kluben Elkarteak antolatzen ditu 2003az geroztik emakumezkoen eta gizonezkoen lehen mailako txapelketak. Bada, txapelketa horiek ere babeslea dute. Gizonezkoen ligaren izena Eusko Label da eta emakumezkoena Euskotren. Gauzak horrela, hainbat enpresek txapelketa bera babesten dute, eta beste batzuek txapelketan zehar egiten diren estropadak.

Eusko Label eta Euskotrenez gain, Caixabank da egun gizon eta emakumezkoen ligaren babesle nagusia. Gainerako babesle ofizialak dira: BM, Negua, EITB, Bizkaiko Foru Aldundia, EKP Euskadiko Kirol Portuak, Bilbao Bizkaia Ur Patzuergoa eta Gertu Eraikuntzak.

 

30 babesle traineruko

Traineruen kasuan, klub bakoitzak babesle nagusi bat izan ohi du, hiruzpalau babesle handi eta gainerakoak kolaboratzaile edo bigarren mailako babesleak izan ohi dira, askotan, klubaren herriko negozio txiki, denda eta tokiko enpresak. Orotara arraun talde batek 30 babesle izan ditzake batez beste.

Besteak beste, babesle nagusi dira Orion Orialki ekipo industrialak eta makineria saltzen duen konpainia, Donostiarran Naiz Homes etxebizitza promotorea, Zierbenan Bahia de Bizkaia Electridad argindar fabrikatzailea, Ondarroan Kide hotz ganberak fabrikatzen dituen kooperatiba edota Lekittarran Elecnor ingeniaritza enpresa.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain