
Gazteen emantzipazioa bultzatzen duten erakundeek nahiz administrazio publikoek esfortzu handia egiten dute egungo egoera hobetzeko, bai elkarlanean bai banaka. Hala ere, emantzipazioaren gaia erronka handia da oraindik Euskal Herrian. “Gure lurraldean, emantzipatzeko adina azkeneko hamarkadan atzeratzen joan da Europako batez bestekoa gaindituz. 26-26,4 urte tartean kokatzen da”, esan du Esti Beraza Zabalduz kooperatibako kideak eta Batzen sistemako koordinatzaileak. Azkeneko urteetan egin diren ikerketen arabera, 18-34 urte duten gazteen %31 dago emantzipatuta.
Egoera horren aurrean, Zabalduz Kooperatibak bere alea jarri nahi izan du, elkarbanatu daitekeen “produktu” bat sortuta, gazteekin zuzenean lanean jarraitzen duten bitartean.
Sistema ekonomikoaren gorabeheren ondorioek ongizate sisteman eta bizi kalitatean eragina izan dute. Gipuzkoako etxebizitzen garestitzeak, enpleguaren kalitateak, ziurgabetasunak edota laguntza publikoen konplexutasunak ez du gazteen emantzipazioa errazten. Are gutxiago, desabantaila egoeran dauden gazteak; datuak gorabehera, Gipuzkoan, 30 urte ingururekin emantzipatzen dira gazte gehienak. Aipatutako faktoreei, estrukturalki ematen diren bazterketa faktoreak (arrazakeria, matxismoa…) gehitu behar zaizkio.
Emantzipatzen laguntzeko gida
Zailtasunei aurre egiteko, sakoneko lan handia egin behar da; gazteekin autonomiaren lanketa, enpresekin sentsibilizazioa, gizartearekin orokorrean aurreiritzi edo beldurrak apurtzea... Hala, emantzipazioari lotuta Interneten sakabanatuta dagoen informazioa bateratu dute gida batean. Gida hori proiektu handiago baten barruan abiarazi den egitasmoa da; Ekinbat! proiektuaren baitan kokatzen dena. Bi urteetarako finantziazio publiko-pribatua izango du, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Kutxa Fundazioaren eskutik. 2024ko urtarrilean ekin zioten, eta hurrengo hilabeteetan amaituko dute proiektua. “Denbora, elkarrizketa asko, elkarlan handia… informazio asko jaso dugu arloan lan egiten duten aditu edo entitateengandik; beraz, inbertsiorik handiena sare-lana eta denbora izan direla esango nuke”, adierazi du Berazak.
Emantzipatzen laguntzeko gida etxebizitza, formakuntza eta lanaren esparruan existitzen diren laguntzak, baliabideak eta programak eskura edukitzeko gida bat da. “Programak eta dirulaguntzak ez dira estankoak, beraz, ezinezkoa da existitzen diren guztiak jasotzea, baina saiatu gara loturak eta kontaktuak biltzen”, adierazi du Berazak.
Esti Beraza: “Programak eta dirulaguntzak ez dira estankoak, beraz, ezinezkoa da existitzen diren guztiak jasotzea, baina saiatu gara loturak eta kontaktuak jasotzen”
Baliabideen informazio zehatza, laburra eta harremanetarako kontaktuak aipatzeaz gain, gida interaktiboa da, estekak eta QRak ditu, alegia. Zerbaitetan interesa izanez gero, informazio horretan sakontzeko aukera dago. Gainera, lau hizkuntzetan plazaratuko dute, TaPuntuko kideek landutako diseinu "erakargarriarekin". Liburuxka fisikoaz gain, online bertsioa ere sortzeko ideia dute, baliabide horiek eguneratuta mantendu daitezen.
Informazioa gazteei bideratuta dago. Edozeinentzat, baina desabantailan dauden gazteentzat balio erantsia izan dezake. Hortaz aparte, zuzenean edo zeharka gazteekin edota gazteentzat lan egiten duen profesional askorentzat ere erabilgarria izango da; hala nola gizarte langile eta hezitzaileak, integratzaileak, orientatzaileak edota irakasleak, ikuspegi sistematiko batetik, emantzipatzeko eta gizarte sustapenerako aukerak zabaltzen edo murrizten dituzten eragileak baitira.

Etxebizitza, formakuntza eta lana
Emantzipazioa kontzeptu potoloa da, eta prozesu horretan zehar aldagai asko dira kontuan hartzekoak; horietako asko ez dira gidan jasotzen (komunitatearen lanketa edo osasuna). “Hala ere, gida sortzean hiru zutabe jasotzea erabaki dugu, etxebizitza, formakuntza eta lana; oinarrizkoak diren elementuak direlako, eta bata bestearekin lotuta doazelako”, argitu du Berazak.
"Gida sortzean hiru zutabe jasotzea erabaki dugu, etxebizitza, formakuntza eta lana; oinarrizkoak diren elementuak direlako, eta bata bestearekin lotuta doazelako”
Landutako hiru zutabeek ez dute pertsonengan modu berean eragiten. Enplegua, hezkuntza eta etxebizitza erabat nahaspilatuta daude euren artean. Batak besteari eragiten dio, eta banaezinak dira. Gainera, ez dira linealak, dinamikoak baizik; hau da, ez dira orden zehatz batean ematen edo eman behar. ”Arlo sozialaren, enpleguaren, formakuntzaren eta etxebizitzaren profesional gisa, esku-hartzeak diseinatzeko momentuan errealitatearen banaketa eta antolaketa hori behar dugu”, nabarmendu du Zaira Garciak, Ekinbat! proiektuaren koordinatzaile eta Sorginlore elkarteko kideak.
Gida sustatzea eta gizarte arduran fokoa jartzea
Horrelako argitalpen batek ez du askorako balio eskuragarri ez badago. Horregatik, hurrengo pausoak bere hedapenari lotuta doaz: gida fisikoki banatu, online bertsioak zabaldu, gida erabiltzeko aurkezpen saioak egin, orientatzaileekin elkarbanatu...
“Emantzipazioaz ari garenean gizartean dugun egoera jakin batetaz ari gara; gure helburua gazteekin lan egiten dugun zerbitzu, sistema eta profesionalen arteko elkarlanaz hitz egitea da, hau guztia sustatzea, sistemen arteko aliantzan, zerbitzu publikoen arteko gurutzaketa landuaz”, dio Berazak.
Garciak gehitu du sektorea hobetzeko gakoa gizarte egituran ardura jartzean dagoela: "aurreiritziak eraistea, aukerak sortzea, zubiak eraikitzea, laneratzeko eta gizarteratzeko baliabideak erraztea, komunitateak sustatzea, zerbitzuak bateratzea edota koordinatzea, eta, batez ere, politika publikoen, publiko komunitarioan eta publiko pribatuen arteko koherentzia bermatzea".