
Hiru mahai-sektorial iragarri ditu Eusko Jaurlaritzak muga-zergen egoerari buruz eztabaidatzeko. Hau da, datozen asteetan zehar, hiru sektorerekin bilduko dira Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko saila, Ogasun eta Finantza saila, hiru foru aldundietako ordezkariak, klusterrak, eta beste hainbeste eragile, Ipar Amerikako muga-zergen eraginaren gainean hitz egiteko eta orain arte egindako analisiak eta informazioa partekatzeko.
Identifikatutako lehentasunen arabera antolatu dira mahai-sektorialak. Irailaren 15ean egingo da lehena sektore siderurgikoarekin. Nazioarteko merkataritzak sektore horretan “eragin handia” duela azaldu du Jaurlaritzak, eta gogorarazi du esportazio siderurgiko guztien %13 AEBra bideratzen direla, hots, 261 milioi euro. EAEko Parke Teknologikoaren Arabako egoitzan bilduko dira, Miñaon.
Bigarren mahai-sektorialean, hilaren 22an Bilbon egingo den horretan, fabrikazio aurreratuaren sektorea izango da oinarri. Sailburuak esan du sektore horrek lehentasuna duela, 272 milioi euro AEBra esportatzen direlako, hau da, sektoreko esportazio guztien %15. Gainera, azken produktuak %15eko muga-zerga badu ere, osagai askok %50eko zerga dute, eta horrek “arrisku gehigarriak” sortzen ditu.
Bestalde, automobilgintzaren sektorearekin bilduko da Jaurlaritza irailaren 29an, kasu honetan ere, Bilbon. Alor honetan AEBrako esportazio zuzenak gutxi diren arren (guztizkoaren %3), “zeharkako esposizio handia du” sektoreak, Frantziarekiko eta Alemaniarekiko lotura zuzena baitu euskal industriak, eta horiek AEBra esportatzen dituzte ibilgailuak.
Uda baino lehen aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzak zuzeneko laguntzen eta abalen bitartez 2.100 milioi euro erabiliko zirela industria muga-zergen aurrean defendatzeko, eta zerga horien eragina nolakoa izaten ari den ere neurtzen joan da hilabeteak pasa ahala. Azaldu dutenaren arabera, 349 milioi euro inguruko gainkostua izan dezakete EAEk AEBra egiten dituen esportazioek, eta salmentak %22-27 inguru murriztuko direla ere kalkulatu dute. Horrek, 700 milioi euro inguruko galerak ekarriko lituzke, eta EAEko BPGa %0,33 inguru jaistea eragingo luke (egungo datuetan oinarrituz gero).