• EKONOMIA
  • Jaurlaritzak 5,5 milioi euro bideratuko ditu nekazaritzako ustiategiak laguntzera

Jaurlaritzak 5,5 milioi euro bideratuko ditu nekazaritzako ustiategiak laguntzera

Prezioen gorakadak eta lehorteek eragindako ondorio ekonomikoak arindu nahi dira ezohiko bi laguntza lerroen bitartez

Argazkia: Europa Press
Argazkia: Europa Press
2026ko azaroaren 9a - 14:16
Eg. 2026ko azaroaren 9a - 15:54

Ekialde Hurbileko krisiak eragin ekonomikoak izan ditu, besteak beste, nekazaritzaren sektorean. Hori gutxi ez eta uda garaian izandako lehorteek kalte ekonomiko larriak eragin dituzte. Bi faktore horiek kontuan izanda, ezohiko laguntzen deialdia argitaratu du Eusko Jaurlaritzak gaur, zeinak 5,5 milioi euroko aurrekontua izango duen ustiategien artean banatzeko.

 

Zehazki, bi laguntza-lerro irekiko dira: lehenengoak 575 mila euroko aurrekontua izango du, eta Ekialde Hurbileko krisiak eragindako ondorio ekonomikoak arintzea izango du helburu; bigarren laguntza lerroa, aldiz, ia 5 milioi eurokoa izango da, zeinak lehorteek eragindako kostu gehigarriak konpentsatzea izango duen xede.

Jaurlaritzak azaldu duenez, Ormuzko itsasartean izandako gorabeherek eta horrek erregaien, energiaren, ongarrien eta bestelako osagaien prezioan eragin duen gorakadak bete-betean eragin die nekazariei, batik bat esnetarako behi azienden ustiategiei, azken horien ekoizpena oso sentikorra delako prezioen igoerekiko.

 

Bestalde, lehorteen ondorioz nabarmen murriztu da ekoitzitako larreen, bazkaren eta bestelako elikadura baliabideen eskuragarritasuna, eta ondorioz abereak elikatzeko bazka gehigarria erosi behar izan da, besteak beste. 

Gauzak horrela, Eusko Jaurlaritzak kalkulatu du bi laguntza-lerroen bitartez 3.432 ustiategiri lagundu ahal izango zaiela.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain