• EKONOMIA
  • Hamar ikastaro eskainiko ditu Izarkom eskolak

Hamar ikastaro eskainiko ditu Izarkom eskolak

Ekainera bitartean hilabetero saio bat antolatuko du eskolak, eta telekomunikazioari zein teknologiei buruz hausnartuko da

HIlabeteko azken asteazkenetan egingo dira saioak | Argazkia: Izarkom
HIlabeteko azken asteazkenetan egingo dira saioak | Argazkia: Izarkom
2025eko irailaren 23a - 09:56

Izarkom eskolak hamar ikastaro eskainiko ditu irailetik ekainera bitartean. Batetik, telekomunikazioak eta hainbat teknologiek izan dezaketen eragina aztertuko da saioetan, “kaleko hizkuntza” erabilita; bestetik, ezagutzera emango dira Izarkomen ekosisteman dauden pertsona zein eragileak. Hala, saioen helburua izango da eztabaida sortzea, kontsumo arduratsuaren, eraldaketa sozialaren eta burujabetzaren inguruan.

 

Doako ikastaroak Bilboko Goienkale kaleko egoitzan egingo dira, hilabeteko azken asteazkenetan. Gainera, Hamaika telebistarekin lankidetzan, saioak amaitu eta astebetera igorriko dira telebistan. Ikastaroetan honako gaiak landuko dira: adimen artifiziala, fake newsak, nortasun digitala, zibersegurtasuna, pantailen inpaktua, telekomunikazio burujabetza, software askeak, sare sozialak, kriptomoda, diru digitala…

Bihar egingo den lehenengo saioak Adimen artifizialaren argi-ilunak du izena, eta Usue Mori EHUko irakasle agregatuak eskainiko du, zeinak Gladys saria irabazi berri duen.