• EKONOMIA
  • Iker Galartza (Gure Zirkua): "Baten batek galdetu dit: honetaz bizi al daiteke? Erantzuna baietz da"

Iker Galartza (Gure Zirkua): "Baten batek galdetu dit: honetaz bizi al daiteke? Erantzuna baietz da"

Artista gazteenek "koska bat gora" eginik eta zaharrenek "dramaturgia gehiagorekin", Gure Zirkuak bere bederatzigarren bira hasi du udaberri honetan

Iker Galartza, Oñatin, Gure Zirkuaren kanpoaldean | Argazkia: Raul Bogajo / Foku
Iker Galartza, Oñatin, Gure Zirkuaren kanpoaldean | Argazkia: Raul Bogajo / Foku
Joanes Marquet Lopetegi
EnpresaBIDEAko kazetaria
2026ko maiatzaren 22a - 05:30
Eg. 2026ko maiatzaren 22a - 14:21

Zirkua beste herrialdetako kontu bat zela pentsatzen zuen Iker Galartzak gaztetan, pailazokeritan aritzen zenean, Cirque du Soleil eta Europako beste zirkuak ikusten zituenean, bai zuzenean, bai VHS bideotan. Bere hitzetan, zirkuen atzekaldeek maitemintzen zuten. Oso urrutikoa zirudien ikuskizun artistiko hura Euskal Herrian sortzea zuen amets, eta 2017an Luxenburgotik karpa bat ekarri zuen desira hura betetzeko asmoz. Harmailak eraiki eta urtebetez dena prestatzen ibili ostean, 2018ko udan egin zuen lehen bira Gure Zirkuak. Harrezkeroztik, Euskal Herrian barrena herriz herri ibili da. Bederatzi urteko ibilbide horretan EnpresaBIDEAk Oñatin harrapatu du, zirkuaren azken birako bigarren geltokian.

 

Gure Zirkuaren bederatzigarren birari ekin berri diozue, zer moduz hasi duzue?

Ondo. Bira hasierak arriskatu samarrak egiten ditugu, oraindik fresko gaudelako, neguko hiru hilabete eta erdiko atsedenaren ondoren. Guretzat urrutixeago dauden lekuetara joaten gara, igual jende gehiegi etorriko ez den eta zirkua beteko ez denetara. Aurten Enkarterrira (Bizkaia) joan nahi genuen, baina ezin izan dugu. Udaletxearekin adostasunik ez dugu lortu, zirkua jarri behar genuen lursailaren jabeak dirua eskatzen zigulako. Orduan, Olaberrira (Gipuzkoa) joan gara, alfonbra gorria jarri diguten herri batera. Zirkua bete da eta ondo hasi garela esan daiteke. Bukaera aldera, agian, apusturen bat edo beste egingo dugu.

 

Zer nobedade ditu aurtengo zirkuak? 

Dena hobea dela uste dut. Gure gazteenek koska bat gora egin dute eta oraindik hazkunde prozesu batean daude, hobetzen eta hobetzen. Edadekoek esperientzia dute: ezin dituzte lehen egiten zituzten txiri-bueltak eman, baina dramaturgia gehiago ematen diotela esan daiteke, eta beste pelikula bat kontatzen dugu. Horrek ematen diguna da gauzak aldatzeko aukera eta zirkuaren emanaldi bakoitza ez izatea numero bat bestearen atzetik.

Lehen taldekideren bat gaixo jartzen bazen, numero bat gutxiago genuen, baina orain lankide askok besteen numeroan ere parte hartzen dute. Tendentzia hori hartzen ari da Gure Zirkua. Arriskatzen duzun zerbait da, kontziente izanda beti zerbait prestatzen duzunean, azken orduko aldaketak eman daitezkeela.

Bederatzi urtetako esperientzia eta gero jakingo duzue baja bat nola kudeatu.

Bi era daude. Bat da izorratzea, eta bestea da Circo del Solen (Cirque du Soleil) egiten duten bezala hamaseigarren dantzaria ateratzea, aurrenekoak egiten duen bera egiten baitaki. Hemen Lur (Aranburu) gaixotzen bada, kontorsioa ez du beste inork horrela egingo, baina Norak (Galartza) egin ditzake beste gauzatxo batzuk. Prebisio batekin lan egiten duzu, espektakuloa muntatzen duzun momentutik. Horretan ere ikasi dugu, eta profesionaltasun puntu bat eman diogu. Asteburu honetan batek ezin du etorri azterketa duelako. Hemen jo eta su aritzen da, baina ingeniaritza egiten ari da eta astelehenean bi azterketa inportante dauzka. Hor ez dago txantxarik.

Elkarrizketaren batean esan duzu asko profesionalizatu dela Gure Zirkua bederatzi urte hauetan.

Pixka bat automatizatuagoa da muntaia, profesionalagoa. Lehen, dorretxo hauek zortzi-hamar lagunen artean altxatzen genituen, eta dena mugitu behar genuen eskuz. Orain, orgatila txiki bat daukagu. Lehen, askotan, kamioia utzi eta dena kargatu behar zen. Orain, ikasi dugu dena zer ordenatan egin. Argiek ere arduradun propioa dute.

Bakoitzak ikuskizunean daukan eginkizunaz aparte, muntai edo desmuntaiean ere bere ardura du. Gazteenek hori ere badakite. Hala ere lehen bakoitzak berea ekartzen zuen jateko; orain sukaldari bat ere badugu, eta erosketa eginda dugu beti. Inbertsio onenetako bat izan da Eloy (sukaldaria).

"Bakoitzak ikuskizunean daukan eginkizunaz aparte, muntai edo desmuntaiean ere bere ardura du"

Lantalde guztiak parte hartzen al du zirkua muntatzen eta desmuntatzen?

Bakarren batek ez. Magoak orain izan du bigarren umea, Ortzik (Acosta) lau dauzka... Muntaia astelehen, astearte, asteazkenetan izan ohi da, eta 8-10 lagun kasik egunero gaude. Olaberrian, igandean goizeko 7:30tan jaiki ginen, nik hartu nuen kamioia eta lehenengo buelta egin nuen Oñatira. Horren aurretik, baina, aurreko astean Joseba (Usabiaga) eta ni etorri ginen lekua ondo neurtzera. Duela hilabete eta erdi ere etorri ginen ikustera nondik sartuko ginen, kamioiaren biraketa nondik emango genuen, karabanak non geratuko ziren...

Igandean iltzeak sartu, eta dena neurtu eta gero, Olaberrira itzuli eta karabanak etortzen hasi ziren. Karabanak kolokatu, dutxa eta sukaldea jarri, eta dena ondo entxufatu genuen, hemen igandean lo egiteko.

Material guztia zuena al da?

Bai, dena gurea da, eta muntaia osoa egiten dugu batere laguntzarik gabe. Hasieran, lau urtez, zirku txikiago batekin hasi ginen, baina koronabirusa iritsi zenean, harekin ez genituen beharrezko neurriak betetzen, eta momentu ona iruditu zitzaigun karpa berri bat erosteko. Hasieran, karpa txikiarekin, bi aste egiten genituen herri bakoitzean, eta lankideon soldatak askoz ere txikiagoak ziren. Esango nizuke orain kobratzen dugunaren erdia kobratzen genuela. Nik fedea eta esperantza neukan, baina batzuek ikusi zuten soldata oso baxua zela egiten zen lanerako. Bizpahiru lagun joan egin ziren. Besteak hemen daude, orain doblea irabazten, soldata duin batekin. Baten batek galdetzen du: hontaz bizi al daiteke? Erantzuna 'bai' da.

Egia da karpa hau ekarri genuenean, harmailak pixka bat handitu genituela, eta orain jende gehiago sartzeko baimena daukagu. Hemen sartu daitezke Euskal Herriko edozein antzokitan sar daitezkeen bezainbeste gurpildun ahulki. Irisgarritasunean asko irabazi dugu.

Zenbateko edukiera du zirkuak?

Ia 400 pertsona sartzen dira. Lehen, txikian, 260. Zera egin dugu: prezioa pixka bat igo, eta asteburuko 5-6 emanalditik laura igaro. Hobeto bizi gara.

 DSC6648
Gure Zirkuak bere bederatzigarren bira abiatu berri du | Argazkia: Raul Bogago / Foku

Gaur egun lantaldean zenbat zarete?

18 lagun. Baina, gero, eguraldi ona egiten duen asteburuetan lankideen bikotekideak eta ingurukoak etortzen dira, eta hori ere gustura hartzen da, erratza pasatzen dutelako. Gure Zirkura etortzen denak gosaria, bazkaria eta afaria dauka, baina denek esku bat bota behar dute.

Zein egoeratan dira lankideak? Kontratatuta daude edo autonomoak dira?

Gehienak nominapean daude eta batzuk autonomoak dira, beste lan bat daukatenak. Mago batek bere kontura emanaldiak eskaintzen ditu astean zehar, enpresa edo kultur ekitaldi batean. Esan daiteke hemen muntaia astean daudenak plus bat kobratzen dutela. Datorren astean ez dago muntaiarik, orduan, erdia etxera doaz, eta beste batzuk geratuko dira hemen lasai. Hemen jendea beti dago, norberaren entrenamenduaren beharren arabera. Edozeinek etxean ez dauka trapeziotik zintzilikatzerik, malabaristak ere espazioa behar du, baita kable gainean ibili behar duenak ere.

"Hasiera horietan, karpa txikiarekin, bi aste egiten genituen herri bakoitzean, eta lankideon soldatak askoz ere txikiagoak ziren. Esango nizuke orain kobratzen dugunaren erdia kobratzen genuela"

Orain Oñatin zaudete. Zeintzuk dira hurrengo herriak?

Hemendik Bermeora goaz, Bermeotik Lekeitiora, eta gero Lekeitiotik Oriora, abuztuan beti Orion parada egiten dugulako. 3-4 aste egiten ditugu eta San Bartolometarako alde egingo dugu. Aurten Baigorrira joango gara, Baxe Nafarrora. Handik Lesakara, eta Lesakatik Errenteriara. Errenteria da karpa hau estreinatu genuen lekua. Errenteriatik Abadiñora, eta Abadiñotik Gasteizera.

Nolakoa izaten da udaletxe bakoitzarekin negoziazioa?

Lehen esaten nizun profesionaltasun horretan, bulegoan bi pertsona daude, eta hori niretzako kristorena da. Ni sketch bat entseatzen edo zirkua muntatzen aritu behar naiz; nik nirea egin behar dut. Lehen gestoriara joan eta paperak egin behar izaten nituen, baina orain nire bikotekidea dabil horretan, beste pertsona batekin. Biek egiten dute baimenen eta abarren administrazio lan hori.

Tankera lursailari nik hartzen diot, badakitelako zirkua non kabitzen den eta non ez, eta kondizioak igualak dira udaletxe denentzat. Eskatzen dugu argindarra eta ura jartzea, lursailaren okupazioaren tasak ez kobratzea eta komunak jartzea. Ez dugu esaten lagundu behar zaigunik Gure Zirkua garelako eta euskaraz hitz egiten dugulako; denentzako baldintzak horiek beharko lirateke. Gero bestela batzuk kexatzen dira zirkua garestia dela esanez: 10.000 euro kobratzen ari bazaizkit 15 egunez zirkua jartzeagatik...

Udaletxe batzuek baldintza errazagoak jarriko dizkizuete.

Noski. Leku batzuetara bi-hiru aldiz joan gara; horiek dira pixka bat komodinak. Enkarterritakoa erori zaigu, baina Olaberrikoekin jada hitz emanda geunden. Herri txikia da, 800 biztanlekoa, eta programazio asko ez du. Beasain batekin izango balitz, jada datak jarrita egon beharko zuketen urtebete lehenago.

Udaleko zinegotziarengana joan beharrizanak zeintzuk diren azaldu eta ados badaude hasten gara datak bilatzen. Baina udaletxe batek 7.000 euro tasetan gehi beste 7.000 fidantzan eskatzen badizkigu, 14.000 euro aurreratzerik ez dauzkagu, eta gainera ez dakigu zirkua beteko dugun.

Pasa izan zaizue dirua galtzea?

