• EKONOMIA
  • Nafarroako etxebizitza jabe handiek jabetzak aitortu beharko dituzte

Nafarroako etxebizitza jabe handiek jabetzak aitortu beharko dituzte

Hamar higiezin baino gehiago edo 1.500 metro karratu baino gehiago dituzten pertsona zein erakundeak joko dira jabe handitzat

Irailaren 11 baino lehen egin behar da aitorpena | Argazkia: Nafarroako Gobernua
Irailaren 11 baino lehen egin behar da aitorpena | Argazkia: Nafarroako Gobernua
2025eko abuztuaren 28a - 13:44

Nafarroan etxebizitza jabe handitzat jotzen diren pertsona fisiko eta juridikoek beren jabetzak inskriba ditzakete dagoeneko Nafarroako Gobernuko web atarian. Tramitea irailaren 11 baino lehen egin behar da, eta, horretarako, eskaera-inprimakia, higiezinen zerrenda jasotzen duen txantiloia eta dagokion dokumentazioa aurkeztu behar dira. Prozesua errazteko, jarraibideen gida ere argitaratu da.

 

Jabe handitzat hartzen da bizitegitarako hamar etxebizitza baino gehiago dituena, garajeak eta trastelekuak izan ezik, edo Espainiako Estatuan 1.500 metro koadro baino gehiago eraikita dituena. Aldi berean, kontuan hartuko dira Nafarroako tentsio handiko eremu izendatutako 21 udalerrietako batean dauden bost etxebizitza edo gehiagoren titularrak direnak. Betebehar horretatik kanpo geratzen dira administrazio eta enpresa publikoak.

Hala, jabe handiek Nafarroan dituzten higiezin guztiak aitortu beharko dituzte, egoitza edo helbide fiskala beste erkidego batean izan arren. Izena ez ematea arau-hauste larritzat joko da, eta 30.000 eurorainoko zigorrak ekar ditzake. Prozeduran, izena emateaz gain, aukera izango da datuak aldatzeko edo ezeztatzeko, eta, hortaz, etxebizitzen zerrenda osoa eta eguneratua aurkeztu beharko da hortik aurrerako jakinarazpen bakoitzean.

 

Hirugarren presidenteorde eta Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politiketako kontseilari Begoña Alfarok eta Etxebizitzako zuzendari nagusi Elga Molinak ostegun honetan aurkeztu dute ekimena. Alfarok nabarmendu duenez, “erregistro horrek aukera emango dio Gobernuari merkatuari gardentasuna emateko eta etxebizitza-funts handien gaineko kontrola izateko, jarraipena egin ahal izateko etxebizitzak nola kudeatzen dituzten eta legea nola betetzen den jakiteko”.