Isaura Piñeiro: “Jubilazioan ere itsasgizonek guk baino abantaila gehiago izan dituzte”

Itsasgizonek dituzten lan baldintza berberak aldarrikatzen ditu Ondarroako Portuan lan egiten duen paketatzaileak

Isaura Piñeiro Ondarroako Portuan | Argazkia: Utzitakoa Isaura Piñeiro Ondarroako Portuan | Argazkia: Utzitakoa

Itsasoko lana ere gizonezkoekin lotu izan da urte luzez, historian zehar, gizonezkoak izan baitira itsaso zabalera arrantzara joan izan direnak, emazteak etxean utzita. Horixe izan liteke ‘itsasgizon’ hitza existitzearen arrazoia, eta hiztegietan ‘itsasemakume’ hitzik agertu ere egin ez izanarena. Baina, egiaz, badira itsasemakumeak ere, urte luzez lan asko egin dutenak. Isaura Piñeiro da horietako bat. 14 urte zituenetik paketatzaile lanetan aritu da bera Ondarroako Portuan, beste emakume askorekin batera, leku heze, hotz eta ilunetan arrainak sailkatuz eta pisu handiko kargak soinean hartuz. Lan gogorra eta zorrotza, are gehiago, lan baldintzak itsasgizonenak baino kaskarragoak direla kontuan izanda.

Urteak eman dituzu paketatzaile lanetan Ondarroako Portuan. Zer egiten du zehazki paketatzaile batek?

14 urterekin hasi nintzen paketatzaile lanetan eta duela zazpi urte lanerako ezintasuna eman zidaten. Lan gogorra da, hezetasun handiko lekuan aritu behar izaten da beharrean, beti gauez, eta pisu handiko kaxak kargatuz. Gutxien pisatzen duenak 12 kilo izaten ditu, baina askotan ibili izan gara 45 kilo inguruko pisua hartuta, zapoa bezalako arrainek halako karga izaten dutelako. Arraina txalupatik lonjara iristen denean, paketatzailearen lana izaten da izotza eta plastiko zaharra kendu, pisatu, eta plastiko eta izotz berria ipintzea. Pisuaren araberako sailkapena ere egiten da.

Edonork ezingo luke lan hori egin. Fisikoki ere egoera onean egotea eskatuko dizue lanbideak…

Guztiz. Lana fisikoa da, makurtu eta altxa ibiltzera behartzen du denbora osoan, eta pisu handiko kaxak besoetan hartuta orduak ematen dira. Horregatik izaten ditugu karpoko tunel asko, eta izorratutako gerria. Lan baldintza oso eskasetan egiten da lan: gauez, hotzak, leku hezean, irabazi eskasekin, eta soldata finkorik gabe.

“Lan baldintza oso eskasetan egiten da lan: gauez, hotzak, leku hezean, irabazi eskasekin, eta soldata finkorik gabe”

Autonomo izateak ere ez du laguntzen. Deskarga bakoitzeko fakturak paketatzaileak egin behar izaten ditu, eta hiruhileko BEZa ere norbere lana izaten da. Gehiengoak halako kontuak ulertzen ez dituenez, aholkularia ere behar izaten da eta ez da merkea izaten. Horri gehitu lanerako arropak, eskularruak, amantalak eta botak ere. Gastu handiak dira, paketatzaileak egin behar izaten baitu dena.

Itsasgizonek ere halako lan baldintzak dituzte ala egoera bestelakoa da haien kasuan?

Ezberdina da, eta aipatzekoa da orain arte emakumeok soilik aritu izan garela Ondarroako Portuan paketatzaile lanetan. Duela lauzpabost urtetik hona egoera zertxobait aldatu da, eta gizon gutxi batzuk ere hasi dira lanean orain, gehienak etorkinak. Horren arrazoi nagusia da ez dagoela belaunaldien arteko erreleborik, paketatzaileak ez duelako soldata finkorik, eta ez duelako jakiten noiz egin beharko duen lan. Autonomoak dira, baina armadoreak deitzen die lanera noiz eta zenbat ordurako joan behar duten jakinarazteko. Izan liteke astebetean hiru deskarga egin behar izatea, edo bakarra, inoiz ez da jakiten. Halako bizimodua hurrengo belaunaldientzat ez da batere erakargarria eta nabari da interes falta. Jakina, armadore horien gehiengoa ere gizonezkoa da. Itsasoko emakumeok bigarren mailan gaudela sentitu izan dut askotan.

“Autonomoak dira, baina armadoreak deitzen die lanera noiz eta zenbat ordurako joan behar duten jakinarazteko. […] Jakina, armadore horien gehiengoa ere gizonezkoa da. Itsasoko emakumeok bigarren mailan gaudela sentitu izan dut askotan”

Hain zuzen ere, itsasoko emakume zaretenon lana aitortzeko borrokan diharduzue, eta lorpen handi bat ere izan duzue aste honetan.

2001az geroztik, itsasoko emakumeontzat erredukzio-koefizientea lortu ezinda ibili gara. Hori da profesional batek erretiroa zenbat urterekin har lezakeen kalkulatzen duena, eta itsasgizonek urte askoan izan badute ere, guk aste honetan bertan lortu dugu, martxoaren 8an, Emakumearen Nazioarteko Egunean. Jubilazioan ere itsasgizonek guk baino abantaila gehiago izan dituzte, argi dago. Legedi berriak pentsioa jasotzeko gutxieneko adina gutxienez 0,15 murrizteko koefizientea jasotzen du (orain arte 0,10ekoa zen) eta, ondorioz, ohiko erretiroa baino ia lau urte lehenago erretiratzeko aukera izango dute langile batzuk. Oso berri ona da guretzat, pentsa, 67 edo 65 urterekin beharrean, 63 edo 61ekin %100ean jubilatzeko aukera izango baitute bat baino gehiagok. Adin horiekin ez dago paketatzaile lanik egiterik eta ikaragarrizko mesedea egingo digu onarpen berriak.

“67 edo 65 urterekin beharrean, 63 edo 61ekin %100ean jubilatzeko aukera izango dute bat baino gehiagok. Adin horiekin ez dago paketatzaile lanik egiterik eta ikaragarrizko mesedea egingo digu onarpen berriak”

Erredukzio-koefizientearen neurria lortu berri duzue, baina laneko gaixotasunen aitorpenaren berririk ez duzue oraindik jaso…

Hori da eskatzen dugun bestea, itsasoan lan egiten dugun emakumeon laneko gaixotasunak aitortzea, ohiko gaixotasuntzat hartzen dituztelako orain. Hurrengo erronka hori lortzea izango da, urteak daramatzagulako horren atzetik ere. Gerri eta bizkarreko gaixotasun asko izaten ditugu, lunbago eta ziatika pila, edota tunel karpianoa, eta beti gaixotasun orokor modua hartzen dituzte. Ez dira hala, lanaren ondorioz sortuak direlako, eta horiek ere laneko gaixotasuntzat hartzea nahi dugu.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK