Izar de la Hoz (Getaria, 1999) itsasoan hazi da, eta itsasorako prestatu du bere burua. Bi hilabete zituela egin zuen lehen itsas irteera, eta haurtzaroaren zati handi bat familiarekin belaontzian eman zuen mundua zeharkatzen. Gerora, bide profesionala ere norabide berean eraiki zuen: marinela, ontzi mekanikaria eta baxurako patroi tituluduna da. Hala ere, gaur egun lehorrean ari da lanean.
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
Ez bokazio faltagatik. Ez prestakuntza faltagatik. Arrantza munduan sartzeko saiakeran ate itxi askorekin egin duelako topo. Eta atea pixka bat ireki denean ere, baiezkoaren atzean “baina” handi bat agertu zaiolako.
Bitartean, itsasoarekiko lotura ez du eten nahi izan. Sare sozialetan arrantza munduaren egunerokoa erakusten du, erromantizatzen den lanbide baten alde gogorra ere azaltzeko.
Txikitatik belaontzi batean bizi izan zinen familiarekin. Nola gogoratzen duzu haurtzaro hura?
Niretzat ez zen bizimodu arraroa. Txikitatik hori izan zen nire normaltasuna. Ez nintzen hemen ohikoa den eguneroko batean hazi: eskolara joan, garraioa hartu eta halako errutina batean. Nik nire errealitatea neukan, eta ez nuen desberdintzat hartzen, nire bizitza zelako.
Gero, heldua zarenean eta Euskal Herrian urteak daramatzazunean, konturatzen zara zure haurtzaroa oso berezia izan dela. Baina txikitan ez nintzen desberdin sentitu. Askatasuna eman zidan, eta kultura asko ezagutzeko aukera ere bai: hizkuntza, zapore, kolore eta bizimodu desberdinak. Gauza bat da beste herrialdeen errealitateak telebistan ikustea; beste bat, berriz, hori aurrez aurre bizitzea.
"Nire gurasoei asko eskertzen diet ez zigutela soilik mundua kontatu, erakutsi egin zigutela"
Ikasketak ere ezohiko moduan egin zenituen, urrutiko hezkuntzaren bidez. Zer eman zizun horrek?
Nire ama irakaslea da, eta hari esker egin ahal izan genuen. Anaia eta biok urtean behin etortzen ginen azterketa orokor bat egitera, bost ordu ingurukoa, eta bide batez familia bisitatzeko ere aprobetxatzen genuen. Urtean zehar, berriz, barkuan ikasten genuen amarekin.
Ikasteko modu hark haurtzaro oso librea eman zidan, baina baita daukaguna baloratzeko gaitasuna ere. Beste errealitate batzuk ikusi genituen, eta horrek kontzienteago egiten zaitu. Nire gurasoei asko eskertzen diet hori: ez zigutelako soilik mundua kontatu, erakutsi egin zigutelako.
Itsasora bideratu zenuen zure prestakuntza. Non zaude gaur egun profesionalki?
Oraintxe bertan Andoaingo tailer batean nago lanean, lehorrean. Baina nire ikasketak beti bideratu izan ditut baxurara. Bi FP ditut: bata patroi izateko, eta bestea ontzi mekanikakoa. Lau urtez ikasi nuen baxuran sartzeko asmoarekin. Baina azkenean ezin izan dut.
Arrazoi desberdinak egon dira, baina nagusiena argia da: neska naiz, eta arrantza mundua ez dago oraindik horretarako prestatuta. Alde batetik, mentalitatea dago; bestetik, ontziak berak ez daude prestatuta. Nik ikasi nuen, titulazioak atera nituen eta saiatu nintzen, baina ate asko itxita aurkitu nituen.

Zer gertatu zen baxuran sartzen saiatu zinenean?
Ikasketak amaitu ondoren urte eta erdi inguru eman nuen praktikak edo lan aukera bat bilatzen. Ezezko asko jaso nituen. Eta baiezko gutxi horietan ere “baina” handi bat zegoen atzean.
Esaten zidaten kontuan hartzeko ez nuela intimitaterik izango: ez zegoela kamaroterik prestatuta, ezingo nintzela lasai aldatu, beste hamasei gizonekin egon beharko nuela hilabetez. Gauza bat astebete pasatzea da, eta beste bat denboraldi luze bat egitea intimitaterik gabe, gizonen aurrean arropa aldatuz edo dutxarako baldintza egokirik gabe.
Frustrazio handia izan nuen. Nirekin ikasi zuten gizon guztiek aukera izan zuten, eta nik ez. Ez nire prestakuntzagatik, ez nire gaitasunagatik; sistemak ez duelako emakume bat sartzeko baldintza normalik aurreikusten.
"Altura beste mundu bat da: barku handiagoak dira, 150 metro ingurukoak, eta Madagaskar, Ekuador edo Ozeania inguruan ibiltzen dira. Aukera handia izan daiteke, noski, baina ez zen nik bilatzen nuena"
Baxura nahi zenuen, baina alturara joateko aukera ere aipatu zizuten. Zergatik ez zen hori zure bidea?
Baxura da nik benetan nahi nuena. Herrian egon, etxean egon, gure kostaldeko arrantzan aritu. Altura beste mundu bat da: barku handiagoak dira, 150 metro ingurukoak, eta Madagaskar, Ekuador edo Ozeania inguruan ibiltzen dira. Aukera handia izan daiteke, noski, baina ez zen nik bilatzen nuena.
Hala ere, burugogorkeriagatik bada ere, berriro saiatuko naiz baxuran muturra sartzen. Eta ezinezkoa bada, itsasoarekin lotura mantenduko dut dibulgazioaren bidez.
Horregatik hasi zinen sare sozialetan arrantza mundua erakusten?
Bai. Ikusi nuen gazte askok badutela lotura arrantzarekin (aita arrantzalea edo ama saregilea dute, adibidez), baina ez dagoela informazio hori modu erakargarrian zabalduta. Gazteek gaur egun kontsumitzen duten edukian arrantza mundua oso gutxi agertzen da.
Nik tarteka aukera badut ontzietara joateko eta haien errealitatea dokumentatzeko. Dirua ematen duen edo ez, berdin zait une honetan; pasioagatik egiten dut. Nire helburua da jendeari erakustea zer den arrantza eta gazteengana informazio hau beste modu batean hurbiltzea.

Itsasoko bizimodua asko erromantizatzen da. Zer ez da ikusten kanpotik?
Lurretik oso polita ikusten da: arrantzaleak portura iristen dira, arraina ekartzen dute, tradizioa, itsasoa... Baina egunerokoan hori sufritu egin behar da. Itsasoan ez da etxean bezala lo egiten. Askotan hiru edo lau orduko loak dira, egunero. Gero egun osoa zutik egon behar da lanean, bustita, EPIarekin, kresala eta izerdia gainean... hori dena kontuan izan behar da.
Lan hau gustatu egin behar zaizu. Arraina ez dago guk nahi dugunean. Egunak edo asteak pasa daitezke ezer arrantzatu gabe, eta arrantzarik ez badago, ez dago irabazirik. Tentsio hori ez da askotan ikusten. Horregatik nahi dut dibulgazioa egin: erromantizazio hori apurtzeko.
Emakume gazte gehiago ikusi nahiko zenituzke arrantzan?
Bai, noski. Hala ere, emakumeak egon badaude, eta oso presente daude, askotan ikusten ez diren arren. Arrantzale bat etxera nekatuta iristen denean, askotan emakumea dago atzean: arropa garbitzen, janaria prestatzen, maleta egiten, hurrengo asteko guztia antolatzen. Saregileak ere emakumeak dira, eta haien lana oso gogorra da. Ez dute ordutegi finkorik: arrantzaleek sarea biharko behar badute, eguneko planak bertan behera geratzen dira.
Emakumeen papera arrantzan uste baino askoz garrantzitsuagoa da. Hala ere, gure presentzia handitu beharko litzateke eta horretarako barkuek aldaketak egin beharko lituzkete: intimitate gehiago, kamarote egokiak, emakumeak sartzeko baldintza duinak… Nik bitartean nire aletxoa jartzen jarraituko dut informazioa dibulgatuz.