Bai, baina herriak apustu egiten badu aurrera goaz. Tafallan, esaterako, lehenengo emanaldian bertako ikastolako umeak zeuden; guraso bat zortzi umerekin, beste inor ez. Baina esan genuen: aguantatuko dugu hiru aste. Gainera, aitzaki ona zen, ze dokumentala grabatzen ari ginen, eta ondo grabatu nahi baldin badugu hemengo errealitatea erakutsiko dugu. Orion grabatuko dugu, zirkua beteta, Arbizun ere bai, eta gero goazen Tafallara.

"Hemen jendea beti dago norberaren entrenamenduaren beharren arabera, edozeinek etxean ez baitauka trapeziotik zintzilikatzerik, malabaristak ere espazioa behar du, baita kablean ibili behar duenak ere"

Horrelako herrietan zirkuko guztiok gorriz jantzita joaten gara kafea hartzera denok batera, marea bat bezala. Afaltzera bagoaz ere horrela goaz herrikoek ikus gaitzaten. Bigarren asteburuan 140-150 lagun joan ziren, eta azkeneko emanaldian 340. Hasieran jendeak esaten zuen denbora gehiegi zela, ez zuela funtzionatuko, 3-4 emanaldi eta bagoaz, baina honaino etorri izana aprobetxatu beharra genuen.

 DSC6751
Elkarrizketaren une bat | Argazkia: Raul Bogajo / Foku

Proiektuaren hasierara joanez, nolatan erabaki zenuen abentura hau abiatzea?

Gidoilari eta aktore izatea asko gustatzen zait, baina pailazokeriak egitea ere bai, eta orain dela 30 urte hasi ginen herritara joaten. Pailazogintza arte bat zen niretzat eta joaten ginen Txirri eta Mirri ikustea, baina baita Fofito ere, eta zirkuak ikusten genituen Bordelen, Toulousen, Daxen…. Frantzia edo Alemaniako zirkuen bideoak ere ikusten nituen, niri zirkuak "flipatzen" ninduen ume-umetatik. Amesten nuen zirku batean lan egin nezakeela. Atzekaldeek enamoratzen ninduten. Baina orduan uste genuen zirkuak beste herrialdetako gauzak zirela.

Behin herriko plaza batean geundela aktuazioa gelditu behar izan genuen hilkutxa batek pasa behar zuelako aurretik, hileta zegoen ondoko elizan. Horrelako momentuak gertatzen zirenean esaten genuen hurrena gure zirkua muntatuko dugu eta ez da horrelakorik pasako.

Ideia hutsa izatetik benetan zirkua martxan jartzera igarotzea nolakoa izan zen?

Orain urte batzuk Salouen oporretara joan eta italiar zirku bat ikustera joan ginen. Emanaldiaren atsedenaldian argazkia ateratzeko aukera zegoen zirkuko lehoiarekin, baina jendea handik aparte argazkiak ateratzen ari zen beste norbaitekin, ni nintzen. Salouen euskaldun pila zeuden eta ezagutu egin ninduten. Zirkuko batek ere ezagutu ninduen Vaya Semanitan agertzen nintzelako, eta berarekin hizketan esan nien ea zergatik ez ziren iparraldera joaten, han ez baitzegoela ia zirkurik.

Etorri ziren hona eta gero udan Laredora joan ziren; beraiekin sketch bat egin nuen. Orduan probatu nuen lehenengo aldiz zer zen pista batean lan egitea. Emozionatuta nengoen. Fratelli Rossi deitzen ziren, eta nik beraiei esaten nien zirku bat hasteko gogoa nuela; beraiek, berriz, ez sartzeko esaten zidaten, baina gero lagundu egin zidaten. Gerora, nire zirkua muntatzeko karpa bilatzen hasi nintzen Interneten, Europa osoko web orrialdeetan, merkatua dago hor.

Italiar horiek ez bazenituen ezagutuko agian gaur egun ez zen Gure Zirkua existituko?

Ba igual ez. Zirkua erostera joan nintzenean, bi bidaia egin behar izan genituen. Lehenengoan saltzaileek engainatu nahi izan ninduten. Gero, hurrengoan, italiar zirkuko nagusiak esan zidan lagunduko zidala. Dirua eman nion, konfiantza guztia jarri nuen beregan, eta berak ekarri zuen karpa. Ni haraino joaterako diru gehiago eskatu nahi zidaten, "hau hona etorri da eta ez da bueltatuko karpa gabe" pentsatu zuten. Italiarra joan zenean, zirkuko tipo bat zela ikusi zuten eta italianoz hitz egin hasi zenean...

"Uste genuen zirkuak beste herrialdetako gauzak zirela"

Karpa fitxatuta zenuten Luxenburgon.

Denak oso garestiak ziren, eta ez zituzten dorre handirik. Nik beti pentsatzen nuen nola muntatu horrelako karpa bat zortzi lagunekin. Pentsa, italiarrenean 80 lagun daude. Karpa txiki bat nahi nuen, 250 lagun sartzeko, eta ikusi nuen gure neurriak enkajatzen zutela. Egia da irisgarritasun aldetik arazoak ematen zizkigula, gurpil-aulkiak sartzeko, besteak beste.

Karpa horrek ez zuen pistarik, ez harmailarik, ez fokurik, ez dekoraturik. 2017an ekarri, baina 2018ra arte ez genuen martxan jarri. Udara oso bat harmailak egiten aritu ginen, ingeniaritza ikuskari batekin, pasilloak, distantziak... normatiba guztia ikasten.

 DSC6696
Iker Galartza gaztetatik aritu da pailazogintzan | Argazkia: Raul Bogajo / Foku

Momentu hartan ez al zenuen pentsatu "ea non sartu naizen"?

Bai, baina ilusioa handia genuen. Ezagutzen ez duzun jendea gerturatzen zaizu, zirku munduan zebiltzan euskaldunak, bat Katalunian zegoela beste bat Edinburgon, eta galdetzen dizute ea zein den plana. Beste batzuk ere ari ziren atzetik begira eta pentsatzen zuten hau telebistako tipo bat da, dirua daukana eta kapritxo bat egin nahi izan du, ea noraino sartzen naizen, ze gero igual kolpea hartuko dut.

Diru asko gastatu nuen, baina momentu horretan Alli abajo egiten ari nintzen, eta ondo irabazten nuen. Orduan zen apustu egiteko momentua; pentsatu nuen hau orain egiten ez badut, ez dut inoiz egingo. Argi neukana zen ez nuela egin nahi ordura arte kalean egiten genuena: gure showa eta gero tarteka malabaristak gonbidatu. Nahi nuena zen numero horietatik gehiago eta guretik gutxiago, ze bestela egingo genuen zirku infantil bat. Zu zure bikotearekin hona etortzea nahi nuen.

Baten batek esango zizun proiektu honekin dirua galduko zenuela.

Askok, eta dirurik gabe geratu nintzen. Telebista ezin nuen utzi, hor ateratzen baitziren lanak, eta Vaya Semanita jada gainbeheran zen. Antzerkia ere ez nuen uzten. Jendeari begitara begiratu eta esan nien nire asmoa zein zen, ea emanaldiko ehun euro ateratzen genituen bakoitzak. Askok zioten gutxi zela. Orain doblea kobratzen dute eta zortzi urte pasa dira, eta estrak ere badaude, beste edozein enpresetan bezala. Demostratu dugu beste edozein enpresa bezala izan gaitezkeela; orain, aurretik esfortzua eginda.

Nirekin 20 urte zeramatzatenak kaleetan, portikotan, eliza ataritan, antzokitan, plazatan, kultur etxeetan, herriz herri, apustua egin zuten nirekin. Beraiek eta beraien bikotekideek, ze honek familiaren babesa ere eskatzen du.

"Diru asko gastatu nuen, momentu horretan Alli abajo egiten ari nintzen, eta ondo irabazten nuen. Orduan zen apustua egiteko momentua; pentsatu nuen hau orain egiten ez badut, ez dut inoiz egingo"

Ordu hartan esango bazizuten 2026an bederatzigarren biran ibiliko zinatela, zer pentsatuko zenukeen?

Agian hain kondizio onetan egongo ginenik ez nukeen esango, ezta ere hain bira luzeak egingo genituenik. Beti asko preokupatu izan nau zirkuan lanean geratzen denak beste gauza batzuk ere egitea, beraien bolo propioak egitea. Nik utzi behar izan diot herrietara joateari eta orain hemen bakarrik egiten dut pailazoarena. Baina gazteenei esaten diet hartzeko beren boloak. Nik beren adinarekin astean zehar telebista egiten nuen eta asteburutan herriz herri ibiltzen nintzen.

Orain zortzi hilabete eta erdiko birak egiten ditugu, baina abenduko zubia eta Olentzero bitartean gelditu egiten gara. Hogei egun horietan enpresa afariak eta urte bukaerako jai asko daude eta oso data onak dira artistek beren boloak egin ditzaten. Olentzero pasa eta gero, Tolosan zirkua muntatzen dugu, han baitago karpa txikia, eta Gabonetan, emankizunak ematen ditugu errege egunera arte arte. 

Tolosan duzuen karpa txikian tailerrak eskaintzen dituzue.

Artista batzuek ezin dituzte beren bolo propioak eduki. Lurrek, esaterako, ezin du 45 minutuko espektakulo bat egin berak bakarrik. Lankide batzuk tailerrak ematen dituzte zirku txikian. Tolosako Udalarekin akordio bat egin genuen, eta erreka ondoko eremu batean dugu zirkua, gure gastuak ordainduta. 102 ume dauzkagu tailerrak jasotzen. Ez du inongo benefiziorik ematen, baina gure artistei egonkortasun txiki bat ematen die zirkua ere geldirik dagoenean.

Urte guzti hauetan topatu al dituzue zirkua osatzeko behar zenituzten artista guztiak? 

Nik antsietate puntu bat eduki nuen momenturen batean. Artista batzuk nirekin inplikatuta zeudela zeudela ikusten nuen, baina beste batzuek igual ez zeukatela nigan konfiantza handirik, ez nindutelako ezagutzen. Horiekin lan egitea zailagoa egin zitzaidan. Nik behar nuen niregan konfiantza daukan jendea. Orain ondo nago, zirkuan egon nahi duen jendea dagoelako, eta era natural batean etorri direlako.

 DSC6629
Argazkia: Raul Bogajo / Foku

Eta kosta egin zaizue profil jakin bat aurkitzea?

Azkenean daukazunarekin zer egin dezakezun pentsatzen duzu. Aurreko kontorsionistak, laugarren urtean, 50 urte zituela, uzteko asmoa zuela esan zigun, eta azaldu zen Lur aukeztu zitzaigun, gimnasio erritimikoa egiten zuela, 17 urterekin, eta hemen geratu zen, oso era naturalean. Lurrek karneta atera zuen eta jada 22 urte dauzka. Ortzik Circo del Solen egin zuen lana eta lehenago kirolaria zen. Behin bere lagun brasildar bat etorri zen eta udara batez gurekin aritu zen. 

Iñigo Barakaldokoa da, bizikletan eta monozikloan aritzen da, eta Alemanian ateratzen zaizkio kontratuak. Han kontratu onak izaten ditu eta noizbehinka joan egiten da gero bueltatzeko. Bere neska asturiarra da eta bere numeroa hemen entrenatzen dute. Daukagunarekin moldatzen gara.

"Nirekin 20 urte zeramatzatenak kaleetan, portikotan, eliza ataritan, antzokitan, plazatan, kultur etxeetan, herriz herri, apustua egin zuten nirekin"

Etorkizunera begira, zer asmo ditu Gure Zirkuak?

Lehen galdetzen zenidan, agian ez nuen espero bederatzi bira egitea, hain bira luzeak egitea, baina gauza asko ditugu probatzeko oraindik. Sukaldariak esaten dit ea zergatik ez dugun urte guztia egiten, eta nik diot egoteko lasai, orain antzerkia ere egin behar dudala. Denbora denerako izango dugu, oraindik ez ditut kartutxo guztiak agortu behar. Pentsatu izan dugu urte guztia hartu eta lasaiago ibili. Hamar herri aukeratu eta urte guztia egin. Badauzkagu gauzak diferenteak probatzeko, eta egingo ditugu.